Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Saioa Zabala Aristizabal Abuztuaren 5a, Elurretako Ama Birjinaren eguna, Lanestosa

Dokumentuaren akzioak

Abuztuaren 5a, Elurretako Ama Birjinaren eguna, Lanestosa

2022/08/30 13:15
 Abuztuaren 5a, Elurretako Ama Birjinaren eguna, Lanestosa

Arku-dantza Lanestosako plazan, 2022-08-05. Irudia: Saioa Zabala Aristizabal

8:15 dira,  bide luzea dugu aurretik Lanestosaraino. Musika entzunaz eta kantari egin dugu bide osoa. Herrira iritsi gara eta aparkatzeko tokia bilatzen hasi gara. Iritsitakoan goiz da oraindik eta eliza non dagoen ikusi ondoren taberna batera joan gara zerbait hartzera. Ken zazpi dute jarria tabernan. Terrazako mahai batean eseri gara itzaletan. Lasai-lasai hizketan ginela musika entzun dugu kalearen beste aldean eta zer den ikustera joan gara. Dantzariak ziren, beren arkuekin eliza aldera. Segituan bukatu da dantza eta hasi da meza.

Eliza inguruan bada jendea. Dantzari asko daude, umeek ere dantza egiten dute eta. Dantzari guztiak arropa berdina dute soinean: galtza eta alkandora zuriak, gerriko gorria, koloretako zapia eta zinta gorridun alpargata zuriak. Gainontzeko herritarrak bereziki elegante daude jantziak, neska gazteak batez ere, egunero erabili ohi ez ditugun soinekoak eta takoiak dituzte jantziak. Urte zahar egunean batzuk jantzi ohi duten arropa gogorarazi dit. Talde txikitan daude gehienak, beren arteko elkarrizketetan murgilduta. Gazteleraz ari dira. Elkarrizketa horietan ere badira dantzariak, batzuk inguruko tabernetara joan diren arren.

Meza bukatu zain egon gara hogei bat minutu. Arku guztiak elizaren pareko etxe bateko jardinaren hesian daude jarriak. Oso luzeak eta oso malguak dira. Arku itxura dute baina asko luzatu daitezke ia zuzen gelditzera arte. Koloretako paperezko apaingarriak dituzte. Gure ingurura bikote bat hurbildu da, kanpotarrak dirudite. Arkuei begira geratu da gizona txundituta. Halako batean arkuen inguruan zeuden dantzari batzuengana hurbildu eta beraiekin eta arkuekin argazki bat ateratzeko eskatu die.

Azkenean dantzariak kalean kokatzen hasi dira modu informal batean eta bi arku utzi dituzte kalearen erdian. Meza bukatuta dantzariak guztiz kokatu dira bi ilaratan, eta erdian kapitaina. Bakoitzak arku bat hartu du eta horien bidez lotu dira elkarren artean. Kale ia osoa hartzen dute, jendea bazterretan soilik kabitzen da. Halako batean lehenengo kokatuta zegoen dantzariak abiatuko zirela esan du eta musikarekin batera aurrera abiatu dira. Atzera eta aurrera dabiltza, batzuetan arkuen azpitik joanaz atzerantz eta besteetan arkuen gainetik. Lehenengo dantzari taldearen atzetik Ama Birjina, apaiza eta alkatea eta zinegotziak doaz prozesioan. Horien atzetik beste bi dantza talde abiatu dira, kasu honetan umez osatuak.

Aipatu bezala norantza aldatzean ez dute beti modu berean egiten, gainera beti saltoka doaz. Horregatik, beste aldera joatea tokatzen denean aurreneko dantzariak “por arriba” edo “por abajo” oihukatzen du buelta eman baina pixka bat lehenago eta jada atzera joango denean “va” oihukatzen du.

Prozesioa elizaren atzean dagoen plazan bukatu da. Bertara iritsitakoan jende guztiak tokia hartu du dantzalekura begira. Ama Birjina Elizari begira kokatu dute eta dantzarien lehenengo taldea sartu da dantzatzera. Lehenengo prozesioan egin bezala dantzatu dute aurrera eta atzera. Gero, bateko ilaran jartzeko oihu egin du lehenengo dantzariak eta halaxe jarri dira. Segidan trentzadoa egin dute, lehenengoa gainontzekoen tartetik zigi-zaga eginez hasi da eta besteek haren atzetik jarraitu dute. Bukatzeko, berriz ere jarri dira bi ilaratan eta hasieran bezala dantzatu dute. Bukatutakoan plazaren bi izkinetan kokatu dira hurrengo dantzariak ikusteko. Hurrengo taldeak dantza bera egin du, eta horiek bukatutakoan haur txikienen taldea sartu da dantzara. Dantzek iraun bitartean bada jendea plazan dagoena baina ikuskizunari kasu handirik egin gabe bazter batean berriketan ari dena.

Arku dantza bukatu eta gero beste dantzari bat agertu da plazan. Besteen antzera dago jantzia baina koloretako zapirik gabe eta kapelu gorriarekin. Ama Birjinaren aurrean jarri da eta aurreskua dantzatu dio. Herritarren artean, batez ere adineko herritarren artean ikusmira berezi bat sumatzen zen aurreskuarekiko. Plaza erdialdera hurreratu dira asko dantza hobeto ikusteko eta bukatzerakoan pozarren komentatu dute zein ondo dantzatu duen eta zein polita izan den.

Aurreskua bukatutakoan salbea kantatzen hasi dira. Herritar batzuk salbean erabat sartuak daude; beste batzuk, ordea, hizketan ari dira eta kantari kasu gehiegirik egin gabe. Bukatzerakoan dantzariak berriz ere kokatu dira arku dantza egiteko prest eta dantzan egin dute plazatik elizarako bidea.

Hortxe bukatu dira goizeko ekitaldiak. Jendea ez da plazatik mugitu. Han gelditu da gehiengoa hizketan eta lasai. Gu plazako eskaileretan eseri gara, zer egingo pentsatuz. Intxaur batzuk ditut poltsoan eta erabaki bat hartu bitartean jaten ibili gara. Bidean zerbait bazkaltzea erabaki dugu, ordu bata t’erdiak dira jada. Kotxera abiatu gara, frontoi ondoko aparkalekuan dugu. Laredo aldera abiatu gara, han zerbait bazkalduta eta turismo pixka bat eginda etxera bueltatzeko asmoz.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Saioa Zabala Aristizabal

Saioa Zabala Aristizabal

Antropologiako laugarren mailako ikaslea eta Irungo Kemen dantza taldeko dantzaria naiz. Uda honetan herriz herri nabil tokian tokiko dantzak ikusten.