Dokumentuaren akzioak
Dantza Alan Griffin-en eta Alboka taldearen azken lanen aurkezpen ekitaldian

Aztarna argitaletxeak Alan Griffin-en eta Alboka taldearen azken lau argitalpenen aurkezpen ekitaldia antolatu zuen maiatzaren 10ean Hernaniko udaletxeko areto eraberrituan.
Hogeita hamargarren urteurrena ospatzea, bada pisuzko aitzaki borobila. Hogeita hamar urte Alboka taldeak (1994 - 2024), eta hogeita hamar urteko "abentura" ere aurten Aztarna argitaletxeak (1995 - 2025). Eskuartean dituzten proiektu berriak aurreratu zituen Joxan Goikoetxeak, baina ekitaldiko pisu nagusia Alan Griffin-en eta Alboka taldearen azken lanen aurkezpena izan zen:
- "La puerta abierta - Baladas vascas e internacionales" liburu mardula, euskal baladek atzerrikoekin duten lotura aztertzen sakon duena, gazteleraz.
- "The welcoming tradition - Basque and international ballads", aurrekoaren jatorrizkoa, ingelesez, Renoko Nevadako Unibertsitateko Centre for Basque Studies / Euskal Mintegia erakundeak argitaratua.
- "Sasi baladak" liburua, aurreko azterketaren jarraipena, euskaraz.
- "The marker stone", Alboka folk taldearen azken CD-a. Lan berezia, kontzeptuala. Hogeita hamargarren urteurrenaren aitzakian, eta batez ere Alan Griffin taldekidearen omenez, Alanek han eta hemen utzitako doinuen gainean osatutakoa. Juanjo Otxandorenaren hitzetan, "Alanek egiteko tarterik sekula hartu ez zuen disko irlandarra".
Alboka taldeak CD berriko pieza batzuk jo zituen. Ondorengo bideoan ekitaldiaren itxierarako aukeratutakoa: "Hamar urteren bueltan", Alanek jauzi bezala konposatu zuena, Imanol Irizar senideari opari eskainita.
Egilea (musika): Alan Griffin
Musikariak: Alboka folk taldea (ezker-eskuin, Joxan Goikoetxea, Arkaitz Miner, Juanjo Otxandorena, Iker Lope de Bergara) eta Cormac Breatnach (whistle), irlandatik zuzen ekitaldirako iritsi berria.
Dantzan: Kontxi Irizar (Alanen alarguna), Eskarne Zubero (Imanol Irizar-en emaztea eta bere ordezkari, Imanolek ez baitaki dantzan), eta Patxi Montero.
Bideo grabaketa: Irati Irizar eta Bernar Etxebarria
Urrats hauek jarri genituen dantzarako:
- Zote - Pika - Ezker - Ebats (x2)
- Pika bietan eta Ebats (x4)
- Erdizka bietan
- Zote
- Erdizka eta hiru - Dobla eta hiru
- Erdizka
- Erdizka eta hiru - Dobla eta hiru
- Erdizka
- Zote itzulika
Alboka eta dantza
Sorreratik bertatik, euskal dantza doinuen iturritik edan izan du Alboka folk taldeak. Hara, diska bakoitzean ezagutuko ditugu euskal dantzen doinuak, hala nola dantza erritmoen gainean eraikitako musika-sorkuntzak.
Jauziei dagokienean, zazpi jaso ditu orain arteko sei disketan: Hegi, Maria zaharra* (Alboka, 1994), Grabo (Bi beso lur, 1998), Lakarra (Lorius, 2001), Lapurtar motxak (Lurra, Ur , Haize - 2017), eta azkenengo hau, Alanek konposatutako "Hamar urteren bueltan" (The marker stone, 2024). Mutildantzak ere bai: Zigako mutildantza (Alboka, 1994), Zar dantza eta Añoar haundi (Bi beso lur, 1998).
Alan Griffin-i azken agurreko ekitaldia**, Hernaniko Milagrosa kaperan (2023ko abendua), dantzan itxi genuen, soka-dantza erraldoian. Orain, bere azken fruituei ongi-etorri ekitaldia ere, dantzan itxi dugu.
Joxanek testu hau aukeratu zuen itxierako dantzari bide emateko (J.A. Urbeltzen pasarte bat oinarri hartuta, eta ekitaldian aurkezle lanak egin zituen Josune Martirenak irakurrita):
"Dantzaren funtzio zaharrenetako batzuk elkartzea eta sendatzea izan dira. Lehen kasuan, hau da, elkartzearen kasuan, komunitatearen katalizatzaile gisa jardun izan du, gizartea batzen eta trinkotzen lagunduz. Bigarrenean, sendatzearenean, erritu medizinal moduan funtzionatu izan du. Izan ere, natura osatzen duten izaki bizidun guztiek dantza eta kanta erabili izan dituzte beren etengabeko birsortzea ahalbidetzeko. Hala eta guztiz ere, dantzaren bertute handiak gorabehera, teknologiaz puztutako gizarte berriak arriskua du aipatutako funtzio horiei bizkar emateko. Horregatik, berezko hots eta mugimenduak berreskuratzea izan beharko luke artista ororen helburu, gorputz eta arimen sendatzaile onen gisa."
- -
(*) "Maria zaharra" izenekoak Sagasetaren 'Luzaideko ddantzak' liburuan 62 eta 65 zenbakia duten partiturak elkartzen ditu (62 = Mariazar; 65 = Dassanceri jasotakoa, eta bere oroitzapenetan 'Uztariztarrak' izena proposatutakoa)
(**) https://dantzan.eus/kidea/patximontero/soka-dantza-alan-griffin-i-azken-agurrean
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Patxi Montero
Dantza ikaslea (beti) eta dantza irakaslea
Plazako dantza tradizionalean espezializatua
Plazetan dantza gidaria
Herrixa Dantzan ekimenaren sustatzailea
dantzan.eus-en zale eta babeslea