Dokumentuaren akzioak
Dantza pasteurizatua
Dantzariak hor gabiltza, munduko musiken ustezko arrakastaren aparretan igeri egin nahian. Modernotasunaren aitzakian etxeko ateak ireki ditugu, eta flamenkoa zein sabelaren dantza zortzikoa baino “gureago” ditugu orain. Garaikidetasun lasterketetan homologazio bila gabiltza eta break-dancean ere doktoratzeko puntuan gaude. Baina, dantza tradizionalak ia-disimuluan lurperatzekotan gauden honetan, modernoetan-modelnoenak esandakoekin hankazgora etorri zaigu estrategia osoa.
Cesc Gelabert, abangoardiako dantzari eta koreografo katalanak esan digu garrantzitsua dela munduko bazter batean txokoa hartzea, horixe baita unibertsal egingo gaituena: gure txokoko berezitasunak besteei erakusteak. Alegia, euskararen inguruko diskurtso soziolinguistikoetan entzuten genuena, euskara zela Babelgo dorrean sartzeko giltza, eta euskara bezala jalgi behar dugula dantza munduko plazara.
Aniztasuna bakoitzaren abiapuntuarekiko fideltasunean oinarritzen dela gaineratu digu Gelabert-ek. “Baina erne!” —gaztigatu digu sortzaile katalanak—, “inoiz ere ez ezjakintasunetik!”. Beste toki batzuetan zer egiten den ezagutu eta gure beharraren arabera erabiltzeko jarrera irekia izan behar dugu dantza garaikideko guruaren esanetan.
Mundu oso bat dugu klik batera. Sukaldea egurasteko leihoa ireki eta urakanak aidean garamatza. Beraz, hautatzen jakitea, —kriterioa esaten dioten hori—, omen da munduko (Ilargia eta Marte barne) musika eta dantzen ozeno honetan ez itotzeko arraunik eraginkorrena. Input uholde horren aurrean irizpide sendorik ez badugu, modaren eta azken joeren sarean galdu eta arrunt bihurtuko gara. Mundura homologazio bila ateratzen garen bakoitzean homogeneizatuta eta pasteurizatuta itzultzen gara.
Ez dugu dantza pururik, kanpotik jasotako ekarpenak bertako tenperatura eta hezetasun baldintzetan irabiatutako pureak baizik. Baina errezeta propio horiek dira gure unibertsaltasunaren froga agiri, eta horiek beharko genituzke dantzaren mundurako, munduko dantzetarako zein munduaren dantzarako gure ekarpen zintzo.
Argia, 2009-05-07
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?