Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Barazki purea

Dokumentuaren akzioak

Barazki purea

2015/09/18 06:45
Barazki purea

Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

Porruak, lekak, kalabazina eta tipulak erabili ditugu purea egiteko. Barazki batzuk ortuan jaso berriak dira, baina haiekin batera jarri ditugu iaztik izozkailuan genituenak, eta gainera dendan erositako pure pote bat gehitu diogu. Turmixak egin du sinkretismoa.

Lagun batek gure festetako eta errituetako ezaugarri kristauak, paganoak eta osagai kultural ateoak bereizteko eskatu dit. Ez du erritu kristaurik ospatu nahi; festetan zer ospatu eta zer baztertu jakin nahi du.

San Joan aipatze hutsak urtikaria eragiten du; orain modakoa udako solstizioa ospatzea da. Eguberrietan Olentzero onartzen da: “jentila zen, aizu!”. Inauteriak superbibentzia paganoak omen dira, beraz fenomeno; inauteri biharamuneko hausterre asteazkena eta garizumak zer diren ez dakigu eta ez dugu jakin nahi. Ez dugu onartu nahi gure festak eta errituak sinkretikoak direla, alegia barazki pureak.

Hezur-mamiraino sartuta dugun pentsamendua da ospatzen ditugun hainbat erritu superbibentzia paganoak zer nahi delarik horrek esan nahi duena direla, baztertzeko saiakeran huts egin ondoren kristautasunak bere kerizpean onartu behar izan zituenak. Hipotesi hori XIX. mendean sortu zen eta XX. mendean galtzerdia bailitzan buelta eman zaion arren, zuzenketak ez du zuzenduaren oihartzunik eskuratu, eta topiko faltsua, aurkikuntza berria bailitzan belaunaldiro erosten dugu.

Gaurko antropologo eta erljioaren historialari azkarrenetako batzuk diotenez, erritu paganotzat ditugunak orain 150 urte asmatu ziren. Kristautasunaren aurreko kultu eta erlijio ohiturak nolakoak izan zitezkeen irudikatu nahian, XIX. mendeko Europako herritar kristauen erritualak izan zituzten inspirazio iturri. Garaikide zituzten herritar xeheen kultu eta festa kristauak aztertu zituzten, eta horietan oinarrituta irudikatu zituzten bi mila urte lehenagokoak.

Behin erljio paganoen kultu ohiturak berrasmatuta eta ezagutzera emanda, superbibentziak eta erritu arkaikoen aztarnak zeremonia kristauetan identifikatzea bakarrik etorri zen. Nola ez zuten ba antzekotasunik aurkituko, haietan oinarrituta asmatu baitzituzten ustezko iturriak?

Purea mahaira atera eta hasi dira komeriak. Batek dio porruen hariak ezin dituela irentsi; beste batek kongelatutako jakirik ez duela jan nahi; hirugarrenak dio genetikoki eraldatu gabeko fruitu basatiak bakarrik jango dituela… Ez dakit zer egin, purea zakarrontzira bota ala barazki kremaren dekonstrukzioaz nazioarteko sinposiuma antolatu Donostian 2016an.

Argia astekaria, 2015-09-21

Dokumentuaren akzioak

2015/09/22 14:07
Honen moduko duda eta eztabaida askoren muinean arazo edo galdera bat ikusten dot: zerbait ohitura izateak zilegitasuna ematen omen dio. Zergatik? Zergatik ospatu behar dugu gure arbaso batzuk ospatzen zutena? Ez al genuke guk geuk gustoko duguna ospatu behar, duela 50, 100, 2000 edo 1000 urte egiten zutenari begira egon gabe? Ohitura onak mantendu egin behar dira, baina onak direlako, ez ohitura direlako.
2015/09/22 18:26
Aupa Ander, mila esker zure iruzkinagatik. Nire ustez ohituren transmisioak eta errepikatzea balio interesgarri asko ditu. Horiei esker komunitatea egituratzen da, belaunaldien arteko transmisioa gauzatzen da, gure giza-taldearen kultura jasotzen dugu. Horrek ez du esan nahi dena berdin-berdin errepikatu eta mantendu behar dugunik. Ez, noski. Etengabe bahea pasa eta merezi duena mantendu eta komeni ez zaiguna baztertu beharko genuke. Ondo diozun moduan, ohitura onak mantendu behar dira. Gaur egun justu kontrakoa gertatzen dela esango nuke: Berria bilatu eta sustatzen da, eta edozer gauza ontzat ematen da ustez berria bada. Eta hor, ohituratzat aipatutako irizpidea aplikatzea eskatzen dut nik. Berria izate hutsa ez dadila izan balio bakarra, estimatu ditzagun gauzak onak direlako, ez berriak direlako.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.