Dokumentuaren akzioak
Orain dute ikasiren nola gauza ona zen...
Etxepare erretore izan zuen Eiheralarreko elizak kanpoan duen oroigarria. Argakia: Xabier González Macizo (2018-06-19))
Aritz Ibañez Lusarretaren (2022) Jalgi hadi dantzara, jalgi hadi plazara! saioari egindako oharrak dira honako testu hau, hark Etxepareren Kontrapasaren errepikaz izandatu zuen testua, eta honek Sautrelaren bigarren ahapaldiaren azken bertso-lerroa du izen.
Egilearen onespenaz egindako oharrak dira hauek; halere, gaizki ez daitezen interpretatu, eta hizkuntzalaritza mintzagai izango denez, euskalarietan nagusienaren hitz batzuk ekarriko ditut friendly disclaimer gisara.
Eta, euskaraz eta eraikuntzaz ari garela, kasualitatez, bi aldarri horiek ditu Ibañez Lusarretaren testuak: lehenbizikoa, euskararena, “euskal dantza gure gorputz-hizkuntza da, euskara berbazkoa den gisa berean”; eta bigarrena, eraikuntzarena, "euskal dantzak ezinbesteko ekarpena egiten du euskalgintza eta euskal kulturgintzaren sistema artikulatzeko eta elikatzeko zereginean". Ez baduzu irakurtzea gogoko, badaude, laburrago baina, audioa eta bideoa.
Lehenengo aldarriak Euskal dantza, gorputzen euskara? eta Argiaren itzala ataletan hartzen du forma, eta bertan euskal dantza tradizionalaren beregaintasuna eta burujabetasuna (garaian garaiko joan-etorriak ukatu gabe) aldarrikatzen ditu. Bigarren aldarria, gehienbat, Jalgi hadi plazara eta Gozamenerako partzuergoen mapa bat ataletan garatua da, eta bertan dantzak berak duen indar politikoa ikusiko dugu, hainbat ekimen edo praktika on ekarrita (politiko erabili dut, baina esan nezake besterik gabe, sozial, kohesionatzaile, egituratzaile, etab.).
Euskara-dantzariak
Testuaren abiapuntua hasieratik iruditu zait deigarri. Oier Araolazari entzunda genion dantza-hizkuntza simila bere tesian eta horren aurreko eta ondoko lanetan. Filologia ikasketak egiten ari nintzenean, neure izango zen diziplina horretatik hasi nintzen begiratzen dantza, eta baziren egokitzapen zenbait. Baina ez nuen ikusi testu honen bidez ikusi ahal izan dudana.
Filologiaren egiteko nagusia da garai bateko ingurune kulturala garai berorretako testuen bidez interpretatzea. Horretarako tresna inportantea da edizio kritikoa, non autorearen idatz-asmora hurbiltzea den xedea. Nolabait esanda, egilearen gogoan sartu eta testu hori era horretan ekoiztera nola iritsi den bilatzea, egilearen jatorrizko ideiatik ahalik eta hurbilen geratzea. Etxepareren (behintzat azken bi) bertsoen interpretazioa ez nuen sekula entzunda. Aritzek proposatzen du Etxeparek bere gogoan dantza-soka oso bat irudikatu zuela, bere esanahi eta sinbologia, euskaldun guztiak soka bereko. Eta horrela ez bazen ere, oso ederra da imajinatzea: bost mendeko aldearekin komunikatu ahal dugu testu horrekin, gauzazko hitzekin baino, dantza izendatzen duten hitzen atzeko sinboloez (Gabriel Arestik ere horrela ikusiko ote zuen bere Aurresku eta atzesku olerkian?)
Hizkuntzaren simila oso emankorra da hau guztia azaltzeko. Alderdi komun sinpleenean sailkapen geografikoan ikusten dugu bietan. Badira zenbait euskal dantza ia-ia hizkuntza bereko dialektoekin erkatu daitezkeenak: muxikoak eta mutil-dantzak. Zaildu ahal dugu, eta geografia-aldagaiari denbora gehitu, eta horrela proposatu iraganeko dialektoak egun beste hizkera diferente bihurtu direla, Bizkai-Gipuzkoetako urrats-sistemak, esaterako, nahiz eta Gipuzkoan akademizazio eta estandarizazioa jasan duten (hara, hizkuntzetan bezala!).
Bestalde, hizkuntzaren traza noraino den ikusteko, kontserbatorioko dantza tradizionalarekin maitemindu den alderdi politiko espainolaren adibideak balio digu. Beharbada haiek zein espainol eta zenbat espainol garen erakusteko asmoa zuten, baina kontua da, hain zuzen, aurkakoa lortu zutela. Euskal dantza lengoaia propioa dela aise ikusi genuen bideo horretan, eta dantzan ari zena ez zen gure lengoaia horretan zehatz-mehatz ari. Kutsu ezberdina zuten urratsok. Hizkuntzan ere horrelako zerbait gertatzen da. Bada hitzaren (urratsaren) gaineko zerbait, bada suprasegmentala den zerbait (urratsetik harago); soinu bat bestearekin lotzean, posizio edo jarrera jakin bat izan behar du mingainak eta ahoak, belarriaren neurrirako prosodia duena. Azentua ere horren barruan dago, baina zera hori ez dugu bakarrik intonazioan igartzen.
Fin-fin konparatuta, eta irudimen apur batez, hizkuntza-osagai guztiak ditu dantzak, eta gainera dantza ere komunikazio-kode badenez, hizkuntza-kodeak dituen historia eta sailkapena ere balizkoak zaizkio. Hartara, egungo dantzan, hizkuntzan nola, ikus ditzakegu bere historian sartuaz joan diren elementuak, eta horiexek arribadaren arabera antolatuta daude: estratuak daude. Arkeologoek lur-sekzioak mozten dituzten bezala moztu ahalko bagenu dantza, ikusiko genuke urteetan nola etorri diren maileguak, eta aurreko moldeen arabera hartu eta moldatu bide zirela, beharbada zaharrenak eta ulergaitzak bidean utziko ziren, eta ziurrenik garaiaren arabera batzuk orokortu edo globalizatuko ziren.
Urratsen moldaketa horren harira, unibertsitateko garaian, Blanca Urgell irakasleak, Euskararen Historia eskola batean, fonologia historikoaz ari ginela, eraman zigun Gasteizko Irakurle Klubaren saio batean Maialen Lujanbiok fenomeno linguistiko orokor bati oharkabean emandako izena: belarri euskaldunak. Alegia, entzuten, jasotzen, duguna gure hizkuntzatik hartzen dugu ezinbestean, gure oharmen-fonetikatik, eta horren arabera interpretatzen dugu.
Belarriak euskaldun izatea zer den ulertzeko adibidea: latinezko /s/ soinua ez bide zen gazteleraz dugun /s/ bera, ezta berdina ere. Hori euskarak esaten digu. Latinarekin bizi ziren euskaldunek ez zuten /s/ hori euskal /s/-tzat hartu, baizik eta z-ren bitartez adierazten dugun soinutzat. Horregatik iritsi zaigu (Erdi Arora arte behintzat) gauza eta ez gausa. Beste hau garbiagoa da, herri-etimologia baitu barruan: euskarazko begiratu latinezko vigilare-tik omen dator. Euskaraz bigilatu hartu eta gero, -l- > -r- eginda, bigiratu bihurtu. Azkenik, begiekin loturaren bat ikusiko zioten, eta begiratu orkortu zen, nonbait begi izenetik eratorria.
Bada, horixe da kanpoko zerbait hartu, interpretatu eta zeure egitearen adibide garbia. Herri-etimologiak bizitasunaren seinale dira hizkuntzaren alde kontzientearekin egiten direlako. Hizkuntzalaritza historikoaren ikuspegitik desastre hutsa da, eta ikusi dugun bezala gezurra izango dira normalean, baina soziolinguistikatik eta identitatetik badu probetxua. Hortaz, dantzen artean herri-etimologiak egitea dantzen beren bizitasunaren seinale ere izango da, horrek esan nahiko baitu euskal dantza tradizionaletik ari garela, eta ez beste diziplinetan.
Horrela irudikatzen ditut, hain zuzen, aurreko mailegu-urratsak edo urrats mailegatuak ere, euskal dantza sistemara inkorporatu zirenekoan. Egia zientifikoa ez da, baina bai artistikoa, nolabait. Norberak urrats edo dantza horiek beretik interpretatzen duela agerian uzten du, ez du kanpora begiratzen horien moduko beste bat topatzeko. Uste dut, azken batean, horixe bilatzen dugula eta horrela laburbildu daitekeela Argiaren magalean sortutako guztia, euskaltasunetik jaso eta hortik interpretatu eta konprenitu, eta, azkenik, transmititu. “Gaur eguneko euskaldun bezela dantza egiteko modua arkitu nahi degu” esan zuen J.A. Urbeltzek 1967an.
Lo que la historia se ha llevado la historia lo trae, ¡y fuera, lo volvemos a integrar!
Lehenengo aldarriaren “teoria” azalduta, aldarri horren aldeko egitate bat ekarri du Aritzek: Argia taldearen filosofia eta obra. Eta hain zuzen, aurreko atalaren amaieran ageri den aipua da Argia taldearen egitasmoaren abiapuntua. Egungo euskaldun dantzatu, eta errepertorioak errepikatzeari utzi. Horretarako, alabaina, aurretik zegoena ezagutu behar izan zuten.
Ibañez Lusarretak adierazi bezala, Argiak 1960-1970etan euskal dantza tradizionalaren berezko izana bilatzeari ekin zion. Garai hartan, euskalariak gauza bera egiten hasi ziren euskara batuarekin. Gorago aipatu elkarrizketa 1967an izan zen, eta Arantzazuko biltzarra urtebete geroago, 1968an (eta Urbeltzen elkarrizketatzailea biltzar horretan izan zen). Bertan, Arantzazuko txostena aurkeztu zuten, izenen gainean aritzen zen gehienbat. Hori lortzeko, euskara-hiztunei, euskaldunei, norberari bere gogoan zein gramatika mental zebilkion jakin behar zuten euskalariek, euskara batuarentzako gramatika proposatuko bazuten. Honi hizkuntzalaritzan gramatizazioa deritzo, eta aurretik ere gertatu izan zen garai eta leku ezberdinetan, baina ez hizkuntzaren batasuna xede. Zeren gramatizazioak, berez, ez dakar batasuna. Konpara dezagun dantzarekin: Iztueta jaunak Gipuzkoako urratsak taulara eraman zituen, baina horrek ez zuen ekarri euskal dantzaren ikuskera holistikorik, inondik ere. Hortaz, esan dezakegu, dantzen gramatizazioari ekin ziola Argiak, batasuna helburu. Ez da lan makala. Herririk herri, herri bakoitzak zer zuen oinordetzan, hortik abiatzeko gero.
Behin gramatika osatuta, has gaitezke mintzatzen, idazten, eta mintzaira goien gradora igaiten. Oso interesgarria da, Ibañez Lusarretak ondo azaldu bezala, bere jatorrizko lekuan ez zeuden dantzak “errepertoriora” ekartzearena (hau da, hizkuntzara bueltatuz, eleberriak gramatika zahar-berri horretan idazten hastearena), eta izpiritu hori honako aipu honetan ikusi ahal dugu. J.A. Urbeltzi Gipuzkoako Urrezko Domina eman ziotenean, Telmo Esnal zinema-zuzendariak bideo bat ondu zuen zeremoniarako, eta horrela mintzo da dominaduna elkarrizketan (2 min 30 s.):
Había un folclore (...) de las chicas de 15 años que lamentablemente perdimos. Jaurrieta no existía como tal, existían los elementos: existe la melodía, existe el traje, pero tenemos algo que no existía, una danza nueva, ¿para quiénes? ¡Para las chicas!
Eaurtako neska-dantza adibide garbia da, baina beste horrenbeste galaien esku-dantza ere. Urak dakarrena urak daroa, eta urak daroana, urak berak dakar. Tradizioa eta sorkuntza txanpon beraren bi aldeak dira. Gure garaiari dagokion estratuan, gure aurreko substratuak eraldaturik jaso dugu dantza, eta substratuak eraldatzeak esan nahi du aurrekoen sorkuntza –batera edo bestera– ere jaso izan zuela dantzak. Horixe da, hain zuzen, transmisioa. Eta honetan ere, hizkuntzan nola, ezinbestekoa da transmisioan gertatzen den aldaketa. Hizkuntzak berezko eta ezinbesteko du aldaketa. Baita transmisioak eta dantzak ere, noski.
Lo que la historia se ha llevado la historia lo trae, ¡y fuera, lo volvemos a integrar! Gainditu egin behar… Lo que hemos perdido se recupera históricamente, no nos resignamos a ninguna pérdida, ¡qué carajo es esto!
Atal osoari ideia bera dario: Argiaren bertute nagusia euskal dantzan sinestea eta sinetsi izana dela, baina oso hausnarketa interesgarria dakar, gainera: Argiaren ideien, ikuspuntuen eta ekarpenen digeritzea ez dela gertatu oraindik. Zera gaineratuko nuke: talde askok Alakiketan “imitatzen” eman dugu ia 30 urte, eta orain errepertorioak “agortu” zaizkigunean, dantzak eszenatokira ekartzeko ideiak agortu direnean, zer? Dantza garaikidearen esku utziko dugu geure burua? Ez dago horretarako arrazoirik, “amets dantzatu berriak sortu eta birsortzeko modu oso bat jarri du gure esku [Argiak]” dio Aritzek. Argiaren obrara hurbiltzeko edo ezagutzen hasteko atal gomendagarria da hau, zinez.
Argi-ilunak
Hurrengo ataletan Ibañez Lusarretak bere bigarren aldarriak frogatzera ekin dio, artikulazio- eta elikatze-lanak nola joan diren erakutsiko digu. Iruñeko libertimendu den Iruinkokoaren iturriak eta fruituak ikusiko ditugu, baita Argiak ehundutako sareak ekarritako bestelako ekimenen dohaiak ere. Aritzen hitzetatik antzeman ahal dugu gure begien aurrean hamaika aukera dugula. Estasiak zailtzen du irakurraldia barneratzea, baina konturatu naiz, laugarrenean edo, salbuespen txiki batzuk kenduta, Bizkaia eta Araba korronte honetatik aparte geratu direla.
Atal honetan jasotako honako esaldi hau irakurrita, hurrengo hausnarketa etorri zait burura: “Urbeltzek esan izan digu hirietara ekartzen asmatzea egon daitekeela gure kultur-transmisioaren gakoetako bat”. Nago hirira eramaten asmatu zutela Iruinkokoak eta besteek. Ez, ordea, beste hainbat ekimenek. Testu hau idazten hasi nintzen egunean Bilboko ekimen baten mezua jaso nuen: hitz polit eta potoloen artean (euskal kultura transmisioa gazteen artean, gazte kulturzale sustatzea, kultura-profesionalak etab.), gazteentzako kultur-transmisio tailerren programa abiatu dutela diote. Hori guztia kontuan hartuta, lehenengo tailerra dantza garaikideaz arituko da –1967ko elkarrizketa etorri zait burura–. “Euskal kultura ezagutzeko eta jokatzeko tailer teoriko praktikoa” dio mezuak. Euskal kultura ezagutzeko eta jokatzeko horixe behar dugu? Transmisiotik jasotakoa gero euskaratik emateko eta komunikatzeko dantza garaikidea date gure tresna? Batzuentzat zilegi da, eta topatuko dute bidea hortik, segurutik. baina Aritzek aurkezten duen autoestimua eta egin nahiaren falta sumatzen dut; hortaz, ezin inbiria gabe begira Euskal Herri berdera.
Ondorioak
Bukaera gisara Nastja Slavec ikerlari esloveniarraren bizipena dakarkigu Aritzek. Slavecek Iruñean egin du doktore-tesirako landa-lana, eta lan horretan agertutako ideia honekin geratu naiz: “pasatu gara gordetzea eta zaintzea garrantzitsua zen berreskuratze fase batetik, zertarako eta nola hitz/dantza egin nahi dugun ardatz duen beste garai batera”. Hein batean bagenekien, baina kanpotik ere hori ikustea gozagarri da.
Euskaran ere beste horrenbeste gertatu zen. Gramatika egin ostean, gramatika hori hezurmamitzen zuten aldaerak, dialektoak, zaintzea nahitaezkoa zen. Baina benetan interesgarria dena da hizkuntza orainerako eta etorkizunerako gai egitea, egungo hizkuntza izatea, ahozko zein idatzizko. Eta, egun, gramatika horren jakintza unibertsal izatetik gertu dago, eta, Euskaltzaindiak egotzitako euskaltzain Ibon Sarasolak dioen bezala, hitzak hautatzea, kontzeptuak ematea eta mailegu hau edo beste hartzea hiztunei dagokio, eta, hain zuzen, hori da hizkuntza bizirik izatea. Eta, areago, hautu horiek dagozkie hizkuntzaren plastizitatea gogoz erabiltzen dutenei: idazleei. Eta dantzan beste horrenbeste, dantzaren idazleak dira dantza-maisu koreografoak.
Badira, halere, erantzun gabe geratuko diren galderak, eta hemendik aurrera erantzutea egokituko zaizkigunak. Dantza tradizionala eta ofizialtasuna ez dira lagun egundaino. Irakasle gaikuntza, lan-baldintzak, ekintza bazterrekoa izatearen ondorioak… Merkatutik kanpo ari gara eta horrek gauzak onak ditu, baina urruntzenago eta galtzenago gara. Gai honen inguruan badira eztabaida asko eta handi. Mezenasak, prekarietatea, sorkarien kalitatea etab. Horrelako galderak egiten hasi beharko dugula uste dut, gure ekimenak salbatuko badira. Erakundeetatik ezin dugu ezer espero, interes bakarra arte eszenikoetan dute, eta gure arloari dagokionez, oraindik atlasetan eta katalogoetan daude, gramatiketan, alegia (1960an). Eta guk erabilera-planak eta sustapen-ekintzak behar ditugu, administrazio-hizkeran jarraituta. Botere publikoaren jabe den botere politikoak mantendu egin du dantzarien biltzarren eredu probintzialista eta eragingabea, eta legeetatik ezer gutxi dugu alde.
Gurea da ekimena, hortaz, agintariak gero etorriko zaizkigu. Ohorezko aurreskuak jasotzen dabiltza oraindik, eta horren zentzugabea ikusita, etorriko zaizkigu.
Autoestimua aipatu dut aurrekoan, eta besteen estimua ez dagoenean zail da autoestimua izatea. Horrelako zerbait gertatzen zaigu dantza tradizionalean. Hala ere, Aritzek azaldu bezala, euskal dantza tradizionalaren sare benetako bat osatzen hasi dela dirudi, dantza bizi batuena, beren izaera estimatu dutenena (eta ez iraganeko argazkiak betikotze zaharkitu, zahartzale eta zahartzaile probintzalen ereduan). Mitxelenak zioen, dialektoez ari zela, hizkuntzek diakronian dibergentzia- eta konbergentzia-aroak dituztela. Eta uste dut oraingo garai honetan euskal dantzaren parte txiki-handi bat konbergente ari dela jokatzen, zorionez.
Euskaldun den orok buru altxa beza!
Mitxelena, K. (1970), Estudio sobre las fuentes del Diccionario de Azkue, Bilbao: Centro de Estudios Históricos de Vizcaya.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Xabier Gonzalez Macizo
Eusko Lorak taldeko dantzaria. Ibar Ezkerretik begira.
Sarasuak dio, gizarte gero eta hipermoderno, hiperkapitalista eta hiperindibidualista honen logikan, komunitate-loturak gero eta ahulagoak ageri zaizkigula eta hor euskarak galtzeko guztiak dituela. Euskararen etorkizuna, gertuko komunitate bizitzaren etorkizunaren norabide berean egon litekeela iruditzen zaio. Horretarako, kulturgintza eredua berpentsatzeko aukera aipatzen du Sarasuak, adibidez. Beti marginalak izanen garen kultura komertzialari zer pisu eman beharko geniokeen eta zenbat kultura komunitarioari, esaterako. Nire gogoeta ere hortik zihoan.
Komunitate ehuna sortzea dagokigu, beraz, baita dantzaren bitartez ere!