Dokumentuaren akzioak
Abuztuaren 11, San tiburtzio, Leitza
Bero itzela egiten du gaur, hogeita hamar gradutik gora. Eguerdian Leitzako ezpata-dantza ikustera noa. Bakarrik joateko asmoa nuen baina azken momentuan aitak nirekin etorriko dela esan dit. Iritsi eta aparkatzeko lekua bilatzen hasi gara, ez dago askorik eta herriaren sarreran aparkatu behar izan dugu. Plaza aldera abiatu gara. 11:00 izango dira gutxi gora behera. Bidean gaupasaz dagoen koadrila batekin gurutzatu gara, kotxea bilatzen ari dira baina inork ez du gogoratzen non dagoen. Festa giroan daudenez gain ere badago jenderik, bi txirrindulari oinez doaz gure aurretik, herriaren erdigune aldera.
Plazara iritsi gara. Sarreran zezen plaza dago muntatuta. Zezen plazaren ondoan bazter batean txosna bat dago. Momentu horretan zezenik ez dagoenez zezen plazaren alde batetik bestera oinez igaro daiteke, nahiz eta badiren bazterretan hori beti horrela ez dela adierazten duten hesiak. Zezen plaza igaro dugu eta plazara iritsi gara. Jendez gainezka daude jada inguruak, toki batzuetan zazpi ilara daude plazaren inguruan. Jendea petrilean, lurrean, zutik… toki guztietan dago. Gero eta bero handiagoa egiten du eta eguzkiak bete-betean jotzen du. Ura erosi eta plaza inguruan dagoen tokitxo batean jarri gara. Tripodea muntatu eta kamera bertan jarri dut. Jendeari argazkiak ateratzen hasi naiz. Sekulako giroa dago plazan, herri guztia bertan dagoela dirudi. Eguzkia parez pare dugu eta eguerdia da ia. Izerdia gero eta nabariagoa da. Jende asko abanikoarekin bere buruari haizea ematen ari da.
Berrogeita bost minutu eman ditugu eguzki galdatan dantzak noiz hasiko zain. Jada ez dago tokirik plazan, gure inguruan ere jende mordoa jarri da eta gure atzean beste pare bat ilara daude gutxienez. Azkenean txistulariak agertu dira eta plazara sartu dira. Gure pare parean jarri dira. Dirudienez inork ez zuen espero musikariak hor jartzea, inguruko denak harritu eta beste toki baten bila hasi baitira presaka. Baina ez dago tokirik. Musika jotzen hasi dira eta zinegotziak eta alkatea sartu dira plazara, bertan berentzat espreski dituzten aulkietan esertzera.
Dantzariak ere plazara sartu dira, zortzi dira guztira, lau neska eta lau mutil. Mutilek galtzak dituzte eta neskek gona. Gerriko gorria dute zortziek eta arropa guztia zuria da. Kapelu gorria ere badute denek, bai eta txintxarriak ere. Mutilen txintxarriak galtzetan daude lotuak, neskenak, aldiz, galtzerdietan. Alpargata zuriak dituzte, zinta gorriekin lotuak.
Zortziko taldea osatzeko modua oso pentsatua dago. Lehenengo bikotea neskek osatu dute, bigarrena mutilek, hirugarrena neskek eta laugarrena mutilek. Azken ilaran ezkerreko aldean dagoena ikurrinarekin sartu da plazara.
Dantzan hasi dira, dantza bat bestearen atzetik eginaz gelditu gabe. Berezia iruditu zait ezpata-dantza, Bizkaiko dantzari-dantzaren oso antzekoa baita. Besoa nekatzen ari zait, dena eskuz grabatzen ari bainaiz. Ez nekatzeko beste besoa gorputzera pegatu eta eskuaren bidez kamera duen besoa eusten hasi naiz. Askoz ere erosoago nago horrela eta jada ez dut nekea sumatzen. Beroa, aldiz, gero eta jasangaitzagoa da. Izerdi patsetan nago ni eta inguruko guztiak, kamisetak gero eta bustiagoak daude eta abanikoaren falta nabarmen sumatzen dut. Dantzariengan pentsatzen hasi naiz, horiek bai eduki behar dutela beroa. Dantzan gelditu gabe egon dira hogei minutu inguru eta geldirik gaudenak sufritzen ari bagara ez dut pentsatu ere egin nahi dantzariak nola ari diren aguantatzen.
Dantzak bukatu direnean dantzariak saltoka atera dira plazatik. Guk ere alde egin dugu lehenbailehen itzaletara eta plazaren irteeran dagoen taberna huts batean sartu gara. Kafe bat eskatu dugu, izotzekin noski. Hartu eta segituan atera gara tabernatik, jada betetzen hasia baita. Kotxe aldera joaten hasi gara. Iritsitakoan nondik bueltatu pentsatzen hasi gara, Gipuzkoatik edo Nafarroatik. Nafarroko bidea asko gustatzen zaigu baina luzeagoa da. Azkenean bide motxenetik joatea erabaki eta han abiatu gara bueltan.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Saioa Zabala Aristizabal
Antropologiako laugarren mailako ikaslea eta Irungo Kemen dantza taldeko dantzaria naiz. Uda honetan herriz herri nabil tokian tokiko dantzak ikusten.