Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Euskal dantza eta genero-identitateaz elkarrizketa Argian

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantza eta genero-identitateaz elkarrizketa Argian

2020/04/16 10:25
Euskal dantza eta genero-identitateaz elkarrizketa Argian

Argia aldizkariaren 2682 zenbakiaren azala, 2020-03-22.

Doktore-tesian jorratu dudan gaiaren inguruan, hain zuzen euskal dantza eta genero-identitateaz elkarrizketatu nau Argia astekariko Mikel Garcia kazetariak. Martxoaren 22an argitaratu zen elkarrizketa, Argia aldizkariaren 2682. zenbakian, eta gaia azalean nabarmendu dute. Jarraian irakurri daiteke elkarrizketa osorik.

OIER ARAOLAZA, DANTZARI ETA ANTROPOLOGOA

"Mutilen eta nesken dantzak bereiztea duela ehun urteko sorkuntza kontzeptuala izan zen"

“Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan” doktorego-tesia aurkeztear da Oier Araolaza dantzari eta antropologo eibartarra. Gaur arte dantzetan iraun duten estereotipo bitarrak noiz, nola eta zein asmorekin sortu zituzten aztertu du. Gero eta gehiago dira rol horietatik aske den dantzaren aldeko apustua egiten ari direnak, baina oraindik bada lanik.

2020ko martxoaren 22a

Oier Araolaza - Argia astekarian 2020
Oier Araolaza, Argia astekaria, 2020-03-22. Argazkia: Dani Blanco.

Zenbaterainoko garrantzia du dantzak komunitate baten eraikuntza identitarioan?
Komunitate nazionalen eraikuntzarako inportantea izan da historikoki, bai gurean, baita inguruko komunitateetara begiratzen badugu ere: Espainiak flamenkoarekin izan duen lotura historikoa hor dago, sardanaren garrantzia Katalunian… Eta Euskal Herrian ere, XX. mende hasieran euskal nazioaren identitatea eraikitze horretan zeresana izan zuten ezpata-dantzak, poxpolinak edota Santa Agedak, komunitatea egituratu eta aldi berean komunitate hori sinbolikoki irudikatzeko orduan. Ispilu lana egiten du dantzak, gizarteari bere buruaren isla itzultzen diolako plaza publikoan, modu zehatz batean proiektatua. Plaza publiko horretan identifikatuta ikusten du bere burua komunitateak, eta horregatik da identitatea eta kohesioa indartzeko aproposa.

Dantzaren instrumentalizazioa eman zen XIX. mende amaieran eta XX. hasieran, tesian diozunez.
Garai horretan, Europa osoan hainbat tradizioren sorkuntza prozesuak gertatuko dira, koloniekiko emantzipazioarekin eta nazionalismoen sorrerarekin lotuta, eta esan bezala identitatea eta kohesioa bultzatzea helburu. Euskal dantzen kasuan oso garbia da erabilera hori, abertzaletasunak lehenengo unetik jarriko duelako hor begirada (antzerkiarekin eta musikarekin batera). Batzokiak sortzen hasiko dira herriz herri eta batzokia martxan jartzearekin bat antolatuko dituzten ekitaldietan ia beti egongo da dantza tartean. Gazteak erakartzeko funtzioa beteko du, besteak beste.

"XX. mende hasieran, muturreko binarismora joko duen eredua indar guztiz proiektatuko da dantzetan eta tresna eraginkor bihurtuko dira, binarismo hori gorpuzteko eta rolak gizarteratzeko eta elikatzeko"

Instrumentalizazio prozesu horretan, generoaren araberako sailkapena txertatuko da.
Adituek diote XIX. mende amaieratik datorren sexuaren biologizazio eta zientifizazioa (emakume eta gizonak sortzez ezberdinak garela azpimarratzen duena) lehertu egingo dela XX. mende hasieran, zientziak hartzen duen botereagatik, eta genero bereizketan sakontzea ekarriko du horrek. Garai horretan sortzen ari diren tradizioei genero ikuspegi berria txertatuko zaie eta oso muturreko binarismora joko duen eredua indar guztiz proiektatuko da dantzetan. Tresna eraginkorra bihurtuko da gainera dantza, binarismo hori gorpuzteko eta estereotipoak eta rolak gizarteratzeko eta elikatzeko.

Nola gauzatuko da dantzan genero bereizketa?
Dantzan egiteko gizonezko eta emakumezko modu erabat bereiziak eraikiko dira. Batetik, errepertorio ezberdinduak egingo dira, emakumeen dantzak eta gizonen dantzak. Ordura arte ez zegoen halako sailkapenik eta esaterako aurreskua, gizonek eta emakumeek egiten zutena, gizonen dantza gisa kategorizatuko da eta hortik aurrera gizonek dantzatuko dute. Berdin ezpata-dantzarekin, makil-dantzarekin eta nolabait biolentzia edota indarra ezaugarri nagusia duten dantzekin. Aldiz, harmonia, goxotasuna eta gisako ezaugarriak dituzten dantzak emakumeen dantza bezala sailkatuko dituzte, nahiz eta aurretik gizonek ere dantzatzen zituzten (arku-dantzak, zinta-dantzak, sagar-dantzak…).
Bestetik, janzkeran ere eragingo du. Gizonek joan beharko dute zuriz, praka luzeekin, abarketekin eta txapel eta gerriko gorriz jantzita. Emakumeari gona gorria eta buruko zapia egokituko zaizkio. Aurretik, emakumeek txapelarekin dantzatzea guztiz arrunta zen eta praka motzekin ere egin ohi zuten.
Azkenik, dantzakeran ere sartuko dute eskua: gorputz keinu bortitzagoak gizonentzat (hanka altxatzea kasu) eta xamurragoak emakumeentzat, zenbaitetan janzkerak berak baldintzatuta (gonak, alegia).

"Zenbaitetan, emakumeak hasi dira parte hartzen ordura arte aritzen ez ziren dantzetan, baina haientzat propio sorturiko jantziekin. Alegia, batzuek eta besteak ari dira gizon dantzari eta emakume dantzari gisa, ez dantzari soil gisa"

Eta zer kasualitatea, prestigio handiena duten dantzak dira gizonen dantza gisa sailkaturikoak.
Ez alferrik, kategorizazioak hierarkizazioa dakar berarekin eta dudarik gabe, ikusgarritasun eta prestigio handiena dutenak gizonen dantza gisa identifikaturikoak dira. Sabino Aranak idatzi zuen adibidez euskaldunon nortasuna ongien islatzen duten dantzak ezpata-dantzak direla eta ezpata-dantzen ezaugarri nagusia gizontasuna dela (viril dio berak), eta beste dantza batzuk erabat gatzgabeak eta aspergarriak iruditzen zaizkio, hala nola zinta-dantzak, eta horiek egokiago ikusten ditu emakume eta umeentzat.

Horren guztiaren herentzia da euskal dantzen egungo panorama?
XX. mendea luzea izan da eta askorako eman du, garai bakoitzak bere aztarnak utzi ditu, baina bai, genero rolen pisuaz ari garela, egun daukagunaren erantzun ugari orduko sailkapen hartan aurkitu ditzakegu. Oraindik ere mutilen eta nesken dantzetan pentsatzen dugu eta sailkapen hori duela ehun urteko sorkuntza kontzeptual bat dela jakitea funtsezkoa iruditzen zait, nola jokatu nahi dugun erabakitzeko. Alegia, kontziente izatea sailkapen hori ez zela izan plazan gertatzen ari zenaren deskribapena, helburu jakin batzuekin egindako sorkuntza kontzeptuala baizik. Bestela, sorkuntza kontzeptuala dena jasotzen badugu erabat naturala bailitzan (sortzez ezberdinak garenez, normala da dantza ezberdinak egitea), zailagoa da benetako parekidetasun baterako bidea egitea.

Izan ere, aipatu duzun moduan, dantzak duen balio sinbolikoagatik eta gizartearen ispilu izateko gaitasunagatik, ongi bete du bere lana eta genero bitarra naturaltzat ikusarazteko tresna aproposa izan da.
Ahaztu gabe dantzak gorputza duela tresna nagusi eta binarismoa gorputzaren naturalizazio batean oinarritzen denez, dantzak lagundu duela gorputz (eta mugimendu) bereizketa hori egiten, gorputzen bidez adierazitakoa ideien mundura eramaten.

"Mutilak gero eta urrutiago daude dantzatik, eta gero eta goizago aldentzen dira oro har, gizartean genero-marka femeninoa esleitzen diegun jardueretatik. Erronka zaila dugu, gizarte bezala"

Generoaz ari gara, baina adinari ere eragin al zioten garai hartako erabakiek?
Bai, eta baliagarria da konturatzeko gaur egun indarrean ditugun estereotipoak berriak direla, XX. mende hasierara arte adinekoak dantzan aritzea ez bakarrik gaur egun baino arruntagoa, sozialki ere baloratuagoa baitzen. Adinekoen txapelketak eta adinekoak aurreskuan aritzea ohiko zen.

XX. mende hasierako sailkapenaren aurretik euskal dantzak genero-markarik gabeko jarduera zirela ulertu behar dugu?
Arriskua hor dago, une jakin batean genero-marka oso garbiak dituzten dantzak eraiki zirela diogulako pentsatzea aurretik ez zegoela genero-markarik. Gehiegi esatea litzateke, baina bai esan daiteke mugak askoz lausoagoak zirela, estereotipo eta rolak ez zirela hain garbiak, eta aukera gehiago zegoela mugak gurutzatzeko. Gainera, ezaugarri batzuek ez zuten genero-marka zehatzik, gerora izango duten moduan; mugimendu harmoniatsu eta goxoek, esaterako, ez zuten genero-markarik. Laburbilduz, desordenatuagoa zen dena, ez gero bezain zurrun.

Hain juxtu, emakumeek ere dantzatzen zituzten gerora gizonen dantzatzat hartuak, kontrakoa kontatu den arren.
Aurreskuaren kasuan ikusi dugu: 1920ko hamarkadatik aurrera sistematikoki errepikatuko da emakumeek ez zutela aurreskurik dantzatzen eta hori ez da hala, XX. mendera arte aurreskua dantzatzen zuten emakumeen kasuak ezagutu ditugu. Tesian ikertu dut zergatik esan zuten gezurra Aita Donostiak eta garai hartako beste zenbait adituk, zergatik ukatu zuten emakumeek aurreskua dantzatzen zutela. Ez zen hautu kontzientea izan, moral kristaua, abertzaletasuna eta genero ikuspegia gurutzatuta jasotako errelatoa baizik.

Lizartza 2004 inauteri-dantzak
2004an emakumeek Lizartzako inauteri-dantzetan lehen aldiz parte hartu zuteneko argazkia (Argazkilaria: O. Araolaza)

“Dantzan genero bazterketekin bukatzeko ez genuke historiaren eta tradizioaren justifikaziorik beharko”, diozu tesian. Baina tradizioa argudio gisa erabilita ere –maiz egin ohi den moduan–, tesi honek erakusten digu tradizioa sarri errelato desitxuratua dela. Areago, tradizioa sortu egiten da, sailkapenekin gertatu zen moduan.
Virginia Maquieira antropologo feministarentzat, tradizioa da ordena garaikidea berretsi edo zalantzan jartzeko prozesu aktiboa. Ikuspegi interesgarria iruditzen zait, gure gain jartzen duelako tradizioa berregiteko ardura. Tradizioaren ikuspegi atzerakoiagoak dio tradizioa dela guregandik kanpo dagoen zerbait, zeinengan ez dugun eragiteko ahalmenik, eta nik ez dut horretan sinesten, tradizioa etengabe berregiten eta eraldatzen dugula uste dudalako. Hain zuzen, horri esker irauten du, egokitzen ez den tradizioa eten eta hil egiten delako, historia liburuetan geratzen da.

"2005etik aurrera, olatu bat hasiko da genero-markarik gabeko ezpata-dantzak han hemenka sustatuko dituena"

Tradizio eraldaketa horretan, gero eta gehiago dira jai eta ekitaldi herrikoietan emakumeen parte-hartzea bermatzen duten dantzak, baina leku batzuetan oraindik ez da hala gertatzen. Pasa den hilabeteko albistea da, Markina-Xemeingo saragi-dantzan lehenengo aldiz hartu dutela parte emakumeek, eta kostata lortu dute gainera. Gatazka sortzen al du gaiak?
Oraindik izango ditugu horrelako albiste gehiago. Baztango mutil-dantzak harrotu ditu hauts gehien, baina gatazka gehiago ziur izan direla eta izango direla oraindik. Kanpotik begiratuta behintzat intentsitate baxuko gatazkak dira; komunitate bakoitzak bere baitan ebazten ditu tentsioak. Egia da Hondarribiko eta Irungo alardeek txerto moduan funtzionatu dutela, eta horri gehitu behar zaio azken bost urteetan belaunaldi gazteagoek ikuspegi berriak ekarri dituztela.
Eta hala ere, oraindik asko dago egiteko. Leku batzuetan ematen ari diren konponbideek, esaterako, genero bereizketa sustatzen jarraitzen dute, berdintasunaren aldeko urrats gisa saldu arren. Zenbaitetan, adibidez, emakumeak hasi dira parte hartzen ordura arte aritzen ez ziren dantzetan, baina haientzat propio sorturiko jantziekin. Eta hori da ulertzea horrelako errituetan gizon dantzari edo emakume dantzari gisa baino ezin dela parte hartu, ez dantzari soil gisa.

Jai herrikoiez ari gara, baina ekitaldi ofizialagoetan, ez al da ia beti gizona aurreskua dantzatzen duena?
Instituzionalki egiten diren ustezko goi mailako ekitaldi publikoetan (Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, diputazioek, hiriburuetako udalek antolatutakoetan), gizonezkoen presentziak jarraitzen du izaten nagusi; bigarren eta hirugarren mailakoetan (herrietako udalek antolatuak), ez nuke esango nagusitasun hori mantentzen denik, baina ez atzean berdintasunaren hautu garbia dagoelako, dantza gaur egun oso-oso feminizatutako arloa delako baizik, eta dauden premia protokolarioei erantzuteko errazagoa izan ohi da emakumeak aurkitzea, gizonak baino.

Genero rolen tiraniak dantzatik aldentzen baititu mutilak…
Hori da gaur egun eta ziurrenik hurrengo urteetan izango dugun erronkarik zailena. Irudipena daukat, emakumeen bazterketa egon ez dadin dantzan ematen ari garen pauso bakoitzeko, rolen asignazioan pauso bat edo bi atzera egiten dugula. Mutilak gero eta urrutiago daude dantzatik, eta gero eta goizago aldentzen dira gainera. Ez dantzatik bakarrik, gizartean genero-marka femeninoa esleitzen diegun jardueretatik oro har. Gizarte bezala ongi aztertu beharreko auzia da.

Dantzan genero markak ezabatzea izan daiteke horri aurre egiteko bidea?
Hala da, beharrezkoa ez den tokietan genero-markak ez genituzke haizatu ez sustatu beharko. Areago, gaur egun euskal dantzetara ikuspegi ireki batetik iristen direnek ez dituzte genero-markadun keinuak lantzen edo barneratzen. Horrek ez du esan nahi hainbat eskoletan-eta lantzen ez direnik, baina ez da dantzak berez daukan zerbait.

Genero rolik gabeko dantza askean bidea egiten ari diren horien artean, adibide eredugarririk?
2005etik aurrera izugarrizko aurrerapausoak eman dira arlo horretan. Batzuek aurretik eman zituzten urratsak; esaterako, aipatzekoa da Andoaingo Axeri dantzan 2.000. urtean egin zuten aldaketa edo Lizartzako inauteri dantzetan egindakoa. 2005etik aurrera, olatu bat hasiko da genero-markarik gabeko ezpata-dantzak han hemenka sustatuko dituena: Eibar, Iruñea, Elgoibar, Andoain, Biarritz, Sestao, Portugalete… Sistema koreografikoa goitik behera tradizionala izanda, genero-markarik gabe eraikitako dantzak dira: emakumeek eta gizonek genero-rolik gabe hartzen dute parte, ezpata-dantzari dira denak. Generorik gabeko ikuspegia zabaltzeko lagungarriak izan dira.

Euskal dantza eta genero-identitatea Argia astekarian 2020
Argia aldizkariaren 2682 zenbakiaren azala, 2020-03-22.

Dokumentuaren akzioak

2020/04/16 13:02
Hemerotekan jasota zegoen, baina eskerrik asko modu honetan ere argitaratzeagatik, eskurago egon dadin eta gehiago zabal dadin.
Oso interesgarria. Esango nuke 'beharrezkoa', edo gutxienez oso komenigarria azterketa hori egin izana (doktore-tesi ikerketa lan hau), eta elkarrizketan garatzen duzun diskurtsoa.
Ikerketa-lan luuuuuzea eta gogorra izan bada ere, zuretzat eta zure ingurukoontzat... Oraintsu ikusten ari gara bere balioa euskal dantza tradizionalerako. Zorionak eta batez ere ESKERRIK ASKO lan hau egin izanagatik, eta ondorioak agerian jartzeko egiten ari zaren zabalpenagatik.
Erronka ederra hemendik aurrera ere, eskema zahar desegokiak desmontatzen eta oinarri berriak sendotzen.
2020/04/16 18:11
Nire partez ere zorionik beroenak, Oier!

Azken urteotan dantza taldeetan ematen ari diren aldaketei erreparatuz, eta artikuluan esaten duzunari helduz, laburpen hau egin liteke, sinplifikatuz:

1) Gu umeak ginenean oso ondo bereizten ziren nesken eta mutilen dantzak, eta protagonismo handiena mutilena zen. Mutilek dantzan egitea ez zen "hain" arraroa, nahiz eta noizbehinka komentarioren bat edo beste entzuten genuen.

2) Pixkanaka, gu baino umeagoak zirenen artean desorekak handitzen joan ziren, proportzioak esajeratuak bihurtuz: mutil bakoitzeko lau edo bost neska. Talde batzuetan neskak "mutilen" dantzak egiten hasi ziren, konbentzimentuz baino, beharrak aginduta, esango nuke nik. Mutilek segitzen zuten protagonismoa izaten.

3) Azken urteotan, mutilak dantzan irautea mirari hutsa da. Fenomeno hau ez da hemengoa, ezta berria ere: flamenkoan, dantza klasikoan, aspaldi eman baitzen. Dantzan bakarrik ez, "ezertarako balio ez duten" aktibitateetatik gizonezkoak desagertzen ari dira, haien lekua emakumezkoek zein umeek hartuz: katekesia irakasten, musika-bandetan, monitore lanetan… zer esanik ez abesbatzetan. Bestalde mugimendu bat ematen ari da dantza munduan, poliki-poliki baina indartsu, genero-markarik gabe dantzan egiteko. Esango nuke, oraindik ere, mutilena dela protagonismoa.

Laburtuz, hauxe da hau panorama: emakumezkoek protagonismoa har dezaten egindako lana aurreneko fruituak ematen hasi den garaiotan, zer eta... orain gizonezkoak falta zaizkigu, eta ez dakigu zer egin haiek geure taldeetara ekartzeko. Geure indarrez kanpoko faktore indartsuak baitaude, txiki-txikitatik "hori neskena da" esanarazten dietenak (nire ilobak halaxe esan zuen, sei urterekin). Faktore horien artean ez dira inportarteenak esaten diren hitzak, umeak pertzibitzen dueña baizik: komunikabideetatik eta gizartetik, oro har.

Aitortu behar dizuet nik ez diodala, epe motzean, erremediorik ikusten. Etorkizun hurbilean, mutilik gabeko taldeak jestionatzeko egin beharko dira ahaleginak, haiek geureganatu nahian indarrak alferrik xahutu gabe.

Ondo izan,

Xabier.
2020/04/17 13:33
Mila esker zuen iruzkin eta animoengatik, Patxi eta Xabier.

Bai, Patxi, nekosoa izan da, baina gozagarria ere bai, asko ikasi dudalako. Orain ikasitakoa partekatzeko ardura daukadala sentitzen dut, eta saiatuko naiz ahal den neurrian horretan ere.

Ongi laburbildu duzu azken hamarkadetako bilakaera Xabier. Nire ikerketa panorama horretatik abiatzen da, baina begirada 100 urte atzera jarri dut, orduan gertatutakoak ezagutzeak orain ditugun kezketan argi-izpiren bat emango ote digun itxaropenaz. Baina aurrean dugun erronka ez da makala. Ondo diozun moduan, gu ume izan ginenean euskal dantza ez zegoen beste dantza motak bezain etiketatuta nesken jarduera moduan, eta beraz, orain gure seme-alabek dantzaz duten ikuspegia oraindik markatuagoa da guk jaso genuena baino. Genero-berdintasunaren kontzientzian aurrerapausoren bat eman dugulakoan, genero-identitate eta horiei lotutako roletan ez dakit ez ote dugun atzerapausoren bat eman, euskal dantzan behintzat.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.