Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Saioa Zabala Aristizabal Abuztuaren 15a, Ama Birjina eguna, Donostia

Dokumentuaren akzioak

Abuztuaren 15a, Ama Birjina eguna, Donostia

2022/10/17 14:10
Abuztuaren 15a, Ama Birjina eguna, Donostia

Ezpata-dantza, Ama Birjina eguna, Donostia, 2022-08-15. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Hamaikak aldera iritsi naiz Donostiara, Bulebarrean nago gelditua. Iritsi naizenerako hantxe nuen Amaiur zain. Konstituzio plaza aldera abiatu gara, han ari baitira aldatzen dantzariak. Hamabiak arte ez dira dantzan hasten, denbora soberan dugu. Konstituzio plazan eszenatoki handi bat dago, Aste Nagusian arratsaldero egiten diren emanaldietarako. Gaurkoa, aldiz, ez da eszenatoki gainean izango. Alde zaharreko kaleetan ibiliko dira ezpata-dantza eginaz eta plazan bukatuko dute saioa.

Portu aldera abitu gara dantza taldeko beste lagun batzuekin batera han hasten baitute ibilbidea dantzariek. Euren atzetik ibili gara ibilbidean zehar. Jende ugari dago kalean. Batzuk espresuki joanak dira ezpata-dantza ikustera. Turistak dira beste asko. 

Dantzatu ondoren berriz ere prestatu dira hurrengo geldialdira abiatzeko. Gu atzetik joan gara hasieran baina gero aurreratzen saiatu gara, aurretik hobeto grabatzeko eta argazkiak ateratzeko. Labur itxaron dugu bertan eta aurrera jarraitu dugu San Bizente elizaraino, hori baita hurrengo geldialdiaren lekua. Elizaren kanpoaldean dantzatu dute. Irribarretsu aritu dira dantzariak, gustura. 

Ezpata dantza donostia
Ezpata-dantza, Ama Birjina eguna, Donostia, 2022-08-15. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Genero markarik gabeko arropa dute soinean dantzariek. Arropa zuria dute. Alkandora, belaunerainoko galtzak eta galtzerdiak. Galtzen gainetik gona zuri motz bat dute jarrita. Gerrian gerriko gorria dute. Alpargatak zuriak dira eta zinta gorriak dituzte. Azkenik, buruan zapi zuri bat dute, izkinak gorriak dituenak. 

Aurrera jarraitu du segizioak. Guk, ordea, ez dugu atzetik jarraitu. Konstituzio plazara zuzenean eta beste bide batetik joatea erabaki dugu, tokia hartzera. Ezkerreko aldeko aulkiak itzaletan dauden bakarrak dira, bertan dago eserita jende gehiena. 

Denborak aurrera jarraitu du eta txistularien soinua entzun dugu urrutian, badatoz. Txistulariak plazako sarreretako batean daudela ikusten da. Gero eta jende gehiago gerturatzen ari da aulkietara. Gero eta toki gutxiago gelditzen dira libre, itzaletan bat bera ere ez. Itzaletan dauden aulkien atzean jendea zutik pilatzen ari da, itzal bila batzuk, taberna inguruetatik ikusmiran besteak. 

Halako batean txistulariak musika jotzen hasi eta plaza aldera abiatu dira, atzetik bandera eta segidan dantzariak elkarren artean ezpata bidez lotuak, aurreko ibilbidean egin bezala, aurrean erdian dantzari bat eta hari ezpata bidez lotutako lau ilara atzetik.  Azkenik ezpata txikiak dituzten lau dantzariak. Plazara sartu eta aurreraino iritsitakoan atzera egin dute buelta dantzariek, ondoren ezpata txikiak dituztenak pasa dira aurrera. Hala, ezpata-dantza egin dute lau horiek ezpata txikiekin eta buruzagiak taldeari lotuta. Bukatutakoan askatu eta korrika ibili dira plazaren inguruan ilara bakarreko biribil batean, azkenean plazako irteeran zubi bat egin dute. Orduan bandera duena erdira atera da eta bandera astindu du. Bukatutakoan denak atera dira plazatik.

Ezpata dantza donostia
Ezpata-dantza, Ama Birjina eguna, Donostia, 2022-08-15. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Ezpata-dantza plazan dantzatu ondoren brokel makilen zikloko dantzak dantzatu dituzte. Dantza bakoitzaren bukaeran talde osoa plazatik atera eta berriz ere sartu dira, taldea beste era batean eta beste dantzari batzuekin osatuta. Era horretan agurra, makil txiki, zinta-dantza, uztai-txiki, brokel-dantza, uztai-handi, etab. dantzatu dituzte. Buruzagia dantza bakoitzean aldatu dute. Taldea plazatik atera bitartean beste buruzagia sartzen da plazara eta bertan egiten dute buruzagiaren makilaren aldaketa natural-natural.

Ezpata dantza donostia
Uztai Txiki, Ama Birjina eguna, Donostia, 2022-08-15. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Brokel makilen zikloa bukatua soka-dantza egin dute. Sokan sartu dira dantzariak lehenengo, ondoren desafioak dantzatu dituzte eta gero alpargatak. Segidan publikoko jendea sartzen hasi dira, lehenengoari aurreskuak dantzatu dio eta bigarrenari atzeskuak. Ondoren, soka guztia publikoko jendearekin tartekatu dute eta beste hainbat aldiz dantzatu dute aurreskuak eta atzeskuak. Bukatzeko, biribil bat osatu dute plazaren erdigunean eta fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte. Bi dantzak bikotean dantzatu dituzte nahiz eta biribilean egon. Barruko biribilean kalez jantzitako jendea jarri da fandangoan eta kanpokoan dantzariak. Arin-arina egiteko, aldiz, tokiz aldatu dira. Ikusleen artean dagoen jendea plazara sartzeak freskotasuna eman dio soka-dantzari, emanaldi kutsua kenduz. Bukatzeko kalejira egin dute eta halaxe atera dira plazatik, saltoka.

soka dantza donostia
Soka-dantza, Ama Birjina eguna, Donostia, 2022-08-15. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Dantzak bukatuta gauzak jaso eta dantzariak dauden tokira joan gara. Arropaz aldatuta daude jada eta materiala jasotzeko ari dira. Bukatutakoan dutxatzera joan dira gehienak. Bien bitartean taldeko beste batzuekin zerbait hartzera joan gara. Tripodea eskuetan ez edukitzeko lurrean muntatua uztea erabaki dugu, hala bera bakarrik eusten baita. Esekitoki moduan erabili dute eta azkenean elastiko bat “jantzi” diogu. Dantzariak poliki-poliki iristen hasi dira eta azkenean bazkaltzera abiatu gara. Seiak aldera bukatu dugu bazkaltzetik eta segidan aizkolariak daude Trinitate plazan. Balkoitik ikusi ditugu. Bukatutakoan berriz ere kalera jaitsi gara eta taberna batean egon gara dantzan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Saioa Zabala Aristizabal

Saioa Zabala Aristizabal

Antropologiako laugarren mailako ikaslea eta Irungo Kemen dantza taldeko dantzaria naiz. Uda honetan herriz herri nabil tokian tokiko dantzak ikusten.