Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Saioa Zabala Aristizabal Abuztuaren 27a, San Bartolome jaiak, Oikia

Dokumentuaren akzioak

Abuztuaren 27a, San Bartolome jaiak, Oikia

2022/10/19 08:40
Abuztuaren 27a, San Bartolome jaiak, Oikia

Zahagi-dantza, San Bartolome jaiak, Oikia, 2022-08-27. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Goizeko zazpietan atera naiz etxetik. Zortzietan puntuan Oikiako plazan daude geldituak dantzariak. Iritsi naizenerako dantzari mordoxka bat bada jada bertan gainontzekoen zain. Aurpegietan nabari zaie bezperan parranda egin dutela. 

Zuriz jantzita daude, gerriko eta kapelu gorriekin. Alpargatak zuriak dira, zinta gorriekin. Zapi gorria dute lepoan. Kamiseta zuria dute denek soinean, mahuka motxekoa baina kamiseta ia denak ez dira guztiz zuriak. Askok zerbait dute idatzia aurreko aldean, batzuk esaterako erdian handi-handi Oikia jartzen duen kamiseta bat dute. Pareta batean sostengatuta zuriz, berdez eta gorriz pintatutako hainbat makila daude, nahiko luzeak direnak. Kalearen beste aldean baserriz baserri ibiltzeko alokatu duten furgoneta zuria dago irekita.

Mutilak dira denak, bai eta musikariak ere. Bertaratu aurretik banekien dantzari guztiak mutilak izan ohi direla baina ikusitakoan sentsazio arraroa sentitu dut, jada ez nago ohitua dantzarien artean neska bat bera ere ez ikustera. Bestalde, aipatu behar da mutil horiek ez direla beren egunerokoan dantzan ibiltzen. Herriko gazteak dira, erritual honetan parte hartzeko zahagi-dantza ikasten dutenak.

Etortzea espero zuten guztiak iritsitakoan bi aldiz entseatu dute zahagi-dantza. Bukatutakoan soberan dauden makilak furgonetan sartu eta bideari ekin diote maldan behera. Segituan iritsi dira lehenengo baserrira. Bertan zahagi-dantza egin, poltsa pasa eta hurrengora abiatu dira. Baserri batera iristen ari diren aldiro trikitilariak musika jotzen dute, baita baserritik aldentzen hastean ere. Gainontzeko bidea musikarik gabe egiten dute ia beti, norbait trikitilariez gogoratu eta musika jotzeko eskatu arte.

Oikia oilasko biltzea
Oilasko biltzea, San Bartolome jaiak, Oikia, 2022-08-27. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Bi baserritan dantzatu eta gero autopista gurutzatu eta beste aldeko baserrietara joan dira. Horietan dantzatu ostean, bidea jada luzeagoa denez furgonetan sartu gara denak. Guztira hogei bat dantzari, bi trikitilari, txistulari bat, gidaria eta ni neu gara, hogeita bost pertsona gutxi gorabehera. Justu-justu sartu gara denak furgonetaren atzeko aldean. Zutik egin dugu bidea. Heldulekurik ez dagoenez furgonetako paretetan dauden zuloetan hatzak sartuta saiatu gara orekari eusten. Hala ere, baten bat erortzeko zorian egon da momenturen batean. Parranda giroa da nagusi furgonetan. Erdi ilunpetan gaude eta elkar zirikatzen ari dira etengabe. Halako batean argia piztu daitekeela esan du norbaitek, bai eta egin ere. Bero izugarria egiten du, ez dago leihorik eta erabat pilatuta gaude. Argia itzaltzeko oihuka hasi dira batzuk, argiak beroa ematen omen die eta. Argia berriz itzalita ilunpetan eta broma artean egin dugu bidea.

Oikia oilasko biltzea
Oilasko biltzea, San Bartolome jaiak, Oikia, 2022-08-27. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Iritsi eta birritan dantzatu dute. Bigarren baserriko andrea lo dago eta atera aurretik dantzatu dute, ikuslerik gabe. Bukatu eta segituan atera da andrea balkoira, brometan eta erdi kexaka lo zegoela eta esnatu egin dutela oihuka hasi zaie. 

Berriz ere furgoneta aldera abiatu gara. Furgonetako atzeko aldean jende asko joan behar denez eta heltzeko toki askorik ez dagoenez soka urdin batzuk hartu, aizkorarekin moztu eta furgonetako sabaian jarri dituzte lotuta helduleku moduan. Hori egiten ari direla zain ez egotearren batzuk oinez abiatu dira maldan behera hurrengo baserrira, nahiko gertu omen dago eta. Besteak, bukatutakoan, furgonetara igo, soketan heldu eta behera abiatu gara. Barruko beroa jasanezina denez alde bateko atea irekita egin dugu bidea. Atea makiletako batekin eutsi dute, ez ixteko. 

Atea zabalik dugula iritsi gara herrira. Bertako etxe sail batean eta baserri batean dantzatu eta herritik atera gara berriro ere, oraingoan kontrako alderantz. Errepidera sartu eta segituan jatetxe batera iritsi gara. Bertan beste behin dantzatu dute zahagi-dantza. 

Oikia oilasko biltzea
Zahagi-dantza, San Bartolome jaiak, Oikia, 2022-08-27. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Hogei dantzari inguru diren arren ez dute aldiro denek dantzatzen. Zortzik dantzatzen dute makilarekin (bi lerrotan kokatuta) eta beste bik zahagiekin. Buruzagi bat ere badago buruzagi makilarekin. Makil hori besteak bezala dago pintatuta baina askoz ere txikiagoa eta finagoa da. Goiko aldeko puntan zinta zuri, gorri eta berdeak ditu zintzilik. Buruzagi lanak hiru dantzariren artean partekatzen dituzte. Bestetik, taldeko dantzariak aukeratzeko badute ordena bat. Dantzari bakoitzak zenbaki bat du eta baserri bakoitzera iritsitakoan norbaitek zenbaki batzuk esaten ditu, zenbaki hori dutenek dantzatzen dute. Gainera, baserri guztietara iritsitakoan eta dantzatu aurretik suziri bat botatzen dute han inguruan. 

Dantzaren hasieran buruzagiak txotxongiloko musikarekin txotxongiloko pausuak egiten ditu. Doinua bukatzean gipuzkoako dantzetako deia egiten du eta horrekin batera beste guztiak dantzan hasten dira. Lehen zatian, aurrera eta atzera saltoka ibiltzen dira, makilarekin lurra musikaren erritmoan kolpatuz. Bigarren zatian, zahagietako bat aurreko laukotearen erdian makurtzen da eta bestea atzekoaren erdian. Bikoteari begiratu eta makilak kolpatzen dituzte musikarekin batera, azken kolpea laukotearen erdian dagoen zahagiari sasoiz emanaz. Bukatzeko, denek batera egiten dute deia berriro ere. 

Jatetxean hamaiketakoa jada prest dago mahai batean. Pastelak, gailetak, ura eta sagardoa daude. Hamaiketakoa egin bitartean jatetxearen jabeak oilar bat eman die eta oilaskoak jartzeko makilan jarri dute. Hankak lotuak ditu eta bertatik zintzilikatuta utzi dute makilan.  Hamaiketakoa bukatuta berriz ere dantzatu dute esker ona adierazteko, eta segidan bidean aurrera jarraitu dugu. 

Hurrengo baserria bertan dago, errepidearen beste aldean. Errepideari pegatuta dago eta errepideko eskuineko errailean dantzatu dute. Aurrera jarraitu dugu errepidetik, hizketan. Hamar bat minutu oinez ibili ondoren beste jatetxe batera iritsi gara. Bertan dantzatu eta jada prest dagoen mahaian esertzera abiatu dira denak. Bertan hamaiketakoa egin dugu berriro. 

Oikia oilasko biltzea
Oilasko biltzea, San Bartolome jaiak, Oikia, 2022-08-27. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Bukatutakoan, berandu dela eta furgonetan sartu gara berriz, baita oilarra ere, makilan sartuta dagoela. Iritsi eta berriz dantzatu ondoren beste hamaiketako labur bat egin  dute, sagardoa eta fruitu lehorrak. Ondoren, basoan sartu eta bide zati labur bat bertatik egin dugu. Harrizko zubi bat igaro eta beste bi baserri dauden tokira iritsi gara. Bertan ere bi aldiz dantzatu dute eta berriz egin dute hamaiketakoa. Zahatoa husten ari dela eta etxeko andreak bertan betetzeko esan die. Batzuei zahatoan kalimotxoa egitea bururatu zaie, bai eta egin ere beste batzuen kexa artean. 

Oikia oilasko biltzea
Oilasko biltzea, San Bartolome jaiak, Oikia, 2022-08-27. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Berriz ere furgonetara abiatu gara, oraingoan bidea nahiko motxa izan da eta ateak itxi gabe egin dugu. Jada batzuen kamiseta zuriak ez dira hain zuriak, ardoz eta masustaz zikinduta daude. Hurrengo baserrira iritsi eta behin dantzatu ondoren batzuk oinez abiatu gara herri aldera. Beste batzuk furgonetan, oraingoan atzeko atea ere irekia dutela. Herriko hainbat etxetan dantzatu ondoren eta berriz ere hamaiketako txiki bat egin ondoren plazara iritsi dira. Plazan goizean baino askoz ere jende gehiago dago, eta inguruko tabernak ere beteak daude. Bertan berriz ere dantzatu dute zahagi dantza eta segidan dirua jasotzeko poltsa pasa dute herritarren artean. 

Oikia oilasko biltzea
Zahagi-dantza, San Bartolome jaiak, Oikia, 2022-08-27. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Inguruko taberna batera gerturatu eta pare bat sagardo botila atera dituzte. Han egon dira hamar bat minutuz, ordulariari begiratu dioten arte. Eguerdiko ordubiak eta erdi dira eta oraindik hainbat baserritan dantzatzea falta zaie. Berehala abiatu dira berriz furgonetara bidearekin jarraitzeko. Ni ere orduaz jabetuta, furgonetara joan beharrean, agurtu eta kotxean sartu naiz etxera bueltatzeko.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Saioa Zabala Aristizabal

Saioa Zabala Aristizabal

Antropologiako laugarren mailako ikaslea eta Irungo Kemen dantza taldeko dantzaria naiz. Uda honetan herriz herri nabil tokian tokiko dantzak ikusten.