Dokumentuaren akzioak
Ezpata-dantza bat Bartzelonan 1920ko hamarkadan
Aurreko batean argazki zaharren liburu bat ikusten ari nintzela dantza argazki berezi bat agertu zitzaidan. Ezpata-dantza bat ageri zen, Bartzelonan, eta argazkiarekin batera zetorren testuaren arabera Katalunia eta Euskal Herriaren arteko harreman onen erakusgarri zen 1920ko hamarkadan Bartzelonan dantzariek eskainitako saioaren irudia.
Hauxe zen liburuan argitaratutako argazkia:
Naiz-ek argitaratutako "Ehun urte iruditan" bildumako bigarren alearen 99. orrialdean dago argazkia. Liburuaren egileak Gotzon Aranburu eta Juantxo Egaña dira, eta argazkia Kataluniako Artxibo Nazionalean jasotakoa dela dio argazki-oinak.
Ezpata-dantza oso garbia da eta harrituta geratu nintzen. Ezpata-dantzen argazki zaharrak ez dira oso ohikoak eta gainera ganbaradun zubia osatzen ageri ziren irudi honetan. Horrelakorik ez nuen ezagutzen. Argazkiarekin zetorren testuak Euskal Herria eta Kataluniaren arteko elkartasun harremanez dihardu, XX. mendeko 20ko hamarkadan goraldia izan zela harreman horietan eta hori erakusten duela "dantzariek Bartzelonan eskaini zuten emanaldi honek".
Argazkia xeheago behatzen hasi eta hainbat gauza interesgarri agertzen hasi ziren.
Ganbaradun zubia dotore ageri da. Ezpatarien soka arku barrutik pasatzen ageri da, eta sokaren eskuineko muturrean, bi dantzari makurtuta daude eta besteak haien hartuta duten ezpataren gainetik pasatzen ari dira, salto eginez. Euskal Herrian, ezpata-dantzetan soilik Debako San Roke-dantzan ezagutu dugun figura da ezpaten edo makilen gainetik salto eginez pasatzeko hori. Ezpatak baino makil luzeen tankera dute eskuetan dituzten tresnak.
Harridura itzela zen beraz. Ezpata-dantza konplexua, ez-ohikoa geneukan begi aurrean, aurkikuntza bat! Nongoak ote ziren? Jose Lorenzo Pujana tartean izango al zen? Gehiago jakin nahirik argazkia kokatu nahian hasi nintzen, Bartzelonako tokia identifikatu eta zein ekitaldi ote zen jakinez gero, dokumentazioa bilatzeko aukera izango nuelakoan. Argazkia handitu nuen ikusleen ondoan zegoen seinaleak zer zioen irakurri nahirik:
Kontxo, nabarmena da irudia alderantziz dagoela, negatiboa alderantziz positibatu dute. Beraz, bira eman eta:
Bale, seinalearekin ez goaz oso urruti, baina argazki osoari buelta eman behar diogu. Horra:
Beno, argazkia zuzen jarrita, tokia argitu nahi izan dut. Bartzelonan portutik gertu behar du, atzeko itsasontziek salatzen dutenez. Googlemaps eta googlestreetview-ren bidez saiatu naiz, eta ondorioztatu dut El Cap de Barcelona inguruan izan behar dela, Paseo Colon etorbidea Plaza Antonio Lopez parean pasatzen den puntuan. Kontua da gaur egun hor ez dagoela gizon baten eskultura baizik eta eskultura moderno bat.
Ez nengoen erabat ziur baina, eta badaezpada Kataluniako laguneei galdetu diet. Angel Vallverdu, musikari eta folklore ikertzaileak berehala argitu dit, "Antonio Lopez plaza da argazkikoa, Via Laietanaren bukaeran, ezkerretara Pla de Palau, parean Correos-en eraikina. Barrenean portua". Eta ekitaldia zein ote zen? Data? Taldea? Vallverduk Kataluniako Artxibo Nazionalera bideratu nau, bertan jasoa baitago argazkia.
Bitartean Mikel Sarriegirekin topo egin dut eta argazkia erakutsi diot. Arrasto ona eman dit. "Ez dira ezpatak, makilak dirudite. Tolosakoak ote?". Kontxo, egia da, konturatuta nengoen makilak zirela, baina Pujanarekin jarraitzen nuen tematuta. Gainera makilak apainduta daramatzatela ikusten da, Tolosan garai batean bezala.
Mikelek Tolosako bordon-dantzari buruzko informazio ona eman dit gainera. "Itxuraz garai batean, denbora guztian talde formazio itxian, lau lerroak denak batera ibili beharrean, soka batzuk solte aritzeko ohitura izaten zen Tolosan". Bai, bikain enkajatzen du horrek guztiak argazkiarekin.
Kataluniako Artxibo Nazionalera idatzi dut, baina argazkiari buruzko daturik gabe, teknikariaren memoriaren menpe geratu naiz, beraz, sarean jarritu dituzten katalogoetan bila hasi naiz. Argazki eta fondo bikainak daude, eta horrelakoetan ohikoa den bezala, bila zabiltzana ez, baina beste zenbait pieza eder hasi dira agertzen bidera. Baina ordu batzuk pasa ondoren... Bingo. Agertu da argazkia. Sorta bereko besterik ba ote dagoen, eta ez, ez dago.
Argazkiarekin batera dagoen informazioa irakurtzen hasi naiz. Data ikusi dut. 1929/12/15. Ederki. Baina bapatean.... oopsss! "dansa tradicional càntabra durant un acte d'homenatge al Marquès de Comillas celebrat dins de les Jornades Muntanyeses, organitzades amb motiu de l'Exposició Internacional de Barcelona. Cruïlla de la Via Laietana i del passeig de Colom, a Barcelona.". Oooooooohh... Ez da euskal ezpata-dantza bat! Kantabriakoa da. Ez du aipatzen zehazki nongoa, baina berehala etorri zait burura Ruilobakoa. Argazkian ikusitakoa bat baitator Ruilobako "La Danza de las Lanzas"-ekin.
Bilaketa azkar batek argitu ditu kontuak. Ruilobako dantzariak 1929an Bartzelonan izan ziren Erakusketa Unibertsalean. Ezpalak jaialdian izan genituen Ruilobakoak 2006an eta haien dantzarekin bat dator Bartzelonako argazkikoa, bai horixe.
Ez da euskal ezpata-dantza bat beraz, ez Pujana, ez Tolosa, ez beste ezer. Euskal dantza delakoan, biratuta eta informazio okerrarekin argitaratutako argazki bat. Argazki polita hala ere, eta Ruilobakoa ezpata-dantza dotorea denik ezin ukatu!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?