Dokumentuaren akzioak
Abuztuaren 16a, San Roke eguna, Deba
Askotan hitz egin didate Debako San Rokeez baina ez naiz sekula bertara joan jaietan. Jakin ere badakit ezpata-dantza dantzatzen dela baina ez dakit ezer ere ez dantza horren inguruan. Goizeko 9:30ean hasten dira dantzan Plaza Zaharrean. Garaiz iristeko nahiko goiz gelditu gara. Iritsitakoan aparkalekuaren bila hasi gara. Taberna baten paretik pasatu gara bidean, jendez lepo dago. Gazteak dira denak eta gaupasaz daudenaren itxura guztia dute.
Plazan ez da jende asko ageri oraindik, nahiz eta jendea hurbiltzen ari dela ikusten den. Bederatziak eta laurden pasatxo dira. Gehienak zuriz jantzita daude eta zapi gorria dute lepoan. Erraldoiak iritsi dira plazara eta izkina batean kokatu dira.
Kanpaiak jotzen hasi eta segidan San Roke elizatik atera dute. Txistularien musikarekin batera dantzariak agertu dira saltoka. Ezpata-dantza egin dute San Rokeri begira, eliza parean, kanpaiek joka jarraitzen dutela. Kolore zuriko galtza eta alkandorak dituzte jantzita. Gerriko gorria dute, bai eta kapelu gorria ere. Alpargata zuriak dituzte zinta gorriekin lotuak. Dantza taldeko zapi gorria dute denek lepoan. Ezpata-dantzan eskuineko aldean daudenek urdin argia den banda bat dute ezkerreko sorbaldatik eskuineko gerrira, eta besoetan kolore bereko zinta bana dute lotuta. Ezkerreko aldean daudenek, aldiz, banda gorri bat dute eskuin sorbaldatik ezker gerrira. Horien besoetako zintak gorriak dira. Lehenengo postuan dagoenak bi koloretako bandak ditu gurutzatuta. Besoetako zintak ere desberdinak dira, eskuineko besokoa urdina da eta ezkerrekoa gorria. Beren artean zinta zuri gorriz bildutako makila bidez lotzen dira eta horiekin dantzatu dute ezpata-dantza. Azken bi dantzariek, gainera, mota bereko makila txikiago bat ere badute libre duten eskuaren bidez sorbaldan jarria dutena.
Ezpata-dantza bukatuta atzeko bi dantzariak buruzagiarengana hurbildu eta makila txikiak eman dizkiote. Hala bi makila horiek hartuta buruzagiak San Rokeri dantzatu dio makilak airean astinduz. Bukatutakoan makurtu eta burua jaitsi du.
Makilak astintzen hasi den momentua oso berezia iruditu zait, emozio puntu batekin hartu nau eta pentsatzen hasi naiz bertakoa izango banintz ziurrenik dantza oso kuttuna izango nuela. Jende mordoxka bildu da azkenean eliz atarian. Une oso berezia izan dela esango nuke, egun garrantzitsu baten hasiera. Herria oraindik esnatzen ari da, gaupasaz daudenak lotara bidean daudela.
Segizioan abiatu dira dantzan, atzetik txistulariak, San Roke, apaiza, udal korporazioa eta erraldoiak dituztela. Hurrengo geldialdia zezen plazaren parean egin dute. Bertan berriz ere dantzatu dute elizan egindako modu berean. Bukatutakoan zezen plaza eta etxeen artetik aurrera jarraitu dute eta bertan dantzatzeari utzi diote. Momentu horretan dantzariengana hurbiltzeko tartea eduki dugu eta haiekin hizketan ibili gara. Segidan San Roke ermitara igotzeko unea dela komentatu digute. Santua iritsitakoan meza hasten da eta meza bukatu eta berehala dantzatzen dute berriz ere.
Poliki-poliki ermitarako bidea hartu dugu dantzariekin batera. Bidea ez da oso luzea baina maldan dago dena. Izerdi patsetan iritsi gara. Meza noiz bukatuko zain egon gara ordu erdi inguru, zertxobait gehiago agian. Bukatutakoan San Roke ermitatik atera dute eta kanpoko belardi txikian jarri dute. Eskaileretan prest eta zain dauden dantzariak igo eta santuaren parean dantzan hasi dira, aurreko bi aldietan egin duten bezala.
Bukatuta herri aldera abiatu dira oinez. Bidean hamaiketakoa egin dute. Herritar gehienek han jarraitzen dutela dantzariek behera jarraitu dute San Rokerekin batera. Herrira iritsita berriz ere segizioan dantzan hasi dira eta beste hiru aldiz dantzatu dute ezpata dantza. Azkenekoa elizan izan da eta dantza bukatu ondoren santua barrura sartu dute berriro ere. Dantzariek, aldiz, aurrera jarraitu dute dantzan zezen plazaren kanpoaldera iritsi arte, bertan bukatu dute ezpata-dantza.
Dantzarien lanak ez dira oraindik guztiz bukatu, ordea. Ordu erdi eskasean berriz ere dantzatuko dute zezen plazan, soka-dantza oraingoan. Denbora tarte honetan arropaz aldatzera joan dira. Gu plazan sartu gara eta itzaletan dagoen tokitxo batean muntatu dugu tripodea. Jendea poliki-poliki harmailetara hurbiltzen ari da. Jada herria esnatu da, nahiz eta goizean gaupasaz zeuden gazteak ez diren inondik ageri. Gero eta haur gehiago dago plazan, harmailetatik hondarretara salto eginaz jolastuz asko.
Dantzariak plazaren sarreran daude. Ezpata-dantzako arropa ia bera dute, baina bandak eta besoetako zintak kendu dituzte. Hasteko zain gaudela dantzarietako bat gure atzean eserita dagoen emakume batengana hurbildu da. Galdegin dio ea prest dagoen sokara ateratzeko eta atzeskuak berari dantzatzeko. Baietz erantzun dio, ondoan duen haurrari bakarrik geratzea axola zaion galdetu ondoren. Bere tokitik jaiki eta dantzariak dauden tokira abiatu da emakumea.
Musika hasita dantzariak plazara sartu da. Alkateak ireki du soka aginte makila eskuan duela. Musika bukatutakoan alkateak plazaren erdian dantzatu du eta ondoren sokatik irten da. Segidan, aurreskuak desafioa dantzatu du birritan, bata plazaren alde batera begira eta bestea kontrako aldera begira. Desafioak bukatuta alpargata dantzatu dute.
Alpargatak bukatu ondoren sokatik bi dantzari atera eta neska bat sartu dute sokan, aurreskuak agurra dantzatu dio. Ondoren, gure atzean zegoen emakumearen bila joan dira eta atzeskuak dantzatu dio. Bi horiek sokan sartuta atzeskua eta aurreskua plaza erdian jarri eta desafioa dantzatu dute. Ondoren, danbolin bat jarri dute lurrean. Sokaren erditik dantzari bat atera eta kapelua danbolinaren gainean jarrita dantzatu dio. Dantzaria sokara bueltatu denean biribil bat osatu dute eta fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte. Azkenik kalejira egin dute plazan eta plazatik irten dira saltoka ikusleen txaloen artean.
Soka-dantza bukatuta kamera itzali eta gauzak jaso ditugu. Zezen plazatik urruntzen hasi gara eta hondartza aldera abiatu gara, bertan baitugu autoa. Gauzak autoan gorde, leihoak ondo ireki eta etxerako bidea hartu dugu, goiz eder bat pasatu izanaren sentsazioarekin.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Saioa Zabala Aristizabal
Antropologiako laugarren mailako ikaslea eta Irungo Kemen dantza taldeko dantzaria naiz. Uda honetan herriz herri nabil tokian tokiko dantzak ikusten.