Portugalera goaz, eta gurekin eramango ditugu euskal dantzak

2014/07/23
Portugalera goaz, eta gurekin eramango ditugu euskal dantzak

Ikasturte gogorra izan da aurtengoa, Udaberrirentzat; gogorra, urteroko lanari ideia, gogo eta proiektu berri asko gehitu dizkiogulako. Lan eskerga horrek, ordea, poza besterik ez digu ekarri jardunaren fruituak jasotzean. Esfortzu horren sarietako baten berri ematera gatozkizue gaur.

Iazko uda Hungaria aldeko lurretan igaro genuen; gure herriko dantzak erakustearen truke, hamahiru eguneko bidaia zoragarria egiteko aukera izan genuen. Aisiaz eta norberaren gozamenaz gain, ordea, talde moduan hazteko ere balio dute halako esperientziek, motibazio eta giroa erabat sendotzen baita.

Horrela, beraz, aurtengo udan ere beste bidaia luze bat egiteko aukera sortu zaigu, Portugal aldera. Gertuxeago ibiliko gara aurten, baina hamar eguneko txangoa izango da. Datorren ostegunean irtengo gara Tolosatik, uztailaren 24an; itzulera, berriz, abuztuaren 3rako egingo dugu.

Tarte horretan hiru emanaldi eskainiko ditugu eta, iazko moduan, Euskal Herriko txoko guztietako doinu eta dantzak erakutsiko dizkiegu portugaldarrei. Entseguetako fruituak oholtzara eramatearekin batera, noski, Gondomar, Oporto, Lisboa, Cascais, Sintra, Algarve nahiz Punta Umbria bisitatzeko tartea ere hartuko dugu.

Zalantzarik gabe, ikasturtea biribildu eta datorrenari indar biziz heltzeko ezin hobeto etorriko zaigun bidaia izango da, Izaskun auzoko jaietan eskainiko dugun hurrengo emanaldiari begira.

Ikastaroak gora, aparra bezala

Haur eta gaztetxoen ikastaroak dira gure taldearen sostengu nagusienetakoa, ikasleek bermatuko baitute Udaberriren sokaren jarraipena. Azken urteotan asko sendotu zaigu harrobia, eta aurten eskerrak eman beharrean gara, Udaberriren proiektuarengan konfiantza osoa jarri duten guraso, osaba-izeba, aiton-amona, anai-arreba, lagun nahiz gaztetxo guztiei.

Izan ere, 150 izen-ematetik gora jaso ditugunez, zerrendak ixteko erabakia hartu behar izan dugu. Tamalez itxaron zerrenda bat ere sortu dugu, ordutegiak argitaratzerakoan-eta bajaren bat balego, taldeak zerrenda horretatik osatzeko. Poztekoa da, hala ere, harrera bero hori jaso izana. Datozen egunotan emango dugu ikastaroetako talde eta ordutegien berri, www.udaberri.com atarian.