Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Patxi Montero Soka-dantza Alan Griffin-i azken agurrean

Dokumentuaren akzioak

Soka-dantza Alan Griffin-i azken agurrean

2024/01/15 07:00
Soka-dantza Alan Griffin-i azken agurrean

Argazki eta bideoak: Izaskun Angoitia (eskerrik asko!!)

Lengoaiak, espresiobideak. Hitza, musika, dantza. Alan Griffin-i azken agur ekitaldia ospatu dugu abenduaren 16an, Hernaniko Milagrosa kaperan (kultura jardueretarako birgaitutako kapera). Haren omenez, eta hari esker ona adierazteko, hitza, musika, eta dantza.

Hitzetan, esker ona eta Alanen ekarpen handiari gorazarre, jatorrizko eta hemengo familiak, lankideek, eta bateko eta besteko hainbat musika-lagunek. Euskara, espainiera, ingelesa, frantsesa eta gaelikoa.

Musika ere bai, nola ez. Bateko eta besteko hainbat musika bidaidek hartu nahi izan dute parte, jo eta abestu, bere omenez.

Soka-dantza

Ekitaldia luze doa, baina denek nahi dute beren ekarpena. Eta hitzen eta musikaren ostean, soka-dantza atera dute Irizar eta Griffin familietako ordezkariek. Aurre eskuan, Kontxi emaztea. Atzeko eskuan, Alanen anaia Hugh eta haren emazte Mary. Joxan Goikoetxeak “Toberak” (Lorius, Alboka 2001) doinua jo du plazaren erdian kokatuta, eta plazari itzulia egin dio sokak.

Iñaki Eguren Hernaniko txistularia Agurra jotzen hasi, eta Itziar, Ihintza eta Irati Irizar ilobek, soka utzita, ekitaldira bertaratu direnei esker oneko erreberentzia dantzatu diete.

“Altsasuko soka-dantza” doinua hasi da (Alboka, Alboka 1994). Irizar-Griffin senitartekoek sokara gonbidatu dituzte bertaratutako guztiak, kate bakarrean biltzeko. Bi zubiak egin ditugu, lokarria lotzeko sinbolo. Aurre-eskuan Kontxi, aurrez-aurre eta oso gertuan aurpegi guztiak gurutzatu dituela baliatuta, ia banan-banan agurtzen eta muxuka. Soka luzea… Musikarien aldean, ezker-eskuin, Alboka folk taldeko partaide izan diren Juan Arriola, Juanjo Otxandorena, Josean Martin ‘Zarko’, Joxan Goikoetxea, Xabi San Sebastian, Josune Marin, Iker Lope de Bergara… eta haiekin batera, txistuaz Juan Mari Beltran, eta arpaz Unai Otegi.

Amaitu dira zubiak, isildu da musika, baina eskuak lotuta. Hiru korrutan antolatuta (hain txikia da aretoa…), irradaka: “Atzo goizean goiz jagi nintzan…”. Ekitaldiko aurkezle lana bete duen Josune Martirena abeslariak esaldia abestu, eta guztiok errepika. Bi kopla: bata berezkoa, eta bestea momentuari propio jarritakoa:

“Lagun kuttuna joanda, kontsolamendua,

oroitzapenen indarra, eta esker ona.”

Halaxe ia amaitu da ekitaldia, eskuak elkarri helduta eta aho batez kantuan. Baina musikak hartu du airea berriz, “Seventeenth of july” (Lurra, Ur, Haize. Alboka, 2017), Alanek sortutako balts doinu ederra, eta bapateko dantzan hartu dugu plaza.

Epilogoa

Biharamunean, hilak 17, Hendaian bakearen aldeko elkarretaratzea, bertako emazte batek antolatuta. Hasiera batean, bezperakoarekin zer ikusirik ez. Hiru erlijiotako orezkariek (kristaua, judutarra eta musulmandarra) hitza hartu dute, gerra guztien aurka eta bake eta batasunaren alde. Euskara, frantsesa, hebraiera eta arabiera. Bigarren zatian, jendarteari eskaini zaio hitza. Mezu mamitsuak. Musikari ere eman zaio lekua. Ama-alaba biolinjole bikoteak hiru pieza goxo eman ditu. Eta amaitzeko, dantza mugimendurik ez, baina guztiak zutik eta kate bakarrean eskuak helduta, nor bere barrenetik bakearen alde egin dugu.

Hitza, musika, eta eskuak helduta soka, kate, edo korrua. Hiru lengoaia. Hiru espesiobide.

Agur eta ohore, Alan!!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Patxi Montero

Patxi Montero

Dantza ikaslea (beti) eta dantza irakaslea

Plazako dantza tradizionalean espezializatua

Plazetan dantza gidaria

Herrixa Dantzan ekimenaren sustatzailea

dantzan.eus-en zale eta babeslea

www.herrixadantzan.eus


Babestu dantzan.com