Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Orioko gerra aurreko festak eta dantzak

Dokumentuaren akzioak

Orioko gerra aurreko festak eta dantzak

2019/04/26 09:20
Orioko gerra aurreko festak eta dantzak

Prozesioa txarangarekin, Orio, 1926. Argazkia: Kutxa Fototeka/ Fotocar/ Martín Ricardo/ CC BY-NC 4.0

1936ko gerra aurretik Orion ospatzen zituzten festen eta dantzen inguruko oroitzapenak jaso dituzte Karkara aldizkarian argitaratutako Gerra aurreko festak artikuluan. Dantzak garrantzi handia izaten zuen Orioko San Pedro eta San Nikolas jaietan, eta nahitaezkoak ziren meza eta prozesioen ondoren festaren osagai nagusia izaten zen. Aurreskua, dantza-lotua edota oilasko-jokua aipatzen dituzte Jose Mari Solaberrieta Bengoetxea Linok (1915ean Orion jaioa), Jesus Garmendia Salaberriak (1909an Bilbon jaio eta Oriora ezkondua) eta Ramon Santamaria Arrutik (1907an Orion jaioa) Eusko Ikaskuntzako folklore sailak 1980ko hamarkadan herri-festei buruz egin zuen lanean. Juan Mari Beltran, Karlos Garaialde eta Pedro Mari Santos aritu ziren bilketa lan horretan. Testigantza horiek berreskuratu ditu karkara aldizkariak.

Txistulariak, aurreskua eta dantzaldiak

Jesus Garmendiak txistularien kalejira, aurreskua edo dantzaldiak zituen gogoan: "Leunda eta Mariano Gonzalez de Chavarri. Danbor-jolea Dionisio Larrañaga zen. San Inazioren martxa jotzen zuten. Banda egon aurretik, suelto egiten zen dantzan: fandango, jota, dantza librea. San Pedro egunean, meza nagusiaren ondoren, 12:00etan, luistarren dantzariak udaletxeko ordezkariekin jaisten ziren herriko plazara, eta han aurreskua dantzatzen zuten, txistularien doinuan. Ordubeteko saioa egiten zuten, aurreskuan onenak Manuel 'Ollua' eta Patxi Uzkudun ziren. Sokak herriko neskekin osatzen zituzten. Arratsaldean plazan musika izaten zen gerra aurreko jaietan, Udalak jarrita. Bostak aldean hasten zen. Hamabi bat lagunez osatutako bandak lau bat pieza jotzen zituen jarraian eta, atsedentxo bat hartu ondoren txistulariak sartzen ziren".

9019_ca_object_representations_media_40716_original.jpg
Orioko arraunlariekin festan, 1946. Argazkia: Kutxa Fototeka/ Fotocar/ Martín Vicente/ CC BY-NC 4.0

Dantzaldiak txistularien eta bandaren doinuan

Elkarrizketatuek oroitzen zuten, noizean behin trikitia ere izaten zela, kanpotik ekarritakoa. Musika gau erdira arte izaten omen zen eta jendea ordu batak aldera erretiratzen zen. Ramon Santamariak gogoratzen zuen dantzaldietan neskak ateratzen zirela aurrena dantzara: "Eurak hasi eta gero mutilak: 'faborez' esan eta neskaren aldetik baiezkoa hartuz gero, dantzan hasten ziren; 'kalabazak' emanez gero, bazterrean gelditu behar". Musikariei ordaindu beharrekoa, dantzarien jantziak eta dantzari trebeenak ere izan zituen gogoan Santamariak: "Txistulariek hasiera baten, sei duro inguru kobratzen zuten. Geroztik gehixeago, hamar duro inguru. Banda egon aurretik, kanpotik ekartzen zuten musika, Hiru Txulo Donostiatik, Zumaiatik, e,a. Gero, banda sortu eta haiek jotzen zuten. Dantzariek janzkera berezia izaten zuten elkarrizketatuen arabera: galtza zuriak eta gerriko gorria. Aurretik ikasten zituzten dantzak, izaten zen baten bat dantzazalea eta harekin ikasten zuten. Esteban Elizondo eta Leunda ziren dantzari trebeenak".

Orio prozesioa 1926
Prozesioa, Orio, 1926. Argazkia: Kutxa Fototeka/ Fotocar/ Martín Ricardo/ CC BY-NC 4.0

Oilasko-biltzeta eta oilasko-jokoa

Bestalde, Orion orain galduta badago ere, zonalde horretan ohikoa den oilasko-biltzea eta oilasko-jokoa egiten zirela azaldu zuen Salaberriak: "Goizeko seiak aldean denak biltzen ziren toki baten. Dena lotuta eramaten genuen herrira. Txistulariekin joaten ginen, kantuan. Gero, oilasko jokoa egiten genuen plazan: oilaskoaren lepoa ohol baten zuloan sartu, bi makilen gainean, eta ttunttuna jotzen zuten, eta dantzan joaten ziren. Buelta bat edo bi egin eta gero, ondoan gelditzen zenak ezpatarekin lepoa moztu behar izaten zion. Gero, ziripot atera eta dantza egin ondoren oilaskoen lepoa moztu egiten genuen. Bukatzeko, bazkaria edo afaria egiten zen oilaskoekin".

Artikulua: Gerra aurreko festak (Karkara, 2018-12-05)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.