Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Gallastegik jokatzen zuen moduan dantzatzea izan da gure ametsa

Dokumentuaren akzioak

Gallastegik jokatzen zuen moduan dantzatzea izan da gure ametsa

2019/01/04 13:15
Gallastegik jokatzen zuen moduan dantzatzea izan da gure ametsa

Migel Gallastegiri omenaldia, Astelena frontoia, Eibar, 1998-11-29.

Migel Gallastegi hil da gaur, pilotari HANDIA, handirik izan bada. Mito bat joan da, eta jokatzen ikusi ez dugunok ere mitotzat hartzeak adierazten du zerion argiaren tamaina. 

Astelena frontoian ohiko ikuslea izan da azken unera arte Gallastegi, eta beti atsegin eta adeitsu, dantzariokin hitz egin eta egoteko prest. Hemen Enrike Izagirrekin egindako argazki bat, orain 7 urte.

Migel Gallastegi eta Enrike Izagirre
Migel Gallastegi eta Enrike Izagirre, Astelena frontoia, Eibar, 2011-10-23.

Beste zerbait badirudi ere, argazki honetan, pilotari kolpea emateko keinua egiten ari da Enrike eta keinuaren inguruko azalpenak ematen Migel Gallastegi, Ziriako esatari ezagunaren begiradapean.

Migel Gallastegi, Enrike Izagirre eta Ziriako
Migel Gallastegi, Enrike Izagirre eta Ziriako, Astelena frontoia, Eibar, 2011-10-23.

Aurreskuaren ohorea

Enrike Izagirre lagunak esaten du miresten den norbaiti agurra dantzatzean dantzaria bera ohoratzen dela. Aurreskuen inflazio eta txepelkeriak maiz salatu ditut nik, eta makina bat aurresku zentzugabe dantzatu ditut, baina baditut gutxi batzuk harro gogoratzen ditudanak, eta horietako bat, Migel Gallastegiri, Astelena frontoian eskaini zitzaion omenaldian dantza egiteko aukera eskaini zidana. 1998ko azaroaren 29an, San Andres bezperan izan zen, orain 20 urte. 80 urte zituen orduan Migel Gallastegik eta erraldoi baten aurrean dantzan ari nintzenaren kontzientzia izan nuen.

Migel Gallastegiri omenaldia
Migel Gallastegiri omenaldia, Astelena frontoia, Eibar, 1998-11-29.

Beste erraldoi batek, Juan Antonio Urbeltzek esan izan digu pilotan jokatzen den moduan dantzatu behar dugula. Adibide zoragarria iruditzen zait, pilotari abiaduraz, indarrez eta zehaztasunez eman behar baitzaio, eta horrela dantzatzea izan baita beti gure ametsa. Alegia, Gallastegik pilotan jokatzen zuen moduan dantzatzea izan da gure ametsa.

Dokumentuaren akzioak

2019/01/04 16:23
Goian bego Migel
Oso gogoeta polita Oier
Eskerrik asko!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.