Dokumentuaren akzioak
Kultura Saila eta Athletic
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Athletic-i eman behar dizkion 360.000 euroen kontua irentsi ezinda nago. Ostiral arratsaldean entzun nuen irratian eta sutu egin nintzen. Ahazten saiatu naiz, baina ezin, larunbatean Oiartzunera, Herri Musikaren txokora iritsi, eta Xabier Etxabe lagunak berehala atera zuen gaia erabat asaldatuta. Guri bosta ajola zaigu Athleticen zaleen polemika, propaganda jarri ala ez. Dantzarentzat direnean xentimoak banan bana kontatzen dituen Kultura Sailak, dantzaren inguruko ekimenak sustatzeko laguntza eskatzen den bakoitzian erantzuntzat aurrekontu murritzak aipatzen dituen erakunde berak, soldata miloietan kobratzen dituzten foballistei bi partidatan paparrean "Euskadi" jarrita eramateagatik 60 miloi pta ematea ez da gure buruan kabitzen.
Ni tonto konpletoa izango naiz, baina ez dut ulertzen zein zerikusi duen horrek Kulturarekin eta zein mesede ekar diezaiokeen euskal kulturari. Euskadiren propaganda egitea bazen asmoa Turismo sailari zegokion kontua ez?
Eibartarrak zerrendan galdetu dut eta albistea ematen duten zenbait iturri eman dizkit Luistxok. Eitb.com-en Miren Azkaraten hitzak jaso dituzte eta bertan dionez lehen Alaves eta Tau-rekin egindako errepikatu dute orain Athletic-kin. Kontsuelo ederra.
Uztarria Azpeitiko ataiye-n bidez Berrian argitaratutako pare bat erreakzioren berri izan dut. Batetik Anjel Lertxundik bere egunerokoa eskaini dio gaiari larunbateko bere zutabean:
Plataforma
Anjel Lertxundi
Ez ote nion gehiegi eman afal garaiko ardoari? Tentsioak eragina ote zen zorabioa? Amesgaiztoren bat ote nuen amarru? Kontua da begiak arranpalo eta belarriak bi talo utzi zizkidala Teleberriko albisteak: Kultura Sailak hirurehun eta hirurogei mila euro (360.000 euro!) emango omen dizkio Athletic futbol taldeari UEFAko ez dakit zenbat partidetan Euskadi izena eramateagatik kamisetetan.
Pako Aristirekin gogoratu nintzen, azken boladan sarritan aipatu baitu politikariak enpresariekin joaten direla kanpora, sekula ez idazleekin. Eta nago egokiera baliatu beharko genukeela idazle eta artisten plataforma bat sortzeko, esanez prest gaudela hemendik kanpoko gure hitzaldi/erakusketetan Euskadi edo Gora gu! edo horrelako zernahi dioen kamisetekin agertzeko.Futbolariena baino askoz ere merkeago aterako litzaioke gainera Kultur Sailari, kontu segurua da.
Bestetik, Amagoia Iban-ek ere hitzegin du horretaz berean:
Hitza, balioa
Amagoia Iban
Zenbat hitz sartzen dira euskarazko informazio orokorreko aldizkari batean? Horrelako zenbat aldizkari betetzen dira euskaraz gurean? Bost lagundu ditu Eusko Jaurlaritzak aurtengo jardunagatik, eta 700.000 euro banatu ditu bosten artean. Zenbat balio du, beraz, paper horietan herritarren eskura utzitako hitz bakoitzak? Xemeiko baten ehunena, milarena, hamarmilarena?
Galdera berak herri aldizkariei egokituz gero, are merkeago ateratzen da hitza, 2004ko lanagatik 392.708 euro banatu baitituzte Gasteiztik. Zientzia eta kultur aldizkarien kasuan, aldiz, garestitu egiten da: 387.152 euro partitu ditu Jaurlaritzak bosten artean.
Euskarazko egunkari nazional bakarrean argitaratutako hitzaren prezioari buruz, hobe zenbakiekin ez erotzea. Aurtengo hitz eskaintzagatik 1.450.191 euro jasoko ditu, atera kontuak.
Datorren urterako, baina, gauzak aldatzekoak dira euskarazko informazio egokia eta lan baldintza duinak uztartu nahi dituzten profesionalentzat. Jaurlaritzak 180.000 euroko prezioa jarri dio hitz bakarrari: Euskadi.Ez dakit Athleticek merezi ote zuen. Guk, behintzat, ez.
Amagoiak egindako konparaketa bera dantzarekin egiten saiatu naiz. Kulturaren Euskal Planean jasotako diru kontuetan begiratu dut, eta han jartzen duenez Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioak, denak batera, urtean 470.000 Euro bideratzen dituzte dantzaren alorrera. Ez dakit zenbat izan daitekeen diputazioetakoa, baina gutxi gora behera bi partida horietan Euskadiren propaganda egiteko emango dutenaren parekoa izan daiteke Jaurlaritzak urte osoan dantzara bideratzen duen diru kopurua.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?
Dario Urzairen kamiseta metrosexuala batzuentzat erridikulua izango zen. Baina hau, niri, indezentea iruditzen zait.
Dio Lamikizek Euskadi eroatea kamisetan ez dela publizitatea eroatea. Ez horixe. Publizitateak funts komertzialak ditu, iragarlearen marketing eta zabalkundearekin du zerikusia. Hau beste zerbait da. 350.000 euro eroatea kamisetan, horixe da.
Ni ere ezin ulerturik nabil kontu hau. Talde zuri-gorriaren azken hauteskunde kanpainan jakin izan genuen Athletic-ek iruzur egin diola Haziendari, azken sei urteotan ez dakit zernbat milioi utzi zituela ordaindu barik denon diru kutxan. Eta orain etorri da zigorra: 360.000 euroko diru laguntza.
Zenbait alderdi erabiltzen ari dira Athletic bezalako erakunde enblematikoak beren mesederako, kontuan hartu barik erakunde horiek nola kudeatzen diren. Lotsagarria.
Euskaltegiek iaz diru laguntza gehiago eskatu zuten eta baita lortu ere. Kultura Sailekoek "Ez dakizue ondo nori kendu behar izan diogun..." erantzun zuten lotsagabe, euskalgintzako beste norbaiti kendu izan baliote bezala, eta noski euskaltegiak errudun sentiarazteko.
Nori kendu dizkiote 360.000 euro horiek oraingoan?
Dantzari ez behintzat. Ziur aski hori baino gutxiago ematen zaio eta. Beraz, dena kenduta ere nahikoa ez...
Koldo Bigurik 400.000 eurorekin kulturan alde egin litezkeenak kalkulatu ditu.
Eizie -ren webgunetik jaso dugu:
400.000 euro Laurehun mila eurorekin, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 20.000 liburutik gora eros litzake gure liburutegi publikoetarako, adibidez; edo, esan dezagun, Belgika, Errumania edo beste hainbat herritako literatura lanik garrantzitsuenak itzularaz litzake, 50 obra handi inguru osatu arte.
Diru kopuru horrekin, dexente antzerki-saio egin litezke Euskal Herri osoan urte betean; edo, EIZIEren proposamena onartu balu, Literatura Unibertsala bilduma 100. alera iritsi izanaren ospakizun gisa, zenbaki horretako Hamlet euskaratu berria duintasun eta distira handiz taularatu ahal izango zen.
Laurehun mila euro edo, berdin dena, 64 milioi pezetarekin, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak euskal herri txikietako kultura giroari bultzada ederra eman liezaioke, herri horietan arazo ekonomiko guztien gainetik lanean ari diren ehunka edo milaka talde eta elkarteentzako diru laguntzak banatuz.
Dirutza horrekin, gure Kultura Sailak enbaxada kultural interesgarri bat bidal zezakeen, esaterako, Liejara edo Bukarestera, gure herriaren berri hango plazetan zabaltzeko; erakustoki moduko bana ipin lezake hiri horietan, gure gastronomia, artea, geografia, eskultura, literatura, pintura eta beste makina bat gauza gehiago hango biztanleei ezagutzera emateko. Hitzarmenak egin litzake hiri horietako museorik garrantzitsuenekin, hango eta hemengo obrarik interesgarrienen elkartruke bat egiteko.
Baina, bai zera! Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Bilboko Athletic futbol talde pobreari emango dizkio 400.000 euro horiek, Belgikan (Liejan) eta Errumanian (Bukaresten) jokatu behar dituzten bi partidetan, Euskadi izena eraman dezan elastiko zuri-gorriaren gainean.
Gaitza, ordea, aspaldikoa da: gure instituzio politiko guztiek dirua erraz asko banatzen diete hemengo futbol edo saskibaloi talde milioidunei, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa edo auskalo zeren ustezko propaganda egitearen truke: itxurakeria baino ez. Zeren, barkatu jaun-andreok: Liejan edo Bukaresten, zenbat futbol ikuslek jakingo du zer esan nahi duen ikusi ere nekez ikusiko duten &171;Euskadi&187; horrek? Ezta harri-jasotzaile bat eramanez ere, partidu hasieran 300 kg-ko harria 20 aldiz altxatzeko!
Koldo Biguri Artikulu hau Diario de Noticias de &193;lava egunkarian agertu zen 2004ko abenduaren 1ean