Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Patxi Montero Dantzan musukoa jantzita?

Dokumentuaren akzioak

Dantzan musukoa jantzita?

2021/01/20 12:20

Ez da musukoen aurkako aldarrikapena egiteko hausnarketa hau; baina dantzari eta dantza-irakasleok arduraz joka dezagun, jakinda zertan ari garen, bere ondorioak, gure agintari politikoek idatzitako arauei men itsua egin ordez. Gure haurrak (eta ez haurrak) jarduera fisikoan (dantzan) gela itxietan musukoa jantzita egoten behartuta? Segi irakurtzen...

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bere webgunean ditu argitaratuta, lehen planoan, COVID-19tik babesteko gomendioak. Tartean, dantza-praktikarako interesgarriak diren hainbat kontu. Adibidez, ez dela komeni ariketa fisikoa bitartean maskara erabiltzea (gehiago ere badaude, dantzarako interesgarriak).

Goiena tokiko komunikabideak asteon argitaratu du: Indarrean dauden neurriek behartzen gaituzten arren, Osasunaren Mundu Erakundeak dio ariketa fisikoa egiteko ez dela komenigarria maskara eramatea. Arnasa eroso hartzeko gaitasuna murriztu dezakeela diote, eta gainera, maskara azkarrago busti daitekeela izerdiarekin; eta horrek arnasketa zaildu eta mikroorganismoak haztea eragin dezake. "Ariketa fisikoan egiten gaudenean, geure buruak babesteko garrantzitsuena da gainerako pertsonengandik gutxienez metro batera egotea", azpimarratu du.

Jarduera fisikoa egiteko musukoa jantzi behar da?

Halaxe du jasota OMEk bere webguneko gomendioetan, galdera-erantzuna formatuan: "EZ da komeni jarduera fisikoa egitea musukoa jantzita, arnasa erosotasunez hartzeko gaitasuna oztopa dezakeelako. Horrez gain, izerdiarekin musukoak hezetasuna har dezake azkarrago, eta horrek arnasketa zaildu dezake eta mikroorganismoak ugaltzea eragin. Jarduera fisikoa bitartean babesteko, garrantzitsua zera da: beste pertsonengandik gutxienez metro bateko tartea gordetzea.

Beste atal batean zera dio OMEk, haurrei buruz: "Ez da gomendagarria haurrek musukoa jantzita praktikatzea kirola edota jarduera fisikoa, hala nola korrika, salto egitea edo jolas-parkean jolastea, arnasketan ez dezan eragin ('dantza' ez du zehatz aipatzen, baina...). Haurrentzako gisa horretako jarduerak antolatzen direnean, garrantzitsua da gainontzeko babes-neurriak zaintzea: gutxieneko metro bateko tartea besteekiko, elkarrekin jolasean (dantzan) ari diren haur kopurua mugatzea, eta eskuak garbitzea."

Kontuan izan behar dugu beti, haur eta gaztetxoak dantzara datozenean, normalean, bost edo zortzi ordu daramatela musukoa jantzita eskoletan. Hori, gutxienez. Eta garai batean (ez dakit orain), jarduera fisikoa musukoa jantzita egiten behartzen zituztela haurrak eskoletan. Gero, dantzara etorri, eta berdinarekin tematzea... Gutxienez zer hausnartua ematen du. Agintari eta adituen ahotan erreferentziazkoa den OMEk justu kontrakoa gomendatzen du.

Beste horrenbeste esan genezake dantza-talde edo dantza-eskoletako helduen kasuan. Lanean, eskolan, kalean, garraio publikoan... bakoitza nondik datorren arabera, erraz zortzi ordutik gora musukoaz arnasa hartzen...

Zein da gure ardura?

OMEk dio, halako jarduera fisikoak hobe kanpoan egitea (aire librean), elkarren arteko tartea zainduta, talde txikietan, eta musukorik gabe ariketa (aerobiko) momentuetan. Gure esku dago ere esfortzu aerobiko txikia behar duten ariketak proposatzea, banakakoak (tartea ziurtatzeko) eta utzi bestelakoak beste egoera edo garai batzuetarako.

Dantza 'osasun fisiko eta psikikoagatik' aldarrikatzen ari gara, baina dantzan musukoaz egitea, badirudi ez dela praktika osasungarria. OMEk berak EZ du gomendatzen. Hortxe kontraesana. Gure ardura? Koherentziaz, zintzotasunez (geure buruekin eta geure dantza-ikasleekin), arduraz eta neurriz jokatzea. Dantza bai, baina dantza 'zer' eta dantza 'nola'. Ez dezan orokorrean kalte handiagoa eragin babes-neurriak balizko zomorroak baino... 

Musukoez ari garenez, azkenik, bada ezpada, OMEk hauxe ere aitortzen du: "Gaur egun ez dago nahikoa froga, osasuntsu dagoen jendarteak orokorrean musukoak (kirurgikoak edo bestelakoak) erabiltzearen alde edo kontra. OME aktiboki aztertzen ari da musukoak erabiltzearen gaineko datu zientifikoak, bilakaera azkarra baitute, eta etengabe eguneratzen ditu horren gaineko bere gomendioak."

Informazio hau eta gehiago hemen: https://www.who.int/es

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Patxi Montero

Patxi Montero

Dantza ikaslea (beti) eta dantza irakaslea

Plazako dantza tradizionalean espezializatua

Plazetan dantza gidaria

Herrixa Dantzan ekimenaren sustatzailea

dantzan.eus-en zale eta babeslea

www.herrixadantzan.eus


Babestu dantzan.com