Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Garizumaren ziabogan

Dokumentuaren akzioak

Garizumaren ziabogan

2007/03/30 13:07
Argia, 2007-04-01

Zumarragara ezpata-dantza egitera azkenekoz gonbidatu zutenean, 61 urte zituen. Azkenekoz diot, baina ez dakit aurretik gonbidatu ote zuten, dakidana da gehiago ez zutela gonbidatzerik izan. Jose Antonio Olanok Antioko baselizan egin zuen bere azken dantza saioa. Iztuetaren ikasle izana, gaztetan airean bi buelta egiteko gai omen zen. Ezpata-dantza egin eta Olanok berak izan zuen soka-dantzan bakarlari aritzeko ohorea. Parean Francisco Olaran zuen, dantzari bikaina eta… bera baino dezente gazteagoa. Aurreskuaren eta atzeskuaren arteko desafioan bere onenak eman zituen Olanok. Barruak hausteraino itxura denez. Dantza bukatu eta gaizki sentitu zen, etxera joan, ohean sartu eta bederatzi egunen buruan, 1882ko uztailaren 11n hil zen Jose Antonio Olano.

Marc Hanssens Antwerpenen bizi da. Ondare historiko-artistiko aberatsa, portu erraldoiaren inguruko merkataritza eta modako azken joerak biltzen dituen hiri ederrean hiritar arrunta da Marc Hanssens, baina badu ohitura berezi bat. 2006-05-27-Ezpdantz-FelipeLoyola_491 Urtero, garizuma erdian izaten da. 1971n egin zuen estraineko saioa, eta ordutik 36 urtetan ez du kalerik egin Der Antwerpener Schwerttanz delakoan. Orain egun batzuk egin du berriz. Inauteri eta Aste Santu bitartean, garizumaren ziabogan izaten da data.

Marc Hanssens eta beste 24 lagun alkondara eta praka zuriz jantzi dira, belaun azpian kaskabiloak zintzilikatu dituzte, ezpata bana hartu eta goizeko lehen orduan elizaren aurrean elkartu dira. Ezpatak elkarri eman eta danborraren erritmora dantzan hasi dira; goiz osoa eman dute Antwerpen hiri zaharraren kaleetan gora eta behera, ezpata-dantzan. Markina izan zitekeen. Edo Deba, edo Zumarraga, edo Lesaka... Baina Anberes da, eta eliza baino katedrala da aurrean dutena. Gutxienez XV. mendetik dantzatu dira ezpata-dantzak Flandesen. Euskal Herrian ere hor ingurukoak ditugu datu zaharrenak. Estrofa zahar batean jaso zuen norbaitek: “Carlos quintoren baratzan Aquerrac espata dantzan”.
 
Antzekotasun izugarriak dituzte Flandeseko eta Euskal Herriko ezpata-dantzek. Jantzi zuriak, gerriko eta apaingarri koloretsuak, txintxarriak belaunazpian, eta ezpatak eskuan. Ezpatak elkarri emanez taldea osatzeko modua ere antzekoa da. Flandesen eta Euskal Herrian egiten dira mota horretako ezpata-dantzak, baita Kantabrian, Galizian, Alsazian, Tirolen, Txekian, Silesian, Transilvanian, Gaztelan, Katalunian, Valentzian, Portugalen, Eskozian eta Ingalaterran ere.
 
Marc Hanssens-ek harrotasunez kontatzen ditu 2006-05-27-Ezpdantz-FelipeLoyola_715 garizuma erdiko ospakizunean ezpata-dantza eginez daramatzan urteak. Bera da egungo taldeko beteranoena, eta hori ohoretzat du. Gazteek begirunez ikusten dituzte adineko ezpata-dantzariak. Ez dute gazteen sasoirik, baina gazteek badakite beteranoekin asko dutela ikasteko.
 
XX. mende hasieran izan ziren aguretzen hasitako aurreskularien norgehiagoka batzuk. 1912an, Zarauzko Euskal Jaietan, Manuel Txapartegi Amuña atera zen plaza erdira bere dantzari trebetasunak erakustera. 70 urte zituen. Iurretan, bost urtetik behin egiten den Urrijena jaian, plazerra izaten da 50 eta 60 urtetik gorako gizonak dantzari-dantza eta erregelak egiten ikustea. Ez dut ahazteko orain urte batzuk Garaiko adineko gizon talde bat dantzan ikusi nuenekoa. Eta aldian behin, hunkigarria izaten da 70 urteak urruti ez dituen Kepa Artetxe galdakaorra dantza soltean ikustea. Gatza eta piperra zer den erakusten du aititek. Nik 35 urte bete ditut oraintsu. Nire garizumaren ziabogan ote nago? Badauzkat urte batzuk aurretik dantzan hobetzen eta gozatzen jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Oier Araolaza

Oier Araolaza

Dantzaria naiz. Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere. Dantzan egin eta dantzari buruz aritzea gustatzen zait, eta dantzan.com-eko editorea naiz.

Dantzaz eta komunikazioaz aritzen naiz batez ere. Dantza tradizionalaren mundua bizi dut batipat, eta horren inguruko gaiak interesez jarraitzen ditut, baina dantza oro har da plazerra niretzat, bai dantzari bai ikusle moduan. 

Twitter-en
Facebook-en

Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!