Dokumentuaren akzioak
Ibartzabal eta beste hamaika arku-dantza
Eibarko dantzariontzat jai egun berezia izaten da Euskal Jaia, lana, dantza eta festa uztartzeko aukera ematen duena. Lana Kezkaren dantza eskolako ikasle guztiak ateratzen baitira egun horretan dantzara, eta beti dagoelako eroritako zapi bat eta okertutako gerriko bat ongi jarri beharra. 120 ikasle ditugu dantza eskolan eta arku-dantzak egitea nahi genituela eta, nahikoa lan izan dugu aurten denontzat uztai bana aurkitzen!
Ibartzabal arku-dantza
Kanpotik arku-dantzak zetozela eta etxeko arku-dantza bat dantzatu behar genuen. Eta lozorroan zegoen aspaldiko dantza bat esnatzea pentsatu genuen. Ibilbide kuriosoa izan du Ibarzabal arku-dantzak. Eibarren XIX. mendean dantzatu ohi zela pentsatzen da, eta XX. mende hasieran, 1908an, Eibarren ospatu ziren Lore Joko edo Euskal Jaien aitzakitan prestatu eta plazaratu zen. Hamazazpi dantzari aritu ziren arku-dantza hori egiten orduko hartan. Baina emanaldiak ez zuen segidarik izan. 1940ko hamarkadan Gregorio Santa Cruz-ek, 1908ko hartan dantzatu zuten dantzari batzuen laguntzarekin berpiztu eta egokitu zuen dantza. 1948an izan zen re-estrenoa, eta hartarako 13 neska prestatu zituen. Harrezkero neskek egin izan dute dantza hori. 1998an dantzatu genuen Kezkan azkenengoz modu horretan, Gregorio Santa Cruz-en jaiotzaren 100 urteurrenean. 2008an, neskak eta mutilek, denok batera dantzatu dugu Ibarzabal arku-dantzan Ezpalak jaialdiaren aitzakian.
...eta festa
Euria izan dugu berriz ere Euskal Jaian, eta ondorioz, Ezpalak jaialdiaren emanaldi nagusia Coliseo antzokian burutu zen. Plazan egingo genuen gustura, baina ezinezkoa gertatu zen eta antzokira jo genuen. Eta bigarren aukera ere ez da txarra! Coliseoa antzoki beroa da, hurbilekoa. Dantzak ikusteko eszenatoki polita du, ikusleen eserleku guztietatik primeran ikusten da dena eta dantzari eta ikusleen arteko gertutasunak goxotasuna ematen dio emanaldiari. Euriak beraz ez zuen giroa hoztu, berotzen lagundu baino!
Eta emanaldiaren ondoren bazkaria Untzagan jarritako karpan eta ondoren festa, erromeria, Patxi eta Konpainiarekin.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19