Dokumentuaren akzioak
Tradizioa eta berrikuntza
Tradizioa eta berrikuntzaren inguruko iritzi trukea sortu da dantzan posta zerrendan. Abiapuntua Berrian kantari flamenko bati egindako elkarrizketa izan da, kazetariak euskal dantzak orain 100 urte bezala dantzatzen eta interpretatzen direla esaten baitu bere galderan
Josu Garatek erantzun du esanez kazetariak tradizioa=transmisioa nahastu dituela
Patxi Labordak folklorearen konzepzioan ikusten du arazoa. Folklorea argazki bat bezala ikusten duela jende askok, aldaezina. Beldurraren garai igaro dela eta experimentazioaren eta koneksioaren garia heldu dio Patxik. Agian ikasiko dugu nola tintatu bertze gauzak komeni zaigun moduan.
Josun ustez ordea Tinte berrieri lekua uzteko tinte zaharrak berreskuratu beharko genituzke lehenengo. Argazkirik egiten ez dakienak, fotoxoparekin jai dauka
Nik ere niri iritzia eman dut. Hauxe:
Nik irudipena daukat zikloka, boladaka gabiltzala euskal dantzaren munduan. Tradizioaren ondarea norberan gustura erabili, eraldatu, nahastu eta forma garaikideetara egokitzeko joera zabaltzen da bolada batzuetan. Halako batean konturatzen gara egiten ari garen horrek dagoeneko ez duela inolako loturarik eta antzik apur bat lehenagorarte indarrean izan diren tradiziozko moduekin, eta beraz, baliagarri egiten zituen ezaugarriak galduta, piperrik balio ez duela ohartzen gara. Beraz, etendako katea berregiten saiatzen gara, trakets, presaka eta sokorrista trajea jantzita. Ondorioz tradizioarekiko errespetu mistikoa nagusitzen da, baina belaunaldiz-belaunaldi tradizioaren ikuspegi hori ahultzen eta desitxuratzen joaten da. Halako batean, belaunaldi berriek ez dute erakargargarritasunik aurkitzen tradiziotzat aurkezten diren forma desitxuratu eta estatikoetan, eta bide berriak jorratu beharra sentitzen dute. Eta zikloa berriz hasten da.
XX. mendeko ibilbideak horrelako irudia eskaintzen dit niri. Gerra zibilaren ondotik erreferentzia gehienak galduta, unean uneko asmakizun eta koreografia folklorikoak sortu ziren han eta hemen. 60ko hamarkadan Urbeltzek tradizioaren haria berreskuratzearen aldeko joera ireki zuen, eta ehunka dantzari eta talde murgildu ziren bide horretatik 70 eta 80eko hamarkadetan. Erro handirik gabeko koreografiak egiten jarraitu zuten talde batzuk, baina, oro har, euskal dantzaren multzo nagusia dantza tradizionalen sustraiak aurkitu eta haiek ahalik eta zintzotasun handienarekin errepikatzera bideratu zen.
90eko hamarkadarako ahaztuta zegoen zer nolako txepelak ziren 50-60ko hamarkadetako koreografia berriak. Tradizioa ulertzeko modu hertsi eta okerrak eremu horretan bide berririk urratzerik ez dagoela pentsarazi die belaunaldi gazteei. Ondorioz, berriz ere tradizioaren azaleko ezagutzarekin koreografia berriak eta nahasketaren bila hasi dira hainbat. Nire ustez tradizioaren beraren ezagutza kaskarraz gain, tradizioa ulertzeko modu itxi eta okerraren ondorioa da guzti hori. Tradizioa ez baita aldaezina, mugiezina. Tradizioa bizia da, etengabe aldatzen ari den prozesu kulturala. Tradizioa zerbait itxi, estatiko eta aldaezin bezala aurkezten badugu, hori ez da tradizioa, hori fosila da. Eta fosilak egiten dio kalte tradizioari, ezerk egiten badio.
Tradizioa eta berrikuntzaren arteko tentsio hori ez da dantzaren mundukoa bakarrik. Alor guztietan gertatzen da. Azken bi Argia aldizkarietan adibidez euskara eta sukaldaritzari buruzko bi elkarrizketatan iritzi interesgarriak irakurri ahal izan ditugu gai horretaz. Bata Ibon Sarasola euskaltzainarena eta bestea Hilario Arbelaitz sukaldariarena. Euskara eta sukaldea jartzen duen tokietan dantza jarri eta arazo beraz ari direla ikusiko duzue.
Ibon Sarasola, Argia, 2005-01-16 Euskara ona da betiko ildoari jarraitzen diona. Guk ezin dugu hitz egin gure gurasoek, eta are gutxiago, gure aiton-amonek bezala, baina ildo berean segitu beharko genuke, ez ildoz aldatu. Aldatu aldatu behar dena, baina hizkuntzaren barrutik, nolabait. Euskara ona hori da, betidanikoa gaurko premietara egokitua. Euskara txarra da ildo horretatik atera eta horren ordez, ez osatzeko, horren ordez baizik, erdarazko esapideak, (hitzak... hor konpon) esaldiak egiteko sistemak-eta erabiltzen dituena.
Hilario Arbelaitz, Argia, 2005-01-09 Sukaldea modernizatzea oso garrantzitsua izan da, baina modernizazio horretan badago arrisku bat. Lehengo oinarriari gaur egun ez zaio garrantzirik ematen. Horretan kulpa handia dute zenbait kazetari eta zenbait komunikabidek, bide bakarra dagoela jartzen dutelako, sukalde bat bakarrik dagoela. Eta hori ez da horrela. Sukaldea oso zabala da, eta sukaldeak posible du ona izan tradizionala izanik, oraingoa izanik, gerokoa... (...) Baina gaur egun gazte askok ikusten badute aspaldiko platera bat egiten ari zarela ez diote inportantziarik ematen, eta hori pena da. Martxa honetan ez dute lehengo sukaldea ikasiko, eta lehengo sukaldea ikasten ez badute lehengo oinarria faltako da. Eta lehengo sukaldeko oinarri hori behar da gaur egungo sukaldeko gauza berri asko egiteko. Hori gabe oraingo gazteak lehengoa zer den ez dakitela geldituko dira.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?
Nik dantzari buruz ez dakit piperrik. Baina uste dut ezin dela nahasi, egunero eta denok egiten ditugun gauzen tradizioa ( zuk aipatzen dituzun euskaraz hitzegitea edo sukaldean aritzea adibidez) jende gutxik oso maiz, baina jende gehienak ia inoiz egiten ez duen gauza baten tradizioarekin. Adibidez: euskal dantza "tradizionalak" dantzatzea. Eztabaida filosofiko xamarra izan daiteke, baina hutsune hori ikusi diot zure ardudioari. Esan nahi dut: zenbat jende dago euskal dantzetan zerbait berritzailea ekar dezakeenik? Gutxi, ezta? beraz oso zail jotzen dut sustraituko den berrikuntzarik sartzea. Zenbat jendek egiten ditu egunero "ekarpenak" (zuzenak eta okerrak) euskarara edo sukaldaritzara? askok, ezta? Orduan hori bai: hori bada bizirik dagoen zerbait, egunero berritzen dena. Baina errespetu osoarekin, eta esan bezala, kontu honetan aditu izatetik oso hurrun: naftalina usaia eta batalla internotan galdutako mundu bat bakarrik ikusten dut euskal dantza "tradizionaletan".
Kaixo Aitor! Poztu zure erantzunak!
Nik ez ditut dantza, euskara eta sukaldaritza egoera berean daudenik esan, eta gutxiago nahastu. Tradizio eta berrikuntzen arteko tentsioetaz ari nintzen sukaldaritza eta euskara aipatu ditudanean, eta tentsio horiek beste alor horietan ere ematen direla esan dut. Noski ezin direla nahastu, zerikusirik ez baitute.
Hala ere, alor bakoitzeko sortzaile kopuruarekin egiten duzun konparaketarekin ez nago oso konbentzituta. Bai, sukaldari eta euskaldun kopurua askoz handiagoa da dantzari kopuruarekin konparatuta. Baina dantzari kopuruak ez da hutsaren parekoa, milaka batzuk konta daitezke, eta beraz, badu nire ustez sortzaileak emateko masa kritiko minimo bat.
> zenbat jende dago euskal dantzetan zerbait > berritzailea ekar dezakeenik? Gutxi, ezta? beraz > oso zail jotzen dut sustraituko den > berrikuntzarik sartzea. Zenbat jendek egiten > ditu egunero "ekarpenak" (zuzenak eta okerrak) > euskarara edo sukaldaritzara? askok, ezta?
Dantzaren munduan gutxiago izango dira, seguru. Baina ez pentsa sukaldarien alorrean, milaka profesional eta balizko sortzaile izanda, oso itxaropentsu ageri direnik. Hilario Arbelaitzi egindako elkarrizketa horretatik, hona Hilarion hitzok:
"Etorkizunean arrisku handia ikusten dut. Zenbat jende gelditzen da ba, euskal sukaldearen mundu honetan dabilena? Kontatzen hasi behatzekin eta bi eskuak ez dira betetzen banaka hasita. Urteak pasa eta egun batean Joan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz, Gorka Txapartegi... uzten hasten baldin badira eta ez badator segidarik... Orain badaude sei edo zazpi erdi ero hor dabiltzanak lanean, baina horiek huts eginez gero uste dut badagoela kezkatzen hasteko motiborik."
Nire ustez edozein erabiltzaile, euskaldun, sukaldari eta dantzari, nahi ta nahi ez, jardunaren jardunaz ari da sortzen eta ekarpenak egiten. Kontua da balioko, sustraiko eta intereseko ekarpenak egiten dituenak gutxiengo bat direla alor guztietan ere, eta noski, erabiltzaile kopurua txikiagoa bada, sortzaile kopurua are txikiagoa.
Baina dantzaren kasuan badago beste ezaugarri bat, ekarpenen kalitatea kaskarrago izatea egiten duena. Eta hori ez da dantzari kopurua nire ustez. Dantzari kopurua ekarpen interesgarriak egiteko nahikoa izan liteke. Ez dut uste dantzari baino bertsolari gehiago dagoenik, baina bertsolaritzan egiten dira ekarpen interesgarriak. Ez, niretzat gakoa dantzarion formazio eskasean dago. Dantzarion formazioa dantzaren munduan eta tradizioan penagarria da, eta horrek baldintzatzen du ekarpenen pobretasuna.
> naftalina usaia eta batalla internotan galdutako > mundu bat bakarrik ikusten dut euskal dantza > "tradizionaletan".
Euskal dantza tradizionalaren barne desegituraketa eta ezinikusiak itzelak dira, eta erabat zatituta dago horren ondorioz. Baina nik ez nuke esango batalla internorik dagoenik. Sikiera egongo balira... Nire ustez bakoitzak bere bidea egitea erabaki du, eta zatiketa horrek alorrak dituen arazoak areagotzen lagundu du.
Naftalinari buruz, nik uste dut horixe dela dugun arazo latzenetako bat, baina paradoxa zera da, dantzari ezinezkoa zaiola fosilduta geratzea, nahi ta nahi ez, aldatzen baitioa. Dantza tradizionalaren alorrean "ez aldatzeko" borondate bat dago eta hainbat talde saiatzen dira irudi estatiko hori eskaintzen, eta bai taldeak eta bai ikusleak dantzak ez direla aldatzen sinestera irits daitezke. Baina hori ilusio faltsua da. Dantza etengabe ari da aldatzen eta beraz, kanporatzen den naftalina usaina gezurrezkoa da, etengabe aldatzen ari baita dantza tradizionala.
oier.