Dokumentuaren akzioak
Auritzen ingurutxoa eman dute San Juan bestetan
Aurizko Garaitzeko Asi elkarteak ingurutxoa berreskuratzeko ahalegin berria egin du azken urtean, eta ekainaren 24ko eguerdian herriko plazan dantzatu dute, San Juan bestetako egitarauaren barruan.
Oraingo ahalegina iaz abiatu zen. 2022ko uztailean, Erroibarreko Elutseder eta Aurizko Garaitzeko Asi elkarteek, elkarlanean, besteak beste Aurizko ingurutxoa prestatzeko hiru eguneko tailerra antolatu zuten, Iruñeko Oberena dantza-taldeko Iker Tubiak bideratuta. Uztailaren 24an, amaiera-ekitaldi gisa 'Dantza-festa' egin zuten pilotalekuan: lehenik Oberena dantza-taldeak emanaldia egin zuen, eta jarraian, aurreko egunetan landutako ingurutxoa dantzatu zuten Aurizko herritarrek, Oberenako taldekideek lagunduta.
Aurten herriko bestetako egitarauan txertatu dute. Entseguak egin dituzte ekainean, Oberena dantza-taldeko Ekiñe Urdaniz eta Josune Egeak lagunduta, eta San Juan egunarekin eman dute, meza nagusiaren ondoren. Aurtengoan ere, lehenik Oberena dantza-taldearen ikuskizuna, eta jarraian Aurizko ingurutxoa, prestatu diren herritarrekin eta Oberenako hainbat taldekiderekin.
- Irteera + belauntxingoa
- Pañolo-dantza (biko erritmoan)
- Andre-dantza 1.a eta 2.a (hiruko erritmoan)
- Jota eta porrusalda
- Karrika-dantza
Nola dantzatu, ordea?
Lan horretan, garbi azpimarratu nahi izan dute aurretik bi berreskuraketa lan izan direla, Galdakaoko Andra Mari dantza-taldearena 70.eko hamarkadan eta Juan Antonio Urbeltzek Iruñeko Duguna dantza-taldearekin prestatutakoa 2005ean, bi eredu direla, eta azkenean auriztarrek beraiek erabaki behar dutela ingurutxoa nola dantzatu nahi duten. Oberena dantza-taldeak ere, 'Oroitzapen hutsak' ikuskizunean taularatutako ingurutxoan bere moldaketa eta irizpide propioak txertatu zituen.
Iaz eta aurten auriztarrekin prestatutako ingurutxoak hiru ereduetatik edan duela adierazi digu Iker Tubiak. Batez ere 2000. hamarkadan Juan Antonio Urbeltzek Duguna dantza-taldearekin prestatutako eredutik, baina Andra Mari dantza-taldearen eredutik ere bai. Eta Oberena dantza-taldearen hautu eta irizpide batzuk ere ontzat eman eta hartu dituzte, herritarrek beraiek aukeratuta. Azken hauen adibideak:
- Irteerako belauntxingo eredua
- Genero-marka desagertzea (bikoteen antolaketa eta kokapena, andre-dantzan aurreraka ala atzeraka jartzea txandakatzea...)
- Jota eta porrusaldan aniztasuna, bai dantzakeran, baita dantzarien antolaketan ere.
Aurreko ahaleginak
1970eko hamarkadan Galdakaoko Andra Mari dantza-taldeak Aurizko ingurutxoa ikertu eta birsortu zuen, Juan Antonio Urbeltzen laguntzarekin. 1977ko ekainaren 26an plazaratu zuten lehen aldiz, Sestaon eta Tolosan. Gerora hamaika aldiz eman dituzte plazetan, baita erakutsi ere; Auritzen ere bai. Ia berrogei urte geroago, 2013-2014 urteetan, "(70.ko hamarkadan) egindakoari buruz hausnartu eta zenbait gauza aldatzea ere pentsatu dugu, Auritzeko ingurutxoa aspaldi batean izango zen dantza-sorta horretarantza gehiago hurbiltzeko asmoz". 2015ean aurkeztu zuen Andra Mari dantza-taldeak Aurizko ingurutxoa itxuraberrituta.
2005ean, orduan ere Garaitzeko Asi elkarteak bultzatuta, Aurizko ingurutxoa herrian aurkezteko emanaldia antolatu zen. Aldez-aurretik Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregirekin prestaketa lana egin zuten. Otsailaren 26an egin zen herriko kultur-etxeko emanaldia, Iruñeko Duguna dantza-taldearekin. Herriko plazan ere eman izan zuen Duguna dantza-taldeak.
Halere, saiakera hauekin ere, ingurutxoa dantzatzeko ohitura ez da errotu Auritzen gaur arte. Helburu hori omen du oraingo saiakerak: herriko bestetan eta ohituran txertatzea berriz.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Patxi Montero
Dantza ikaslea (beti) eta dantza irakaslea
Plazako dantza tradizionalean espezializatua
Plazetan dantza gidaria
Herrixa Dantzan ekimenaren sustatzailea
dantzan.eus-en zale eta babeslea