Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Saioa Zabala Aristizabal Uztailaren 26a, Santa Ana eguna, Garai

Dokumentuaren akzioak

Uztailaren 26a, Santa Ana eguna, Garai

2022/08/13 08:00
Uztailaren 26a, Santa Ana eguna, Garai

Erregelak Garaiko plazan, 2022-07-26. Irudia: Saioa Zabala Aristizabal

Zergatik nahiago dugu dantzariak bilatzen ibili beste herrietako taldeetan herrian bertan izan dezakegunean taldea erraz osatzeko konponbidea? 

Goizeko 11:20 aldera iritsi gara Garaira. Tenperatura freskoa egiten du uda betean egoteko eta euri txintxa ari du momentu batzuetan. Ez da ia inor ageri herrian, meza 11etan hasia baita. 

Garain bi eliza daude, bata herriaren goiko aldean, Elizbarria, eta bestea herriaren sarrera aldean, San Migel Eliza. Santiago egunez santua San Migel elizatik Elizbarrira lekualdatzen dute eta Santa Ana egunez berriz ere itzultzen dute santua berezko duen tokira. Hala, Elizbarrian meza bukatuta prozesioan joaten dira San Migel elizara bertan Santua uzteko asmoz. 

Meza bukatu bezain pronto hasi da plaza ingurura jendea azaltzen prozesioan, dantzariekin batera. Plazan “Gernikako arbola” doinuarekin dantzatu diote santuari, eta, ondoren, bandera astindu dute han bertan.  Herritarren txalo zaparradaren artean prozesioak bere bidea jarraitu du San Migel elizara iritsi arte. Dantzariek zubia egin eta bertatik sartu dute Santua berriz ere bueltan elizara.  

Santua utzita abiatu da prozesioa berriz ere herriko plaza aldera. Prozesioan txistularien doinuei segika joan dira dantzariak zortziko taldea osatuz, atzetik alkatea eta ondoren herritarrak dituztela.

Dantzariek galtza eta alkandora zuriak eta txaketa beltza dituzte soinean. Gerriko gorria dute gerrian eta kapelu gorria buruan. Oinetan alpargata zuriak dituzte, zinta gorriekin. Txintxarriak ere badituzte hanketan, prozesioaren eta dantzen erritmoa markatzen laguntzen dutenak. 

Prozesioa plazara iritsitakoan herritarrak dantzak ikusteko tokia hartzen hasi dira. Batzuk plaza inguruan jarriak dauden hainbat bankutan eseri dira. Beste asko zutik geratu behar izan dira toki faltagatik, plaza txikia baita, eta gutxi batzuk errepidearen beste aldean dagoen txosnara abiatu dira zerbait hartzeko asmoz. 

Prozesioa plazara iritsi eta bost minuturen bueltan dantzariak sartu dira arropa zertxobait moldatuta dutela. Txaketa beltza kendu dute dantzarako eta alkandoraren mahukak ukondoraino jaso dituzte. Hala, dantzari-dantza dantzatzeari ekin diote. Dantza bat bestearen atzetik aritu dira, dantzari dantza hainbat dantzaren segida baita. Dantza batzuetan ezpata, beste batzuetan makila eta beste batzuetan esku hutsik dantzatzen dira. Ez zen ikuskizun soila, urteroko kontua izateak nortasun eta sinbolismo berezi bat ematen baitio. Nekeza ere bada dantzari dantza, eta hori dela eta dantzaren erdian gizon bat sartu da plazara izerditan blai eta apur bat arnasestuka zeuden dantzariei ur botilak eskaintzera.

Dantzari-dantza bukatu eta soka osatu dute erregelak dantzatzeko. Erregelak sokan egiten dira, aurreskuak eta atzeskuak hurrenez hurren dantzatzen dutela. Dantza luze eta konplexua da eta horrek kontzentrazioa eta entrenamendua eskatzen dizkie bai aurreskuari bai atzeskuari. Gero, sokara ikusle dauden emakumeetako batzuk sartzen dira eta aurreskuak eta atzeskuak haietako biri dantzatzen diete omenaldi moduan. Sokara sartutako guztiekin batera dantzatu dituzte bukaerako fandangoa eta arin-arina. Horretarako, bi borobil osatu dituzte. Aurreskua, atzeskua eta plazara lehenengo ateratako bi emakumeak kokatu dira barrukoan, eta  gainontzeko guztiak, kanpokoan.

Hamaiketakoa egiteari ekin diote segidan. Nabaria da  jada eguerdiko hamabiak direla eta herritarrak gosetuta daudela. Hamaiketakoa egin bitartean, herriko emakumeak dudan ibili dira berek ere erregelak dantzatu ala ez. Azkenean batzuen artean soka antolatu eta plazara atera dira kalez jantziak erregelak dantzatzera. Horiek ere ikusleak sartu dituzte sokara, gizonak kasu honetan, eta denon artean dantzatu dituzte bukaerako fandangoa eta arin-arina. 

Erabat inprobisatutako soka izan da. Kalez jantzita egoteak naturaltasuna ematen dio dantzari eta emanaldi kutsua galtzen du, herri osoa dantzan murgilaraziz. Gainera, edozein sar dezakete sokara, eta, beraz, pentsa genezake denek edo ia denek dakitela zertxobait dantzan. Bukaerako fandango eta arin-arina, gainera, erromeria kutsu handikoak dira, bakoitzak bere eran dantzatzen baitu eta horrek bizitasuna eta gaurkotasuna ematen dizkio dantzari. 

Gizonen kasuan, aldiz, ez da horrela gertatu, aurrez adostua zegoen dantzari dantzaren ondoren erregelak dantzatuko  zituztela eta inork ez du horren zalantza izpirik izan. Horrek hausnartzeko beta eman dit, nolabaiteko bereizketa baten seinale baita. Gizonezkoak eta beraiek soilik dantzatzen  dituzten dantzari-dantza eta erregelak dira ekitaldiaren erabateko zentraltasuna dutenak, eta publikoaren erabateko arreta hartzen dutenak. Emakumeen erregelen kasuan, aldiz, ez da gauza bera gertatzen. Batetik, ekitaldia bukatu eta hamaiketakoa egiten da emakumeak dantzara atera aurretik. Ondorioz, esan genezake giroa bera aldatu egin dela, prozesioaren seriotasunetik gizonezkoen dantzaldian gelditzen zena ere amaitu baita. Giroa askoz ere lasaiagoa eta informalagoa da, jai giroan murgildu dira herritarrak jan eta edanaren artean. Bestetik, gizonezkoen dantzek aurrez ondo entseiatuak dirudite, ondo prestatuak. Emakumeenak, ordea, zerbait askoz ere informalagoa ematen du, momentuan antolatutako zerbait dantzara irteteko gogoz daudenen artean. Hala ere, emakumeen erregelak dantzatzen ari diren bitartean publikoa berriz ere murgiltzen da dantza giroan, nahiz eta oraingoan horietako batzuek hamaiketako egiten jarraitu.

Bestalde, nahiz eta Garai dantzarako tradizio handia duen herria izan, aurtengo dantzari-dantzarako zortziko taldea osatzeko arazoak izan dituzte. Hori dela eta, hainbat dantzari kanpotik ekarri behar izan dituzte dantza taldea osatu ahal izateko. Beraz, badirudi Garain dantza nolabaiteko gainbeheran sartua dagoela. Noski, kontuan hartu behar da Garaiko dantzari dantzan ez dutela emakumeek parte hartzen, eta horrek ere eragiten duela nolabait dantzariak aurkitzeko zailtasunean. Gainera, Euskal Herriko dantza talde askoren momentuko arazoetako bat mutilen eskasia izanik, baliteke horrek zerikusia izatea Garain gertatu den gizonezko taldea osatzeko arazoarekin. Taldea osatzeko zailtasun horiei aurre egiteko modu bat litzateke emakumeak ere dantzari dantza egiten hastea, hala kanpoko dantzariei deitzeko premiarik ez izateko. Ez litzateke dantzari dantza gizon eta emakumez osatutako taldean dantzatzen den lehen aldia, beste hainbat herritan jada horrela egiten baitute, Iurretan, esaterako.

Kanpoko dantzariak ekartze horrekin bueltaka aritu naiz eta hortxe botako dut galdera:  Zer nahiago dugu dantza tradizioari eusteko, herriko emakumeak dantzara sartu? Ala genero bereizketak bere horretan utzi eta beste herrietako dantzariak deitu dantzak ez galtzeko ahaleginean? Badirudi aurten Garain bigarren aukera nahiago izan dutela, baina kontua ez da zein aukera hartu baizik eta zergatik aukeratzen dugun aukeratzen duguna. 

Kontuak kontu, emakumeen erregelak bukatzearekin batera bukatu da Garaiko Santa Ana eguneko dantza ekitaldia. Dantzak grabatzeko erabilitako kamera itzali, bere zorroan gorde eta tripodea jasotzeari ekin diogu. Tripodearen hankak itxi eta jada prest gaude berriro ere etxera bueltan abiatzeko. Hala, herritarrak agurtu eta kotxe aldera abiatu gara herriko jendeak plazan berbetan jarraitzen duela.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Saioa Zabala Aristizabal

Saioa Zabala Aristizabal

Antropologiako laugarren mailako ikaslea eta Irungo Kemen dantza taldeko dantzaria naiz. Uda honetan herriz herri nabil tokian tokiko dantzak ikusten.