Dokumentuaren akzioak
Errazagoa da dantza egitea
San Fermin eguna da, eta ez gaude ez Iruñean ez Lesakan, baina dantzan ari gara. Miranda do Douron gaude, Portugalen, makila-dantzen nazioarteko jaialdi batean. Miranda inguruko pauliteiroak eta Zamorako paloteoak dira nagusi jaialdian, eta gu urrutitik iritsitako euskaldun exotikoen papera egitera etorri gara. Gure emanaldia bukatu eta zenbait ikusle hurbildu zaizkigu egin ditugun dantzei buruz galdezka. "Zer esan nahi du egin duzuen ezpata-dantzak? Guda-dantza bereziren bat al da?" galdetu dit batek. "Emankortasunarekin zerikusirik al du?" besteak.
Portugalera joan gabe ere, ezkontza batean dantza eginez gero ohikoa da gonbidatuetako bat hurbiltzea eta "aizu, azalduko al diozu gure Albaceteko lehengusuari zer esan nahi duen aurreskuak?" Gure dantzek esanahai magiko eta mistikoen gordailu direla sinestarazten lan handia egin dugu dantza taldeetatik. Are gehiago, tradizionalari exotikoa gehitzen badiogu musika zelta egiten dutela dioten zenbait talderen iruditeria osoa martxan daukagu: errito paganoak, sinbolo ezkutuak eta arte primitiboaren superbibentziak.
Ez dut ukatuko superbibentziarik dagoenik gure dantzetan. Ensaioak gogorrak dira, izerdia majo isurtzen dugu, makilakadek minberak uzten dituzte hatzak, eta koreografiaren joan-etorriak sasi artean galtzen direnean, oxigenoa urritzen hasten da burmuinetan eta esku eta oinen koordinazioak kale egiten du. Heroiek bakarrik segitzen dute aurrera, superbibienteek.
Zahar itxura badute ere, erne, XXI. mendeko gizartearen eta kulturaren emaitza dira gure dantzak. Bai, tradizio zaharren ondorengoak dira; ustez behintzat, zenbait kasutan, aspalditik datozen tradizioak dira. Egia esan gehienak egozten dieguna bainodezente berriagoak dira, baina hori beste baterako utziko dugu. Geniona, aspaldiko tradizio batzuen ondorengo ditugu zenbait dantza, etengabe egokitzen eta eraldatzen joan arren, zahar itxurako osagai batzukin funtzionatzen jarraitzen dutenak. Baina egungo gizartean ekoiztu eta kontsumitzen dira, beraz, egungo kulturak eragiten die, beste edozeini bezala. Eta esanahiak ere egungo jardueran eman nahi dizkiogunak ditu. Zer esan nahi duen ezkonberriei egindako aurreskuak? Ba norbaitek ordaindu duela hori egiteko. Ados, horrelako gordin esatea ez da batere erromantikoa. Izan daiteke dantzariak lagun dituela eta horrela zoriondu nahi izan dituela ezkonberriak. Besterik ez? Bai, noski, bakoitzak erantsi nahi dion guztia. Eta erantsi nahi ez diona ere bai.
Ideia eta kontzeptu abstraktuak eraiki eta komunikatzeko erabiltzen dugun funtsezko tresna azaleratu ziguten Lakoff eta Johnson-ek: metafora. Hizkuntza bidezk komunikazioa metaforaz josita eta metaforen gainean eraikita badago, dantza komunikazioa sinbolikoa da goitik behera, eta metaforan hezurmamitzen da bere adierazteko gaitasuna.
Beste garai batzuetan sortu eta eraldatu zituzten arrazoi eta esanahiak fosilduta aurki litezke tradiziozko dantzetan. Koreoarkeologia jarduera erakargarria da eta emaitza irudimentsuak eskaintzean ditu, gure historiara hurbiltzeko aukera ematen digu\neta aurrera egiteko bideak irekitzen dizkigu. Asko gara horrelakoekin gozatzen dugunak. Ruperrek kantatzen duen bezala "Nik ere, gauza orotarik, gauza erabiliak ditut gehien maite". Baina orain eta hemen dantzatzen denak, orain eta hemen du zentzua eta esanahia, eta horixe da biziarazten duena. Ez da erronka makala hori hitzetan jartzea, alegia, 2007an ezpata-dantzan ari garenean, zer adierazi nahi dugun eta, ikusleak zer ulertzen duen hautematea eta hitzen lengoaiara ekartzea. Errazagoa da dantzan aritzea.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?