Dokumentuaren akzioak
Dantzaz ele. Jantziak, San Telmo Museoko erakusketa berria
Dantzaz Ele erakusketa, Maritzuli konpainia, San Telmo Museoa, Donostia, 2023-03-28. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA
Martxoaren 28tik apirilaren 23ra Donostiako San Telmo Museoko klaustroan eta elizan izango da ikusgai Maritzuli konpainiaren Dantzaz ele erakusketa. Ehun maniki baino gehiagok ezagutaraziko dituzte Ipar Euskal Herriko lau dantza erritutan erabiltzen diren jantziak.
San Telmo Museoak Dantzaz ele. Jantziak erakusketa aurkezten du, martxoaren 28tik apirilaren 23ra klaustroan eta elizan ikusgai izango dena. Proposamenak 2018an museoak hasitako ildoari ematen dio jarraipena; izan ere, Aste Santuko oporraldian San Telmok tradizioekin lotutako programazioa eskaintzen du, Atzokoak gaur tituluarekin, aurreko urteetan lihoaren, artzaintzaren eta saskigintzaren ingurukoa. Aurtengo egitarauak Iparraldeko dantza tradizionalei eman die protagonismoa, Maritzuli Konpainiaren eskutik datorren erakusketa honekin.
Dantzaz ele. Jantziak erakusketak Iparraldeko lau besta tradizional ditu ardatz: Besta Berri (edo Corpus Christi jaian egina); kaskarotak edo Lapurdiko inauterietako desfileak; kabalkadak eta tobera-mustrak; eta maskaradak, eta haien janzkera, esanahi eta kodeetan barneratzen da. Mendeetan zehar, dantza eta ospakizun hauek aldaketak jasan dituzte, eta horietako batzuk desagertzear egon dira.
Erakusketan ehun maniki baino gehiagok dantza hauetako pertsonaia protagonistak ezagutaraziko dizkigute, bakoitzean erabiltzen diren jantziak erakutsiz. Muntaketak konpartsek behar duten egitura, antolaketa eta prestakuntza ere azaltzen du. Jantziekin batera testuak eta irudiak daude, dantzak non egiten diren, ospakizunen egutegiak, motiboak, irudikatutako gaiak, parte-hartzaileak eta desfile bakoitzaren dinamikak kontatzen dituztenak, kultur ondare honen aberastasunera hurbilduz eta haren kodeak aztertuz eta xehatuz. Dantzan elkarteak egindako grabazioei esker, bestalde, badira ere dantza hauen inguruko hainbat ikus-entzunezko.
Erakusketarekin batera, haur eta familientzako jarduera programa bat izango da, gaia sakonago ezagutzeko eta dantza tradizional horien unibertsoan murgiltzeko. Apirilean zehar egingo dira jarduerak, batez ere Aste Santuko oporretan. Bestalde, museoak gaztelaniara eta ingelesera itzuli du Maritzuli Konpainiak erakusketaren aurreko egoitzarako euskaraz eta frantsesez ekoiztu zuen argitalpena. Ezaugarriak:
- Orr. kopurua: 28 orr.
- Neurriak: 30x31 cm, itxita
- Salneurria: 5 euro
2020an Baionako katedralean aurkeztu zen erakusketa hau Maritzuli Konpainiaren eskutik dator, hogei urte baino gehiago daramatzana dantzaren eta bere jantzien inguruko ikerketa eta irakaskuntza lanak egiten. Bere ekoizpenen kalitateagatik ezaguna da, eta etengabe garatzen eta berritzen du bere transmisio-jarduera, gero eta jende gehiagori zuzendutako ikuskizun, erakusketa eta hitzaldi ugariren bidez.
Besta berri
Corpus Christi (Sakramentu Santuaren Jaia) Besta Berri (jai berria) da euskaraz, eta gaur egun Trinitatearen ondorengo igandean eta Zortzigarrenean ospatzen da. Fede erakustaldia da, baita botere eta hierarkia harremana ere. Bere sorreratik, ekoizten duen gizartearen ispilua da. Euskal Herrian, tradizio katolikoa duten beste lekuetan bezala, Besta Berri dantzak askatasun handia uzten die tokiko kulturei liturgiaren interpretazioan. Prozesioek, bere aldetik, Gorputzak hirian duen presentzia adierazten dute. Eguzki-festa ere bada, udaberriaren ospakizun ziklikoa, maiatzeko eta San Joan errituen artean.
Dantza hainbat atalek osatzen dute: deia eta prestakuntza, elizan sartzea, une jakinetan mezan parte hartzea, irteera eta prozesioa, eta ospakizun profanoa. Besta Berrik, gaur egun, garrantzi berezia du Baionan, eta barrualdeko dantzetatik bereizten da dantzaren garrantzian, xuhur eta tinkoa elizkizunetan, eta irekiagoa parte profanoan.
Azken bi mendeetan, dantza egiten den eremua zuhurtuz joan da, gaur egun Lapurdi dantza honetako esparru nagusienetakoa bihurtuz. Aberastasun handikoa, dantza gizartearen konplexutasunaren lekukoa da: gatazka militarretatik, 90eko hamarkadako euskal gizartearen sekularizaziotik, emakumearen lekuaren eztabaidaraino.
Kaskarotak eta Lapurdiko ihauteri konpartsa
Udaberriaren emankortasuna iragartzen zuten inauterietako Europako ezkontza-dantzetan jatorria izanik, kaskarotak, XX. mendean, Lapurdiko eskualdeko herrietan mantendu dira, Hazparne, Ezpeleta eta, batez ere, Uztaritzen.
Urte-sasoi berriaren etorreraren ospakizuna antzezten da desfile honetan, eta hainbat pertsonaiak hartzen du parte: banderaria, alde batetik, eta gibelean zuriz jantzita, kanpaiez, lorez eta bitxiz apaindurik joaten diren beste batzuk, bestetik. Haiekin batera, hibernaziotik atera den Hartza doa, naturaren indar salbaiak deituz. Pertsonaia guzti hauek, naturarekiko lotura handia ziurtatzen dute. Kaskarotek egiten dituzten dantzetan ere makil dantzak daude, non zurak udaberria esnatzeko abesten eta bibratzen duen. Azkenik, ezkonberri bikote batek osatzen du taldea, urte berria eta udaberriaren bizitasuna sinbolizatuz.
Ospakizun honetan, kaskarotek, musikariek lagunduta, herria zeharkatzen dute, etxez-etxe, transmititu zaizkien edo horretarako ikasi dituzten dantzak eginez. Horren truke, dirua (babes eskaintza) edo taldean banatuko duten janaria jasoko dute. Deus ematen ez duen familiak, bere zikoizkeria oihukatzen duten kantuak jasateaz gain, bere burua jendartearen begiradapean ezarriko du.
Bigarren Mundu Gerraren ostean ia herri guztiek inauteriko dantza hauek geldiarazi behar izan bazituzten ere, 70eko hamarkadan, Jean-Michel Guilcherrek eta Baionako Lapurtarrak Elkarteak inauterietako dantza hauek sustatu zituzten, tradizioa berpiztuz.
Kabalkadak eta tobera-mustrak
Kabalkadak eta tobera-mustrak inauterietako ikuskizunak ziren, arau sozialei eta herrietako arau moral eta erlijiosoei lotuak. Tokiko eguneroko bizian gertakari bat eskandalutzat hartua zenean, herriko festaren bidez epaitzen zen.
Inkriminatuak salatuak ziren, eta herriko gazteek egindako galarrotsak jasaten zituzten (gaueko algarak, non oihu egiten baitzen, zintzarriak eta kanpaiak astintzen ziren, eltzeak eta zartaginak kolpatzen ziren), eta orduak edo egunak iraun zezaketen, familiak erreskatea ordaintzen zuen arte (segizioarentzako dirua edo otordu bat, gehienetan). Akusatuek ez bazuten amore ematen, tobera-mustrak antolatzen ziren; Antzez-lan honetan biktimak tobera-sujetuak bilakatzen ziren eta irriz jokatzen zuten gazteek, haien jestuak publikoki salatuz. Atsenaldi dantzatuz artekatua zen parodia hau, jende asko biltzen zuen eta prestakuntza handia eskatzen zuen.
XIX. mendearen amaieran gai-gabeko kabalkadak agertu ziren. Antzezlan berri horietan pertsonaiak mantentzen ziren (errudunak, epaileak, abokatuak, mezulariak), baina dantzariz soilik osatuak zeuden. Bigarren Mundu Gerratik aurrera, dantza hauek arau bihurtu ziren, eta gaur egun, kabalkada gehienek, gai bereziak baliatzen dituzte, aktoreei beren gizartea edo denboraren satira egiteko aukera eskainiz.
Maskaradak
Zuberoako maskaradak inauterietako desfileak dira, teknika bikaineko dantza-ikuskizun bilakatu direnak.
Egungo eredua XX. mendeko lehen urteetatik dator, eta jatorrizko desfileko pertsonaia guztiak mantentzen ditu: Aitzindarien taldea (Txerreroa aurrean, ondoren Gatuzaina, Kantiniersa, Zamaltzaina (zaldia gonarekin) eta Entseiñaria, taldea ixten duena. Lehen talde horren ondoren, Marexalak (Zamaltzain ferratzeaz arduratzen direnak) datoz, eta, ondoren, Kükülleroak (oilarrak, herriko gazteak direnak). Haien atzean Jauna eta Andrea, eta ondoren Laboraria eta Laborarisa, nekazariak, Bralia osatuko denean soka dantzaren buru eta buztanean kokatuko direnak. Hirugarren talde batean maskarada beltza dator, eta azkenik, Buhamesak eta Kauterrak.
Pertsonaia batzuen indarra eta presentzia lausotuz joan bada ere denboran zehar, eta haien dantzek aldaketak izan badituzte ere, inauterietako tradizioko desfile hau dantza-ariketa ikusgarria bihurtu da gaur egun.
Dantzaz Ele erakusketa
- Non: San Telmo Museoa, Donostia
- Noiz: Martxoaren 28tik apirilaren 23rako tartean, asteartetik igandera, 10:00-20:00
- Antolatzailea: San Telmo Museoa, Maritzuli konpainia
- Laguntzailea: Dantzan
Dokumentuaren akzioak