Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jon Olazcuaga Garibal Bilaka: Saio Zero

Dokumentuaren akzioak

Bilaka: Saio Zero

Bilaka: Saio Zero

Bilaka, Saio Zero. Irudiak: Bilaka zentroa

Rendez-vous basque – Euskal Hitzorduak #3 - Miarritze
Azaroaren 7a, asteazkenarekin – 20:30 - Théâtre du Casino 

"Mathieu Vivier-ren Bilaka konpainiak plazer handiarekin aurkezten dizue Saio zero..."  

Bilaka, Saio Zero. Irudiak: Bilaka Zentroa

    
Publikoak antzokia bete du, erakunde kulturalek Iparraldeko dantza tradizionalaren arloan erreferentziaren mailara igo duten konpainiaren azken lana deskubritzeko. Argiak itzaltzen dituzte, teloia altxatzen da azken gomendioak azaldu eta… Eta desilusio gogorra da. Presaka irteteko nahiarekin bizitzen dugun ikusgarri bat, eta azkenean, nahiz eta bukaeraraino geratzen garen, deus ikusi gabe alde egiten dugu.

Itsasoari begira.              

Uhin zaharrak aztertuz (dantzari tradizionalaren ibilbidea), uhin berri baten indarra aurkitzea (« saio garaikideago bat »*) proposatzen digu ura eta itsasoaren mugimenduen irudian eraikitako ikuskizunak, hondartzan olatuen joan etorrien eta gurutzaketen moduan. Haren denboran errotua den ikuskizuna da Saio Zero, dirudienez arazo ekologikoaz ohartzen baita : itsaso lehor batek bakarrik hornitu ahal izan du ikuskizuna, non materiala tradizionala hain gutti agertzen den. Edo eduki hau taula gainean ekartzen den aska ttipiaren barneko ura da. Kasik arrainontzia iduri du, baina non dago arrain hura? Nahi duenak laster eta garbi ulertzen du gu garela arrainak : nihaur, ene ondoko ikuslea, antzoki guzia.

Arraingorri geldoa…      

Alabaina publikoa arraingorritzat hartua dela iduri du, ohiko erranaren arabera. Koreografia zati batzuen proposamena eta haien itzulera igurikatua bazen ere, neurrigabe eta etengabeko errepikapenek azkenean aspertzen dute, liluratu eta engainatu beharrean. Agian estrategia bat baizik ez da, 60 minutuko muga sinbolikora iristeko? Damurik denok ezagutzen diogu « kantitate/kalitate » esaerari…           
Honi gehitu behar da bideo instalazio handi bat, efektu estetikoa, harrigarria baina laburra duena eta ahultasun nagusi batekin : orotan ageri da. Hala, beraren atzean ezkutatuak ziren musikariak zorionez deskubritzen ditugu, nahiz eta hastapenetik taula gainean ziren. Erabateko desgrazia! Horretaz gain, haien jeinua giro musikara baztertua da. Hain melodia gutti, hain dantzatzeko musika gutti! Kantu apur bat dago bai, atsegingarria dena, baina bere tartekatzea ulertezina da ikuskizun osoari begira : dantzariek ez eta baliatzen diote jantzi aldaketa egiteko. Zein jantzi gainera? Behargabekoak dira : denok dakigun bezala, jantzia uztea “askoz modernoa egiten du”…

…eta erdi gose utzia.      

Eta segitzen du! Ezpal ttiki batzuekin elikatua den arrain ñimiño bat bezala da publikoa. Lau puskekin bakarrik : jadanik dakigun arrakastarekin (ala ez) berrikusia den Gipuzkoako dantzak – Zuberoakoak – fandangoak osatutako betiko hirukotea, dantza jauzien errepertorioan egindako sarraldi ahul batekin apaindua. Beste guzia hutsa da. Jadanik aurkeztutako hautu bat, konpainiaren aurreko ikuskizun batean miretsi ahal izan genuen bezala, non minutu luzeetan miraz jartzeko aukera genuen, dantzariek taula gainean lo egiten zuten denboran. Uraren irudia segitzeko, aberastasun koreografiko amildegikoa beraz.

Bilaka, Saio Zero. Irudiak: Bilaka Zentroa

« Nor naiz ?* » galdetzen du koreografoak ikusgarri hortan. Ondo egiten du : ur exotiko beroetan gehiehi igerikatuz, ahanzten dugu nondik gatozen. Lurrunduta dantza tradizionala!            
Alta, saio koreografikoaren motibo nagusia, itsasoaren irudia, argi eta zuzena da : « etengabeko kulunkan beti arraberritzen den itsasoa. Azkenean, uhin beraren itzulia da itsas hegi berarengan…*». Ez al da dantza tradizionalaren indarra beti berez arraberritzea?       
Eta koreografoak gehitzen du : « Euskal dantza hala erabiltzea eskubidea al dugu? Ongi egiten dugu?*». Ez, ez duzue ongi egiten, gainera arduragabea iduri duen jarrera erakusten duzuelarik : « esperimentazio bat da [...] non ematen dugun dantza tradizionala ingurumen garaikideago batean. Ikusiko dugu zer gertatuko den…*». Ez, ezin dugu itxaron zer gertatuko den ikusteko, erakusten dugunaz erantzule eta errudunak baikara. Eta bereziki ikusgarri berritzaile eta garaikide omen baten begietako errautsaz engainatua den publiko sineskorraren estimua dugunean.

Dantza tradizionalak ez du modernizatua, zaharberritua ala berridatzia izateko beharrik, berez, funtsez eta bere baitan garaikidea delako.           
À bon entendeur!            

 

*Jasone Irozek bildu dituen solasak Mathieu Vivier-ekin 2018ko martxoaren 24ean Saio Zero ikuskizunaren sorkuntzari buruz egindako elkarrizketan. Iturria : mintzoak.eus.

Irudiak : Bilaka Zentroa, www.bilaka.com

Dokumentuaren akzioak

2018/11/20 16:30
Euskal dantzarion konplexuak eta lotsak azken batean. Ez ditugu gure dantzaren gaitasunak ezagutzen eta ez dugu gure dantzaren gaitasunetan sinesten, beraz, modernizatu, mestizatu, nahasi, homologatu beharra sentitzen dugu behin eta berriz.
2018/11/20 17:15
"Ez, ezin dugu itxaron zer gertatuko den ikusteko, erakusten dugunaz erantzule eta errudunak baikara. Eta bereziki ikusgarri berritzaile eta garaikide omen baten begietako errautsaz engainatua den publiko sineskorraren estimua dugunean.

Dantza tradizionalak ez du modernizatua, zaharberritua ala berridatzia izateko beharrik, berez, funtsez eta bere baitan garaikidea delako."

Guztiz ados! Gure dantza ez dago hilda eta bere eboluzio naturala du, garaikdea delako. Euskal dantza tradizionala euskara da, ez da latina eta ez dugu zertan beste "hizkuntza" batzuekin zertan nahastu, edo bere eboluzioa "behartu", bere edertasuna edo izaera sendotzeko.

Eta Oierren iruzkinaren harira: "erakunde kulturalek Iparraldeko dantza tradizionalaren arloan erreferentziaren mailara igo duten konpainiaren azken lana deskubritzeko" Euskal dantzarion konplexuekin eta ezezagutzarekin ados, baina baita elkarte, erakunde kultural eta instituzioena ere.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.