Dokumentuaren akzioak
Abuztuaren 3a, San Esteban eguna, Bera
Sargori dago eguraldia Berara iritsi garenerako. Jaietarako espreski belardi batean prestatutako aparkalekuan utzi dugu kotxea eta udaletxeko plaza aldera abiatu gara. Plazan ez dago itzalik eta eguzkiak bete-betean jotzen du. Plazako izkina batean alfonbra bat dago lurrean kuxin batekin batera, bitxia iruditu zaigu eta zer ote den pentsatzen aritu gara. Dantzariak plazan eta udaletxeko arkupetan daude beren artean hizketan. Alkandora eta galtza txuriak dituzte, txintxarriekin hornituta, bai hanketan bai eta besoetan ere. Gerriko eta kapelu gorria dute eta koloretako zapia. Oinetan zinta gorriak dituzten alpargata zuriak daramatzate jantzita.
Dantzariez gain ere bada jendea plazan, nahiz eta meza hasia dagoen eta herritar asko bertan egongo diren. Udaletxeko arkupeen aurrean kokatu gara, bertara begira dantzatzen baitute normalean dantzariek, eta tripodea ireki dugu meza bukatu bezain pronto grabatzen hasteko. Gero eta gehiago sumatzen da eguzkiaren berotasuna eta horrekin batera gorputzean behera irristatzen den izerdia. Eguzkitako krema atera dut poltsatik eta bistan dudan gorputzeko atal guztietan zabaltzeari ekin diot. Gero eta jende gehiago ari da hurbiltzen plazara, batzuk zuriz jantziak zapi gorriarekin eta beste batzuk edozein egunetako arroparekin.
Txistularien soinua entzuten hasi gara eta elizako eskaileretatik dantzariak musikaren erritmoan pausua markatuz jaisten ari direla konturatu gara. Kamera martxan jarri eta grabatzen hasi gara. Dantzarien atzetik bandera daraman gizon bat doa oinez, alkatea, zinegotziak eta apaiza atzetik dituela. Haien atzetik doaz txistulariak. Dantzariak arkuetako batetik sartu eta bertan zubia egin diete makilekin atzetik zituztenei. Denak arkupetara sartu ondoren berriz ere abiatu dira dantzariak plazara musikaren erritmoan eta borobila osatu dute. Segidan bandera zeramana ere sartu da plazara bandera eta guzti, eta alfonbraren gainean utzi du. Musika isildu da momentu horretan. Bandera-dantza egiteko prestatzen hasi da bandera daramana eta bandera lurretik altxa duenean dantzariak makurtu, musika hasi eta bandera astindu du herritarren aurrean.
Hortik pare bat minutura eta jada alfonbra plazatik jaso dutela, hamahiru laguneko taldea atera da plazara bordon-dantza dantzatzera. Plazan hiruki moduan kokatu dira udaletxeari begira, buruzagia ia arkupetan zela. Taldea gizon eta emakumez dago osatua, baina emakumeen presentzia nabarmen handiagoa da; hiru baino ez dira gizonezkoak. Buruzagia ere emakumea da. Herritarren animo eta oihuen artean dantzatu dute bordon-dantza eguzki galdatan. Musikariek musika aldatzearekin batera bukatu da dantza eta ikusleen txalo zaparradarekin batera sartu dira saltoka dantzan berriz arkupeetan.
Oso giro polita sortu da plazan bordon-dantzak iraun duen bitartean. Herritarrak dantzan oso sartuak daude eta dantza herri osoarena dela sentiarazi didate. Etengabe ibili dira oihuka eta animoak emanaz dantzariei, bai eta txaloka eta txistuka ere. Horrek dantzariak ere alaitzen ditu eta norbaiten izena oihukatzen duten aldiro dantzari horren aurpegia alaitzen dela konturatu naiz. Hunkigarria iruditu zait gertutasun hori dantzaren bidez transmititzea.
Bestalde, aipatu moduan, emakumeen presentzia mutilena baino askoz ere handiagoa izan da. Kontuan hartu beharra dago 2014ra arte emakumeek ez zutela bordon-dantza egiten eta lehenengo urte hartan hamahiru dantzaritik lau izan zirela emakumeak. Zortzi urteren ondoren, aldiz, gizon baino emakume gehiago aritu dira dantzan. Dantza talde moduan gizonen faltaz hausnartzen aritu direla kontatu digu bordon-dantzako kapitain Ane Eltzaurdia Mentaberrik. Aipatu digu falta hori orokorra dela, taldean gero eta gizon gutxiago daudela eta hori jaietako egun handiko dantzetan islatzen dela.
Segidan makil-dantzak dantzatu dituzte dantza taldekoek bai eta haur dantzariek ere. Guztira hamabi eta zortzi dantzarik osatutako bost taldek egin dituzte makil-dantzak. Bukaeran zahagiak atera dira plazara bihurrikeriatan lurretik arrastaka eta zahagi dantza dantzatu dute segidan. Gero, berriz ere talde guztiak plazatik atera dira zahagiek haien artean bultzaka eta jolasean jarraitzen dutela.
Makil-dantzekin batera bukatu da goizeko dantza saioa. Jendetza pilatu da plazan elkarren artean solasean. Igor Elortzaren eta Saioa Alkaizaren kantuek udaletxeko arkupetan bertso saioa hasia dela ohartarazi digute. Eguerdiko eguzkiaren indarra sumatzen da. Bertso saioa ikusten ari direnen artean bakarrak gara eguzkitan gaudenak. Itzaletara sartuko ginateke baina jendea ez molestatzeagatik eguzkitan gelditu gara. Nola ez, bertsoak bota dizkigute eguzkitan egoteagatik.
Arratsaldean soka dantza dantzatzen dute plazan eta ordua hurbiltzen ari dela bertara hurbiltzen hasi gara. Oraindik ez dago inor, ordu erdi inguru falta da. Goizeko toki berean jarri dugu tripodea eta lurrean eseri gara, orain itzaletan gaude. Poliki-poliki hasi da jendea plazara iristen. Batzuk goizean baino eleganteago jantzita daudela dirudi, zuriz eta zapi gorriarekin. Plaza inguruan tokia hartzen hasi dira, udaletxeko arkupeetan dauden aulkiak hartuz eta plaza inguruan jarriz. Berriketan ari dira gehienak. Dantzariak ere iritsi dira eta arkupeetan daude.
Soka dantza hogei pertsonak dantzatu dute. Horietatik hamarrek goizeko arroparen oso antzekoarekin dantzatzen dute, desberdintasun handiena txintxarrien falta da. Arropa horrekin zortzi mutilek eta bi neskak dantzatu dute. Gainontzeko hamarrak neskak dira eta gona, alkandora eta korpiño zuriak dituzte. Larrosa gorri bat dute gerrian eta zinta gorriko alpargata zuriak dituzte oinetan.
Halako batean txistu soinua entzuten hasi gara, eta antolakuntzan lanean dabilen batek adi egoteko esan digu, badatozela eta. Plazaren sarreran txistulariak agertu dira eta atzetik, sokan, dantzarietako batzuk. Lehenengo atzeskua, hamar neskak horren atzetik eta azkenik aurreskua. Beren artean zapi gorri bidez daude lotuak. Bai aurreskuak eta bai atzeskua mutilak dira eta biek dute kapelu zuria buruan. Soka udaletxeko arkupeetan sartu da eta aurreskua hasi da.
Goizeko arropa bera dutenak sartu dira plazara bata bestearen atzetik, kapelua behatz baten puntan bueltaka dutela. Goizean gertatu moduan dantzari neskak gehiago dira mutilak baino, gero gainontzeko hamar neskak sartuko baitira plazara. Dantzan ibili dira plazan bueltaka eta dantzarietako bi gainontzeko nesken bila joan dira arkupeetara eta sokan atera dira, elkarren artean zapi bidez lotuta daudela. Nesken bila joandako mutilek banan-banan kokatu dute bakoitza bikotearen ondoan. Agurraren musika jotzen hasi dira txistulariak, eta aurreskua eta bere bikotea plaza erdira sartu dira. Neskak egin du agurra udaletxera begira. Bukatutakoan atzeskua eta bere bikotea sartu dira plazara eta oraingoan atzeskuak dantzatu du agurra. Berriz ere sokan jarri eta dantzan hasi dira denak musikaren erritmoan saltotxoak emanaz. Borobila osatu dute gero, neskak udaletxearen aldean kokatuz eta mutilak kontrakoan. Bikoteka sartu dira borobilaren erdira alpargata bitxi bat dantzatzera. Bikote guztiek alpargata dantzatu ondoren, fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte denek batera. Azkenik, plazatik irten dira kalejiran eta ikusleen txalo zaparrada jaso dute.
Arratsaldeko saioan zortzi mutilek eta hamabi neskak dantzatu dute; goizekoan, aldiz, hamar neska eta hiru mutilek. Goizekoan genero-bereizketarik gabe dantzatu dute denek berdin-berdin. Arratsaldekoan, ordea, nabaria da genero-bereizketa, arroparen bidez bereziki, baina baita dantzan ere. Goizeko arroparekin dantzatu dutenek askoz ere gehiago dantzatu dute besteek baino. Era berean, arratsaldean bi bikote neskaz osatuta egon dira, nahiz eta arropak desberdindu duen bakoitzaren postua. Bitxia da dantza taldean mutil falta handia egonda ere soka dantzan bereizketa horiek egoten jarraitzea, eta mutilak izatea, salbuespenak salbuespen, dantzaren zati handiena dantzatu dutenak. Beraz, emakumeak izan dira protagonista nagusi bordon-dantzan; arratsaldeko soka-dantzan, aldiz, aurrerapausoekin bada ere, genero-bereizketa nabaria izan da.
Hausnarketa hori buruan dudala gauzak zorroetan jasotzen hasi gara. Hala, plazatik atera gara egun luze baten ondoren etxera bueltatzeko intentzioarekin.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Saioa Zabala Aristizabal
Antropologiako laugarren mailako ikaslea eta Irungo Kemen dantza taldeko dantzaria naiz. Uda honetan herriz herri nabil tokian tokiko dantzak ikusten.