Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Telefonoaren doinura

Dokumentuaren akzioak

Telefonoaren doinura

2010/04/23 12:21
Eskuko telefonoak edozertarako balio du. Argazki kamera da, bideoa, gpsa, irratia, jokoa, ordularia, mp3a, egutegia,... eta batzutan telefonoa ere bai. Gure etxepean gazte dezente biltzen da arratsaldetan. Jeniffer, Izaro eta Ainhoa aparte jartzen dira, segapotoan musika ipini eta dantzan aritzen dira. Beyonce edo Britney Spearsen bideoak ikusten dituzte eta koreografiak imitatuz ikasi eta dantzatzen dituzte. Gure kaletik hurbil Abontza deitzen dioten etxe-ingurua dago. Eibarko eremu berde handiena dago bertan. Abontzako etxepeetan elkartzen dira Aner, Pedro Alfonso eta Yerai. Hip-hop doinuak ateratzen dira Anerren telefonotik eta break-dancean trebatzen aritzen dira.  

Britainia Handian ia bost milioi lagunek egiten du dantza. Futbolaren ondoren jende gehien erakartzen duen aktibitate fisikoa da. Dantza-klasikoa, garaikidea, aretoko-dantza, bio-dantza, break-dancea,  sabel-dantza,... Aukera-sorta zabal guzti hori, ia berbera da munduan barrena. Abontzan hip-hopa egiten duenaren lengoaia bera darabil Brixtonen edo Magentan dantzatzen duenak.  

Ahozko lengoaia, euskara, normalizatzeko kalera atera eta testuinguru guztietan erabiltzearen garrantziaz ohartuta gaude. Gure lengoaia koreografikoa ere, euskal dantza, gutxitasun egoeran dago. Euskara bera baino baldintza okerragoetan dagoela esango nuke gainera, ez baitu haren errekonozimendurik, ez zaio aitortzen balio handirik eta gainera ez dago dantza egoera diglosikoan egon daitekeenaren kontzientziarik. Euskal Kultura zer den eta zer ez den definitzen denean hizkuntza, euskara, izaten da irizpide sendoena. Hitzezko komunikazioa erabiltzen ez duten lengoaiak definizio horretan bigarrenmailan, itzalean geratzen dira. Dantza euskal kulturaren osagai dela ez da zalantzan jartzen, baina ez da lehentasunen zerrendan ageri.

Herri batzuetan hasi dira batzuk radiokassete handia kalean jarri eta euskal dantzak egiten. Donostian, Bulebarrean ikusi ditugu orain gutxi. Gure etxepean oraingoz Beyoncerekin jarraitzen dute. Abontzako eremu berdea berreskuratu eta telefonoaren doinura Jeniffer, Izaro eta Aner mutxikoak dantzatzen hasten ez diren bitartean etorkizun beltza izango du euskal dantzak. Euskararen egoera arduraz bizi dugu, zer esanik ez zenbaitek museora kondenatu nahi duela antzematen dugunean. Dantzarekin ez dugu kezka hori, museoetan ere ez baitago tokirik beretzat.

Argia, 2010-04-25

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.