Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Baltasarren dilema: beltza ala belztua?

Dokumentuaren akzioak

Baltasarren dilema: beltza ala belztua?

2009/12/24 00:00

Errege eguna hurbil da eta plaza publikora haserre itxuran agertu dira etorkinen zenbait elkarte. Baltasar erregearen paperean jaiotzez beltzak ez direnak aurpegia baldarki belztuta agertzea burla, gutxiespen keinu eta irain arrazistatzat jotzen dute. Herri guztietan larruazal beltz jatorrizkoak auzokide ditugun garaiotan hobe genukeela “bertsio originalak” egokitzea Baltasarren larruan, eta ez pintura merkez belztutako zurien pantomima sineskaitzak.

Beltz autentikoaren aldeko aldarrikapenak lehendik zetozen. Azken urteotan, Baltasarren aurpegi kolorearen faltsutasuna salatu da zenbait herritan: “Margotuta dagoela antzematen da! Hobe litzateke benetako beltza jartzea”. Badirudi Baltasarren beltztasun jatorrizkoa aldarrikatzen dutenek itsu-itsuan sinesten dutela Santa Klausen bizar zuriaren sortze naturalean, horren inguruko kezkarik ez baita entzun.

Folkloreak ez ditu natur zientziek balioesteko moduko egitateak bilatzen, iruditeria propioa du eta mitoekin jolastuz gure kultur tradizioarekin bat egiteko aukera ematen digu. Baltasar beltza da, baina ez Afrikatik etorri zaizkigun lagunen tankerakoa, gure irudimen kolektiboak eraikitako “beltza” baizik. Baltasarren belztasuna kulturala da, ez fisikoa.

Baltasarren larru beltza, Meltxorren bizarra, Gasparren koroa edo pajeen arropak bezain faltsua zein egiazkoa da. Olentzero lanetan aritzeko inori ez zaio eskatzen curriculumean ikazkina dela frogatzea, eta sumatzen dugu aurpegia zikin itxurakoa izan arren ez duela sekula txondorrik ikusi ere egin. Inauterietako hartzak ez dira National Geografic-en dokumentaletan ikusten ditugunen modukoak, maiz ardi-larruz eginak daude, eta gainera, batzuk adarrak dituzte! Arizkunen edo Antzuolan hartza agertzean herritarrek badakite inauterietako hartza dela hori, zooan dagoenarekin zerikusirik ez duena. Iruditeria mitikoak ihes egiten dio egiantzekotasunari, baina horrek ez dio benetakotasunik kentzen.

Etorkinak integratzeko errege kabalkadan parte hartzea urrats garrantzitsua dela iruditzen bazaigu bikain, ni ere horren alde. Baina aurpegi zurbildun batek Baltasarrena egiteko aurpegia belzteak ez du zerikusirik gutxiespen, trufa eta irain arrazistekin, ez ditzagun gauzak nahasi. Afrikatik etorritako bizikide berriak prest badaude errege lanetan aritzeko fenomeno, baina, izan dezatela, hala nahi badute, Meltxor, Gaspar edo Olentzero izateko aukera eta eskubidea ere, beraien larruaren koloreari zein generoari begiratu gabe.

Argia, 2009-12-27

Dokumentuaren akzioak

aritz
2009/12/24 10:24
Oso kontu interesgarria.

Iruñean aspaldian dago gai honekin kalaka. Facebook-en ere sortu dira zenbait talde Baltasarrena beltz batek egin dezan. Baina hemen kontua korapilatsuagoa da. Izan ere, Baltasarrena egiten duena hamaika urte daramatza lan bera egiten eta astun samarra denez, gehiago da nire ustez karamelu hori berari kentzeko benetan beltz batek aukera izan dezan baino.

Edozein kasutan, alde bateko zein besteko argudioak edozein motakoak izaten dira. Zuk testuak emandakoak, interesgarriak.
oier
2009/12/26 22:04
Ez nuen Iruñeko kalaka horren berri. "Beltz autentikoaren" aldeko kanpaina hau oso arriskutsua iruditzen zait. Horren arabera emakume batek inoiz ezingo luke erregeen papera jokatu? Eta beltzek orduan ezin dute inoiz Meltxor eta Gasparrena egin? Batzuetan berdintasunaren izenean aldrebeskeria demasak egiten ditugula iruditzen zait.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.