Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Saioa Zabala Aristizabal Abuztuaren 12a, gazteen eguna, Leitza

Dokumentuaren akzioak

Abuztuaren 12a, gazteen eguna, Leitza

2022/10/14 00:00
 Abuztuaren 12a, gazteen eguna, Leitza

Ingurutxoa Leitzako plazan, 2022-08-12. Irudia: Saioa Zabala Aristizabal

Lainotuta dago kotxean sartu eta Leitzara abiatu garenean. Esperantza dut bezperan bezain beste bero pasako ez dugunik. Leitzara iritsitakoan, ordea, eguraldia desberdina dela ohartu gara, sargori dago eta nahiz eta ez duen atzoko berorik egiten izerditan gaude jada. Plana erdi egina genuen lagun batzuen artean bertara elkarrekin joan eta gero Gozategiren kontzertura gelditzeko baina azkenean denei izugarrizko nagia eman digu eta dantzak ikustera bakarrik etorri gara.

Plazan zezenak daude dantzak baino lehen eta beraz zezen plaza itxia dago. Herriari buelta eman diogu plazaren beste aldera iristeko. Dantzak egingo diren plaza ingurua hutsa dago. Zezen plaza inguruan ere ez da jende asko ageri. Asko oraindik tabernetako mahaietan daude eseriak, bazkalondoan. Gutxinaka-gutxinaka jende gero eta gehiago gerturatzen ari da plazara eta zezenak plazan sartu direnerako hesi inguru guztia betea dago, bai eta inguruko petrilaren bat.

Taberna batean sartu gara eta Coca cola bat eta kafe bat eskatu ditugu. Denbora asko gelditzen da oraindik dantzak hasteko eta hantxe egon gara hasieran erdi lo beroagatik eta nekeagatik. Kafeinak efektua egin eta berehala berpiztu gara eta hitz eta pitz hasi gara. Sartu garenean taberna ia hutsik zegoen, orain gero eta jende gehiago sartzen ari da eta edariak plastikozko basoetan eskatuta berriz ere kanpora joaten dira. Leiho ondoan dagoen mahai batean gaude eserita, hala primeran ikus dezakegu plaza eta jendea bertara inguratzen hasten denean gu ere hurbilduko gara tokia hartzera. 

Ingurutxoa Leitza
Ingurutxoa, Gazteen eguna, Leitza, 2022-08-12. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Jendea poliki-poliki plazan tokia hartzen hasi da, nahiz eta oraindik hiru ordu laurden eskas gelditzen diren dantza emanaldia hasteko. Hori ikusita bertara hurbildu gara gu ere eta petrilean toki bat hartu dugu. Eguzkitan gaude, baina haizea dabil eta goxo egoten da. Abanikoa ere badugu badaezpada. Segituan hasi da plaza betetzen. Jada ez dago tokirik gure ondoan eta atzean ere jende asko dago. Gure azpian dauden eskaileretan ere jendea eseri da dagoeneko, bai eta lurrean ere.

Ingurutxoa Leitza
Ingurutxoa, Gazteen eguna, Leitza, 2022-08-12. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Ordua iritsi denean txistulariak berentzat espreski plazan gordea duten tokitxo batera sartu dira. Dantzariak hurbildu dira plazaren sarrerara eta musika hastearekin batera dantzan sartu dira plazan. Sokan sartu dira zortzi mutil, galtza ilun, alkandora zuri eta txalekoekin. Batzuk txalekoa irekia dute, beste batzuk itxia. Alpargata zuriak eta kapelu beltza dituzte.

Ingurutxoa Leitza
Ingurutxoa, Gazteen eguna, Leitza, 2022-08-12. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Ingurutxoa hasi eta segituan bi mutil sokatik irten eta neska baten bila joan dira. Horri dantzatu dio aurreskuak. Ondoren sokara sartu dute eta beste neska baten bila joan dira, atzeskuak dantzatu dio horri. Azkenik, gainontzeko nesken bila sartu dira eta horiek dakartzaten zapiekin sokan lotu dira denak, mutil eta neska tartekatuz. Neska guztien arropak desberdinak dira beren artean. Batzuek txanbra dute jantzia, besteek alkandora zuria, eta denek dute gona. Batzuk kolore batekoa eta besteek bestekoa. Oinetako beltzak dituzte jantziak eta ilea trentza itsatsi baten bidez dute lotua.

Ingurutxoa Leitza
Ingurutxoa, Gazteen eguna, Leitza, 2022-08-12. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Neska guztiak sokan sartu ondoren dantzak aurrera jarraitu du, hainbat zubi egin dituzte eta atzeskuak eta aurreskuak berriz ere dantzatu dute. Ondoren soka gelditu eta mutilak beren bikotearen parean kokatu dira. Mutil guztiek dantzatu diete batera beren bikoteei. Bukatutakoan ez dute soka berriz ere osatu. Bakoitza bere bikotearen ondoan geratu da eta dantzan hasi dira bikotean aurreraka eginaz. Lehenengo bikotea aldiz ez zegoen elkarren ondoan kokatua, mutila neskaren aurrean kokatu da eta aurreraka egin du dantza bidea markatuz, noizbehinka biratu eta neskari begira dantzatu du atzeraka joanaz.

Momentu batean denak gelditu eta lehengo bikoteak eta azkenekoak soilik dantzatu dute, elkarren artean zapiarekin lotuta. Lehen bezala lehenengo bikotean mutila neskaren aurrean jarri da eta noizbehinka biratu eta atzeraka joan da neskari begira dantzatuz. Azken bikotea, aldiz, elkarren ondoan jarrita dagoela  ibili da dantzan.

Ondoren, berriz ere bi bikoteak beren tokian jarri dira eta berriz hasi dira bikote guztiak dantzan, elkarren artean zapi bidez lotuta zeudela. Dantzak aurrera jarraitu du eta azkenean musikarekin batera plazatik irten dira dantzan.

Ingurutxoa Leitza
Ingurutxoa, Gazteen eguna, Leitza, 2022-08-12. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Ez nuen Leitzako ingurutxoa inoiz ere ikusia. Dantzatzen ari zirela pentsatzen aritu naiz gustatzen ari zaidala. Gainera. dantza taldekoak egiten ari diren ingurutxoaz gain jaietan zehar hainbat momentutan herritarrek dantzatzen dutela jakiteak xarma berezia ematen dio. 

Dantza hasi aurretik baino askoz ere jende gehiago dago inguruan. Nire ondoan ume bat dago, petrilera igotzen saiatzen dena baina gurasoek ez diote uzten. Justu-justu ikusi du dantza nire eta nire ondokoaren belaunen artetik. Gero eta gehiago pegatzen ari naiz ezkerraldera eta azkenean tokirik gabe geratu gara. Ingurutxoa bukatu da baina dantza emanaldiak aurrera jarraitzen du Ia bi ordu iraun duen saioa egin dute. Uste baino gehiago luzatu dira eta giroan sumatzen da, umeak aspaldi aspertu dira eta buruhandiak noiz agertuko zain daude. 

Bukatu denean ezin ginen ia lekutik mugitu, erabat trabatuak genituen hankak. Azkenean kostata baina lortu dugu petriletik jaistea. Zer egin pentsatu baino lehen komun baten bila hasi gara, bezperako taberna berean sartu gara. Momentu horretan bertan buruhandiak pasa dira txarangarekin batera taberna paretik. Lehengo umeekin gogoratu naiz, behintzat merezi izan die bi ordu eguzkitan dantzak ikusten egoteak. Giro paregabea dago, iluntzen hasi da jada baina tenperatura oso atsegina da.

Tabernatik atera eta herriaren kanpoaldera abiatu gara buruhandien atzetik. Espaloira igotzea erabaki dugu, ez dugu inolako gogorik buruhandien kolperik jasotzeko eta bai haur eta bai heldu jipoitzen ari dira. Buruhandiak  eta  txaranga aurreratu eta jai girotik aldendu gara.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Saioa Zabala Aristizabal

Saioa Zabala Aristizabal

Antropologiako laugarren mailako ikaslea eta Irungo Kemen dantza taldeko dantzaria naiz. Uda honetan herriz herri nabil tokian tokiko dantzak ikusten.