Aurresku bat Usartzan 1932an
Familia ospakizun bat Usartzan (Eibar), eta senideak dantzan, zehazki, aurreskuan eta dantza soltean ageri dira Asier Sarasuak helarazi digun 1932ko argazki sorta honetan. Aurreskuaren soka ageri da argazkietako batean, eta dantzarako musika gramola bidez jarri zutela ikusten da irudietan.
Soka-dantza, aurreskuaren soka ageri da lehen argazkian. Zazpi lagun (bost emakume, gizonezko bat eta neskatila) ageri dira sokan argazkiaren ezkerraldean. Eskuma aldean bi gizonezkok emakume bat dute beraien erdian, alegia, zerbitzariak dira bi hauek, eta aurreskularia izan daitekeena gizona emakumearen aurrean dago, dantzan, eskuak gerrian jarrita eta eskuineko oinarekin pausoa markatuz. Erdian, gramola, tapa altxatuta, altaboz funtzio bete dezan.
Familia ospakizuna
Sona handikoak ziren garai bateko Usartzako erromeriak. Milaka lagun batzen omen zen Usartzan dantzara. Baina ez dira erromeria jendetsu horiek argazkiotan ageri direnak. Usartzan bai, baina familia giro intimoan egindako festa da Asier Sarasuak helarazi dizkigun argazki hauetan ageri dena. Bere aitxitxa Antonio Sarasua Gisasolaren argazki-bilduman agertu dira erretratu hauek. Ondoko argazkian dantza-soltean ageri dira, aurresku bukaeran izan liteke.
1932ko uztailaren 4an, Gisasola-Sarasuatarrek Usartzen egindako familia ospakizun baten argazkiak dira. Asier Sarasua, bere ama Maite Aranberriren laguntzarekin, argazkian ageri direnak identifikatzen aritu da. Badirudi Pablo Sarasua Guruzeta eta Gregoria Gisasola Iñarrairaegi senar-emazteen ospakizun bat dela aitzakia. Argazkietan ageri diren gainontzekoak bi horien anai-arrebak eta koinatuak dira. Hauek dira identifikatu dituztenak: Pablo Sarasua eta Gregoria Gisasola, Heraclio Sarasua (?), Maria Sarasua eta Fernando Irusta, Isabel Sarasua eta Genaro Boneta, Juan Bautista Gisasola eta Digna xx eta hauen alaba Ana Mari Gisasola, Antonia Gisasola eta Bernarda Gisasola.
Organistianekuak
Musikazaletasun handia zuen Gisasola familiak. "Organistianekuak" deitzen zieten Eibarren Gisasolatarren familiari Asier Sarasuak esan digunez. Musikariak ziren denak, baina gehien nabarmendu zena Juan Bautista "Juanito" Gisasola Iñarrairaegi izen zen, musikari ezaguna eta Eibarko Musika eskolari izena ematen diona. Argazkilari Pablo Sarasuak egingo zuen ziur aski, bera argazki bakarrean agertzen baita eta hor Juan Bautista Gisasola falta da.
Aurreskuaren irudiarekin batera gramola da deigarri gertatzen dena. Soka-dantzak edo sokan egindako aurreskuak, 1930ko hamarkadan familia giroan egiten jarraitzen zirela erakusten du irudiak. Gramolak arruntak ziren XX. mende hasieran, eta zuzeneko musikariekin lehia sortu zen, Aingeru Berguices ikertzaileak doktorego tesian azaldu duenez.
Argazki sorta ederra eta interesgarria beraz, Antonio Sarasua Gisasola bildumatik Asier Sarasuak helarazi diguna. Eskerrik asko!