Mozorrotzeaz, hizkuntzalaritzaren eta antropologiaren bidegurutzean
Mairuz jauntzi izeneko artikulua idatzi du Mikel Tabernak 31 eskutik blogean. Mozorrotu aditzaz ari da, eta bertan jakin dut Euskaltzaindiak ontzat eman duela indioz mozorrotu egitura. Honako erantzuna utzi dut bertan:
"Kezka filologikoaz baino begirada antropologikoarekin heldu izan diot soka horri azken urteotan, eta “Mozorrotzea ez da disfrazatzea” hitzaldiarekin hara eta hona nabil urteotan. Errieta ere entzun behar izan dut horregatik Ibon Sarasolaren ahotik (entzun 46:00tik aurrerahttp://www.eitb.eus/eu/audioak/osoa/1247408/mezularia-20130204-12/ ). Hitzaldia ez du entzun Sarasolak, ez daki zertarako baliatu dudan aurkaketa hori, baina argi du oker nabilela.
Hitzaldietan aitortzen dut hiztegiek ez dituztela bereizten ‘mozorrotzea’ eta ‘disfrazatzea’, baina hitzaldian bakoitzari esanahi bat emango diodala, mozorrotzeko daude bi molde nagusi bisualizatzen lagunduko digulakoan.
Tradizioan nagusi izan den ereduan “-z mozorrotu” egiturak ez du erabilerarik izan. Hori hizkuntzalaritzatik azaldu ahal izango da, baina nik antropologiatik ere azaldu daitekeela uste dut. Izan ere, mozorrotzea transformazio bat izan da, zaren hori izateari utzi eta beste zerbait izatera pasatzea. Mozorrotzeko akzioan ‘zertaz’ galderak ez du zentzurik izan. Pertsona zena mozorro bihurtu da, ez da ‘Mikel mozorroz jantzita”, ez, lehen Mikel zen, orain mozorroa da.
Bigarren eredua izendatzeko erabiltzen dut “disfrazatzea” hitza, Sarasolari gustatu ez zaiona, baina hizkuntzalariaren eragozpenak gora-behera, oso ondo funtzionatzen duena bigarren eredua ulertzeko: ‘Mikel indioz disfrazatu da’. Mikel da, ez dio Mikel izateari utzi, orain indio jantzita dago, baina Mikel da. Alegia, horri disfrazatzea deitzen diot, eta ‘disfrazatzea’ hitza euskarazko tradizioan berria denez, “-z disfrazatzea” egiturarekin ez dugu onartzeko arazorik. Beraz, nire hitzaldiaren mikromunduan:
– ‘indioz janztea’ > disfrazatzea
– ‘mairu, koko edo txantxo janztea’ > mozorrotzea"
Gaiari buruzko loturak:
- Mikel Taberna (31 eskutik): "Mairuz jauntzi"
- Erabili (31 eskutik): "Mozorrotu"
- Ana Telletxea: "Baserritarrez"
- Baleike: "Mozorrotzea ez da disfrazatzea"
- Asier Lopez (Argia): Horra, horra, trans-olentzeroa!