Dokumentuaren akzioak
Pastoralari emazte baten soa
[Artikülü hau, HAU aldizkariaren 14.zenbakian agertü da lehentze. HAU aldizkaria eskertü nahi nüke artikülü honen hedatzeko parada eman beiteit, eta ondoko lotürala sartüz, kümitatzen zütüet haien web günearen ezagützaren egitera.
Esker bereziak eman nahi deitzet ere, artikülü hau ilüstratzeko baliatü dütüdan üdürien jabe eta egileer: Angel Elorza, Christian Ugarte, Eliane Heguiapal, Sabin Egiguren (Bizkai Euskal Folklor Elkartea) eta Txebi Arriaga].
Kasik urte oroz bezala, Xiberoko herri batek, pastorala üztailaren azken eta agorrilaren lehen astebürüan emaiten dü. Aurten, Ürrüstoi-Larrabileko herritarrek Abdel Kader pastorala antzeztü behar züen. Trajeria honen prestaketalako baldintzak aldiz, ez dütüe segür arruntenak eta goxoenak üken. Aurten birus batek, pastoralari, egiteko manerak kanbiarazi deitzo. Garai hontan, pastoraleko mustrakek behar lükee bete betean izan. Pastoralak eta bere antolaketak, herri bateko jente desberdinen arteko harremana sortzen dü. Jei horren prestaketak, negoziatze eta kolaborazione lüze zonbaitez definitzen dira. Sei hilabetetako lanak, diziplina, belaünaldi eta giro desberdinetako jentez osatürik den komünitate berri bat trinkotüko dü. Mustrakak horren adibide dira eta birusak, gure ohidürazko trajeriarekin, hortan oztopo egiten dü.
Bena pastorala edota tradizioa orokorki definitzen düan kalitatea, edozoin egoerari egokitzeko ahala da. Hala ez balitz, aspalditik Xiberoak bizirik begiratü düan antzerti hau desagertürik lizate. Pastoraletako emazteen parte hartzea da honen adibide, bai eta geroan orano egiteko düan bidea.
Idatzirik den pastoralik zaharrena, 1750ean Eskiulan emanik izan den "Sainte Elisabeth du Portugal" trajeriarena baldin bada, Xiberoko pastorala noiz sortü den ez da oso argi, eta iritzi desberdinak badira. Horien artean, Junes Casenave Harigilek jakinarazten deikü (1) Alzabehetiko elizan XII.mentekoa lizatekean mürrümarrazki bat ageri dela. Casenavek hiru neskatila, Santa Graziren gibeletik badabiltzala azaltzen dü, pastoral batetan bezala. Horrez gain, Casenavek jakinarazten deikü: "Beste antzerki zaharretan (kanpokoetaz ari da) gizonak baizik ez balin baziren ari, gurean gizon edo emazteak ari ziren; arizale güziak edo gizonak berak ziren edo emazteak. Arren ez ziren nahasten. Haatik badakigü 1799an, Klovis pastoralean, gizoneki batean, bi neskatila agertü zirela. Bestalde, Satanak beti gizonak ziren, emazteek emaiten züelarik ere. Bena, 1868an, Ligin eman zen pastoralean, neskatila bat izan zen Satan."
Eta hola, mentez mente, emazteek taulada gainean pastoralak eman dütüe, garai bakotxak, kanbiamen zerbait beti ekarriz. Allande Agergaraik jakinarazten deikü 1850 eta 1900 urteen artean 6 emazte pastoral egin direla, eta gehitzen dü Hérellek beste bost zenbatürik badütüala. Marie d'Abbadie d'Arrastek (Marie-Augustine-Émilie-Henriette Coulomb gazte izenez) "Causeries en Pays Basque" libürüan dio XIX.mentean, ez ohikoak izan arren, pastoral mixtoak bazirela. Horietarik bat, 1863an, Uharte Garazin Geneviève de Brabante pastorala. Agergaraik ere, esplikatzen deikü XIX. mente ürrentzean, neskatila gaztek Satan dantzak emaiten zütüela. Horrez gain, XX. mente oso hortan, lau-bost emazte pastoral kontatzen dira: "Sainte Marguerite" 1905ean Altzürükün, "Sainte Hélène" 1909an Urdiñarben eta 1953an Ligi Atherein, "Ximena" 1979an Atharratzen eta "Alienor" 2014an Maule Lextarren. Üdüriala, XX.menteko lehen pastoral mixtoa 1964ean Parisen emanik izan zen. Lehen ürratsa kanpoan eman baldin bazüen ere, bere eragina Xiberoan argitü zen eta 1976ean, Junes Casenavek idatzitako Santa Grazi pastoraleko koroetan, Marcelin Hegiapalek emazteak sarrarazi zütüan. Hortik lau urteetara, 1980an, Battitta Urrutiren errejengoarekin, Etxahunen Iparragirre pastoralean, emazte kargüak emazteek eman zütüen. Urtez urte, proposamen berri hau herrotüko da, eta herri desberdinetan egonkortüko den kanbioa izanen da. 1989ean, Altzai-Lakarrin, Junes Casenavek idatzitako "Zumalakarregi" pastoralean, emazte hirukote batek, gizonekin batean, Türken errolak eraman zütüen makilak eskütan hartüz. 1990ean, beste kanbio bat agertü zen. Jean Louis Davantek idatzitako eta Battitta Ürrutik eraman errejengoarekin, Abadia Ürrüstoi pastoralean, taldeko emazteen galtoala berriz, emazteek Türken aldetik elkitzeko gogoa idazleari adierazi zeioen. 1989ean ez bezala, emazteak ez ziren gizonekin boti : Türk emazteak tauladatik erretiratzen ziren, Türk gizonak berriz jelk litean.
Geroztik, han hor elementü zonbait kanbiatü dira pastoralean eta emazteen presentzia kargü desberdinetan agertü da. Hala nola pastoral idazleen artean, errejengoan, müsikalarietan, kür eramaileetan edota dantza trebazaleetan. Proposamen desberdin zonbait egin dira testoaren, gaiaren haütüaren eta emaztearen parte hartzearen aldetik (Joana Etxart, Joanikot pastorala, Altzai Lakarri, 2017). Gehienak salbüespen gisa aipatzen baldin badütügü ere, errealitatearen parte dira, bena ez, eztabaida edo lan prozesü parte hartzaile baten ondorio egonkortü baten gisa. Hortako Türk andereen jelkaldi hortan konzentratü nahi nüke, gogozkatze hau eta honen bidez, azken 30 urte horietan emazteak pastoralean üken düan garapenaz mintzatzeko.
Honen aipatzeko uste düt konprenitü beharra dügün garai hartan zentako eta nola emazte horiek plazak edo tauladak püblikoki hartü dütüen. Hargatik, 1989ean Altzai-Lakarriko pastoralean eta 1990ean Ikastolen pastoralean aktür ziren bi emazteekin elestatü nahi izan niz.
Yolande Dronde Recaltek erran düan bezala, 1989ean "Zumalakarregi" pastoralean, parte harzale ziren, hiru emaztek eta hura barne, nahi üken züen Türk gisa parte hartü. Jean Pierra Recalten lagüngoarekin, beren alde trebatü ziren. Prest izan zirenean, Battitta Ürrütiri haien xedea zoin zen jakinarazi zeioen. Azken honek hatsarre batetan ezezkoa eman baldin bazeien, aldi hontan "eia ordüan zeren egiteko kapable zideen?" bateki ihardetsi zeien. Hiru emaztek egiten zakitena erakatsi ondoan, ondoko üztailan gorrien bortatik Yolande, Christiane Dronde Astainhart bere ahizpa eta Marie-Agnès Etxegoyen Aphesetx, gizoneki batean tauladala elki ziren. Horrez gain, errejenta ez ados izanik ere, Kirixti aldeko emazteak oro, makilareki esküan jelki ziren tauladala, eta ez ohidürazko aizemaileekin.
1990ean, Abadia Ürrüstoi pastorala eman izan zen. Hortzaz, Lüxi Etxekopar Camusekin mintzatü niz. 1963an, Lüxik Zantxo Azkarra pastorala bizitü züan herrian, eta 1973an Pette Beretter pastoralean parte hartü plazandere gisa. Trajeria hartan bere anaiak taulada gainean zütüan, gizonak ziren emazte erroletan. Türken kantore azkar eta gogor bat dü gogoan, eta zoinen maite züan neskatila gazte gisa, kantore haren emaitea tauladatik kanpo, prefosta. Ondotik, Ximena emazte pastoralean, Lüxik, Ximenaren errola eraman züan. Türk güziak emazte ziren ordüan. Ondotik 1990ean Abadia Ürrüstoi pastorala heltü zen, Ikastolek emanik zen hura. Lüxik gogoan dü Ikastolako pastorala parte hartzailea zela, testoaren modernitateaz, alde tradizionalaz hitz egin züela, errol bakotxaren zergatiak eta erran nahiak esplikatü zirela, eta ügürüramen libre eta xüxen batetan zirela. Mustrakak hasi berri edo testo presentaketan zenez ez dü oso argi, bena bai gogoan dü Türk gizonen errola ikusi eta, xüxenka J.L. Davanti eginik galtoa: zentako ez emazteak Türk erroletan Jean Louis? Davantek testoa egokitü, eta aitzinetik Satanen jelkaldia baldin bazen ere, honi Türk emazteen errola eta ele gaixtoen plazaratzeko günea nahasi edo gehitü zeion. Gorrien jelkaldi haietan, emazteak beren alde elkitzen ziren, eta erretiratü ondoan, gizonak tauladaratzen ziren. Ez ziren arrunt nahasirik.
Urteak aitzina joan dira eta emazteen plaza hartze bat bezala ikusten zen jelkaldi hura, emeki emeki, gaur egün Xiberoko pastoralean ezinbesteko jelkaldia bilakatü da. Bena egünko egünean jelkaldi horrek bere helbürüak bete dütüa? Türk andereen jelkaldia bermatürik den ohidüra bat dea? Egünko egüneko pastoraleko jelkaldi hortako emaztek, ber helbürüak eta ardürak dütügüa? Gaurko emaztentako jelkaldi horrek beti zentzürik badüa? 30 urte berantago hots, zer diogü? Horiek dira nihaun bürüari egiten deitzodan galtoak, bai eta belaünaldi desberdineko neskatila edo emazteer egin nahi nütükean galtoak.
Yolandek, Lüxik eta beren lagünek eginitako aitzinamentüa, eta gure ama direnen garaiko emaztentako garaipen bat izan zen jelkaldi hura, amesten düt. Bena ez da ene ametsa, ez da ene garaikoa, eta behar ere!
Üdüri zait, egünko egünean, türketen jelkaldia pastoralaren osotarzünean defendatzeak, martxoaren 8a, emaztearen egüna bezala kontsideratzea dela. Jelkaldi bat emaztentako eta beste güziak gizonaren honealako. Aldiz, martxoaren 8a ez da emaztearen egüna, baizik eta emazteen eskübideen aldarrikatzeko egün bat. Egün hortan alkarretaratze franko baldin badira ere, beste egün güzietan, eta pastoralean, beste jelkaldi oroetan, emaztearen leküaren bermatzeko lan egin behar da, eskübideak aldarrikatzeko eta egin moldeen proposamen berri baten pentsatzeko. Emaztek ez dügü jelkaldi hori gure erreferentzia bakar gisa defendatzen ahal.
Ohartarazi nahi nüke hatsarre batetan, üdako pastoral ofiziala dügün hortan, emazteak ez ginela Türken erroletan berehala honki jinak izan. Besterik ezinean, gisa batez üdüri zait beharrez honartü ondoan, alde gorriko emazteak jelkaldi bakar batetan isolatürik izan girela, gizonekin ez gitean nahas eta garrantzi apür bat gal dezagün. Türk anderearen errola emeki-emeki sortü da bazterreko errol baten maneran, güne zentralean, hots betiko Türken jelkaldi hortan, lekürik izan ez genezan edo ez dezagün. Hola, egünko egünean, pastoraleko libürüxken aitzineko partean agertzen den arizaleen zerrendan, Türkak alde batetik eta ondotik Türk andereen izenak ikusten ahalko dütügü. Beti lista hortan, lehenik Türk gizonen izenak agertzen dira, gero Türk lagüntzaleenak (bertsetik ez düenak bena tauladatzen diren gizonak), ondotik Türk andereenak eta ürrentzeko, Türk andereen lagüntzaleen izenak (horik ere bertsetik gabe tauladatzen diren emazteak). Pastoral gehienetan, bakotxaren errolaren garrantziaren arabera egiten den zerrenda hori ikusiz (Lehenik süjeta, ondotik Kirixti inportantenak, beren lagünak, Türkak, Türk andereak, Satanak, apez eta aingürü edo haurrak, artzainak...), inportantago da elerik ez erraitea bena Türk gizon baten izatea, bertset zonbaiten ükeitea, bena Türk emazte izatea beno.
Taulada gaineala elkitzen giren emazte horik, dena kolore, dena arropa zoin eta pezüago, zoinek eta gerüza gehienik estalirik, ezinago zalhe, koregrafia gero eta kunplikatüago batetan, ezin heltzean, pastoralaren funtsa den testo hori gehienetan sakrifikatü beharrez. Urte batek bestea ordezkatzen dü eta türketen errekor marka gero ta gorago ari da, eta Türk emaztearen eta Türk gizonaren arteko sakoa handitzen da, bien arteko desberdintarzünak emendatüz eta Türken artean genero bereixketa handitüz. Errekor marka hori baldin badügü helbürü bakarra, memento batez hatsik gabe baratüko gira, oro eijer oro pollit, bena hatsik gabe.
Gehienetan, ez da emazte bakar baten botza entzüten edo desbardintzen ahal, botz kolektibo bat baizik ez da. Adibidez, ez da norbait arrezagützen ahal. "Ah! Hau ez zena Margaritaren alaba?"-rik ez da izaten ahal halako multzo batetan eta horrek, emazter ala neskatiler, erreferientziazko pertsona baten sortzeko ahala gaizten deikü. Horrez gain, üsü, emazte errol horiek ez düe egiazko izenik hartzen ere, historiari lotürik diren izenik erran nahi düt (Luisa, Maiana, Tinette, Manon, Maia... Nor dira? Nork erraiten ahal dü ezagützen dütüala?), bena bai izen misojina zonbait (Doña Lehu, Mihi gaixto, De Bühürri, De Pekü, Mihilüz, Üzkütxüt, Trebes, Gibelka).
Harrigarri zait emaztek dügün jelkaldi bakar hori zertarako baliatürik den. Gehienetan, bertso horik besteetaz gaizki elestatzeko baliatürik dira, beste gizonek eginitakoak kritikatzeko (emaztek ez beitüe ekintza handirik eramaiten pastoralean) eta nonbait politikoki züzen horren baitan beti, emazteaz egürükitzen den probokazione errol hori entzülegoari helarazteko. Emaztek horren egiteko eskübide güzia düe, kasü! Bena ez da egiten dakigün gaüza bakarra.
Nahi nüke ohart gitean, orokorrean, pastoralean emaztea, emazte artean delarik hitz hartzeko pertsona baizik ez dela, eta zena horrek hori dü indartzen enetako. Emaztea ez da üsü konponbide baten proposatzeko errola batetan itxürazten, ez da istoriaren kanbiarazteko eragile bezala aurkezten. Emaztea mintzo delarik, gizonek istorian zehar eginitakoaz mintzo da, süstengü ekarten deio bena ez dü ez arriskü bat errepresentatzen ikuslegoarentako, ez eta harengatik zerbait gerta litekeeneko düdarik ere. Emazteak ez dü güdükarik egiten pastoralean ez eta güdükarik deitzen.
Türk andereen zena hortan üda oroz ikusten düdana, hau da: urtez urte lehiaketa batetan gero eta sartürikago girela, urte oroz abiadüra, koregrafia, kexü, oihü eta orijinalitate baten beharraren gibeletik lasterka ari girela. Üdüri zait indarrak ez dütügüla lekü honean atetzen, akitzen ari girela aspaldian herrotürik den ezaugarri batekin bena orano ürrats hanitx emaiteko badütügüla. Jelkaldi horrek sobera akitzen gütü, hürrüpatzen eta ütsützen gütü, hartü behar günüke denbora haboroxe, egiazki egin nahi dügün hari pentsatzeko.
Türk andereen jelkaldia den adibide bezala, beste egoera hanitxek hainbeste maite düdan pastoraletik hürrüntzen naüe: plaza anderearen beharra, ekürüan, isil-isila, ekitoltzean, erridau baten ondoan, besteek zerbait egin dezaen haidürü; gizonak taulada gaineko zikinen xahatzea elkitzen deneko ikuslegoaren erreakzionea edota xahazaleak berak nola bereganatzen düan mementoa, denen begi bistan izateko eta ez xahazale neutral bat bezala agertzeko; sortida batetan bi, hiru ala lau emazte ezar ditzagün, entrada eman düan gizon bakarrari arrapostü emaiteko; Satanen pertsonajia antzeztüko düen neskatiler gonen jauntsiarazteko beharra. Zentako ez ezar pantalu bat kantiniersa izanen den potiko bati ordüan? Emazteen parte hartze eta balio ahüla artzainen jelkaldian; gizonek bizian gaizki eginitakoari parkamentü galtegiteko eta bakealako bidea har dezan jenteak galtegiteko sortzen diren emazteen kantore horik; talde urdineko emazte errolen kopürü ttipiegia ala kasik ez dena, eta badenean erranarazten zaienaren inportantzia ahüla; emazte baten bizia süjetzat edo gaitzat düan pastoralen kopürüa, ustez eta historia idatzi düan emazte güti badela eta izatekotan Eüskal Herritik kanpoko istoriak kontatü behar liratekeala; gizon baten historia kontatzeko haütüa egin badü herriak, zentako düdarik ez den pausatzen süjet horren interpretatzailea emazte bat izan zedin hura bada aktürretan hoberena; eta abar handi bat....Türk andereen jelkaldia izan zen ekintza püntüal harek, epe lüzeko kanbio garrantzitsü bat segürtatü züan. Enetako lan harek bere helbürüa beterik dü aspalditik, igaran gitean ondoko ürratseala arren!
Pastoralak betidanik bere ikuslegoan errol inportante bat izan dü. Taulada gainean agitzen denak pastoralaren beste aktür bat den püblikoarengan eragin xüxena dü. Orano bürüan düt 1991ean Xalbador pastoraleko jelkaldi batetan mahainean jarririk ziren bi gizoner kafea ekarten zeien emazte haren bertsetaz eta haren botz zorrotzaz: "Kafea beita berorik, orain berean eginik, hartüren düzü jarririk, gure Pierrak lagüntürik". Ondotik elki zen kazeta bideoari so egonik, zena harek gaztetan markatü nündüan. Botz zorrotzeko emazte harek indar soberaxe bazüan bere baitan debaldeko bertset baten kantatzeko, eta audela, taulada gaineko jokü harek ez züan ene etxeko mahain üngürüko egoerarekin bat egiten batere. Emaztea zerbütxari irudikatzen züan bertseta beharrezkoa zena Xalbador zenaren historiaren kontatzeko? Ez dügüa 1950. urteko historia bat kontatzen ahal 2020.urtean, egünko gazteriari bürüan sarrarazi gabe emaztea gizonaren zerbütxari ala menpeko dela?
Üda oroz errepresentatzen dügün antzerti horrek eragin xüxena dü ikuslegoan eta horrek uste düt behartzen gütüala, besteak beste, emaztearen errolan berpentsatü beharran. Heben ützi dütüdan hitzak proposamen edo iritziak dira, nahi nüke gai haietaz eztabaidatzeko denbora har dezagün, jünta gitean, emaztek beren gaia den emaztearen errolaz iritzia edo iritziak ekar ditzaen, ez beitü beste nihur erek bere ordez egiten ahalko.
Gehitü nahi nüke emaztearen egoeraren kanbioak pastoralean, ez dütüala deusetan antzerti zahar bezain adimentsü horren egin moldeak, ohidürak, lege, betebeharrak eta antzerkia kanbiatzen. Bena gizonarenak aldiz, bai. Uste düt inportant dela gizonek entzüten jakin dezaen, eskü zabalik transmisio horren lagüntzale izan ditean eta leküa ütz dezaen. Leküa ütz dezaen eta ez hüts dezaen, ez beita ber gaüza. Ez dezagün berriz Türk andereen jelkaldiaren ber eskema marrazt. Balio bardineko girenez, ez dezagün emaztearen presentziari garrantzirik ken eta gizon eta emazteak espazio komün bat biziaraz dezagün alkarrekin, güne zentrala partekatüz. Ahatze gabe, emaztek, ber eskübide, ber abantaila eta ber kargüak üken ditzagün, emaztean beharko dela garrantzia eman, eta hortarako baliabideak segürtatü.
Jünta gitean belaünaldi desberdinetako emazteak, alde batetik pastoralean egin dügün bideaz informatzeko eta idazteko, herexa ütz dezagün hots. Artikülü hau idatzi nahi izan düdalarik ohartü niz pastoralaz gehien idatzi düenek, gizonak zirela, eta horrez gain gehienik gizonetaz idazten züela, eta heien ikusteko maneratik. Oro har gaitz da emazte pastoralen güne eta datetaz, heien presentziaz, errola desberdinetan heien parte hartzeaz, aktüren izenetaz eta etabar handi baten informazionearen biltzea. Informazione horiek erran gabe ützirik izan dira, ez bada gorderik. Horrez gain, erranen nüke informazione enegatik pürü, oker edo düdakorrak sartü nahi izan zaizküla. Joana Etxartek ohartarazi deitan bezala, ideia orokor bat plantatzen da egia oso bat bezala. Bena ondotik, haiek eman elementü batek ideia orokor hau düdan ezarten dü. Elementü horiek beti salbüespen gisa kontsideratzen dira. Hala nola, alde gainean baliatü düdan Junes Casenaveren erranek, hau azaltzen deiküe: gizon eta emazteak ez ziren seküla nahasten pastoraleko tauladan. Sekülan, bena 1799ean bai, eta 1863an ere bai. G.Hérellek ere hau erraiten dü "Pastorales Basques pendant la Révolution" libürüko oin-ohar batetan: " On sait que, sur la scène basque, la régle est de ne pas mêler les sexes. Si donc les acteurs sont des garçons, les rôles de femmes sont tenus par des garçons travestis; et si les acteurs sont des filles, les rôles d’hommes sont tenus par des filles travesties. Il semble toutefois que, vers la fin de la période révolutionnaire, on essaya d’abolir cette règle." Heben ber gaüza agitzen da. Hérellek erraiten dü pastoraleko legearen arabera, gizonak eta emazteak ez direla taulada gainean nahasten. Bena libürü hortan bertan, honartzen dü pastoral mixtoak izan zirela, eta aitzineko pasartean irakurten ahal den bezala, lege horren ezeztatzea edo desegitea iseatü zela. Penagarri da behin eta berriz, informazione inportante horik salbüespen gisa tratatürik izan ditean eta ez ditean balia errealitate baten islatzeko. Horra zentako inportant üdüritzen zaitan gihautaz idatz dezagün.
Bestalde, uste düt inportant den bil gitean tradizio hori nontik horra zaikün ikasteko, nolakoa den jakiteko, gureganatzeko mementoan ere errespetüz egin dezagün; goatzan gure nahi eta beharretara egokitü ahal izan dezagün antzerti hori, gük ere gure gaiak izan ditzagün, gure erreferentziak (idazleak, errejentak, süjet epikoak, dantza erakasle eta dantzari hoberenak, etb...), eta hori oro üda oroz edota üdaz kanpo egiten diren pastoraler, nola egokitü leitean pentsatzera.
Uste düt emazteak bere errolaz mintzatzea merexi düan bezain beste pastoralaz, beste ideia orokorragoak eta gogoeta franko ekarteko ahalak dütüala. Emazte errolentako lekü güti düan gai bat pastoraleko gai hona denez galtatzen ahal düan bezala, uste düt emazteak ondoko galtoak ere pausa ditzakeela: jakitez urdinek honen bandoa eta gorriek gaixtoen aldea errepresentatzen dütüela, bi bando antagonistak "Kirixti" eta "Türk" deitzen jarraikitzen dügüa? Edo ikusiz ze handitarzün heinetara heltü den egünko pastorala, ikusiz sosak ze garrantzi hartü düan karrikako arte hortan, egin molde hau egokia dea? Aurten emanik izanen ez den pastorala, zentako ez litzateke ondoko urtean emaiten ahalko Muskildirekin batean, beste pastoral data herroka lüüüüüüze hura higiarazi gabe? Lehen ohi zen bezala, zentako ez dütügü bi pastoral emaiten eta gozatzen 2021ean, arazo ekonomikoengatik ez balitz? Uste düt badügün zer gogozka...
(1) Junes Casenave-Harigile. 2011 "Xiberoko antzertia edo pastorala" ikerketa, Euskaltzainak bilduma. 12.orr.
Ihitz Iriart Casenave (Mendiondoa, Aloze)
Aingürü, süjet, kür eramaile eta errejent.
Esker bero bat lan honen parte izan ziden oroer: Joana Etxart (Hureta, Maule), Lüxi Etxekopar Camus (Harrielgia, Onize Pea), Yolande Dronde Récalt (Altabea, Altzabeheti Altzai), Xantiana Etxebest Laubier (Oiha,Gotaine), Aritz I.L eta Johañe E.
Dokumentuaren akzioak
> "gizon baten historia kontatzeko haütüa egin badü herriak, zentako düdarik ez den pausatzen süjet horren interpretatzailea emazte bat izan zedin hura bada aktürretan hoberena"
Oso argigarria da norabide bakarreko trabestismoaren tabua: gizonak emazte jantzi daitezke edozein rol jokatzeko, baina emazteak beti emazte jantzi behar dira. Pastoraletan trabestismoa sistematikoa izan den, gizonak sujeta izan diren bitartean. Gizonezkoek emakume rolak jokatzea guztiz onartua izan da (bai pastoraletan, bai maskaradetan), baina kontrako norabidean, emakume batek gizonezko rola jokatzea tabua da.
Azpimarratzekoa da tabu hori berria dela. Emazteek osoki emandako pastoraletan gizonezko paperak emazteek jokatuko zituzten. Historian ere badira hainbat testigantza. Antzerki erlijiotsuetan, ohikoa zen neskek jokatzea mutilen papera, Jesus-en papera egiteko adibidez. Balletaren historian ere badira adibide ederrak: Fanny Elssler ballet dantzaria gizonezko paperetan aritzen zen maiz, bere ahizpa Teresak emakumearen rola jokatzen zuelarik. XIX. mendeko Europako dantzari famatuenatarikoak izan ziren.
Gaur egungo antzerkian, baita antzerki formalean, klasikoan ere, tarteka gertatzen da emakume batek gizonezko sujeta jokatzea, emakume baino lehen aktorea baita, eta beraz, sujeta hori jokatzeko aktore egokiena berori dela iritzita. Martxoaren 11n, konfinamendua hasi aurreko azken astean, antzerkia izan nintzen Eibarren. Shakespearen lan bikain bat, King Lear, Atalaya konpainia espainiarrak aurkeztu zuen Coliseo antzokian. Testu ederra bada, interpretazioa eta eszenaratzea halaxe izan ziren. Aktoreak apartak ziren eta guztietan distiratsuena Lear erregea bera, emazte batek jokatua, Carmen Gallardok.
https://www.youtube.com/watch?v=de13zKUk0Ig
Kritikak Atalaya konpainiaren lana goraipatu du eta guztiz egokitzat jo du Carmen Gallardok jokatzea Lear erregearen papera, bera baita Andaluziako aktore onenetarikoa:
https://www.todosalteatro.com/[…]/
Antzerkia (eta dantza) antzezpena da, eta antzezteko jokalariak ez du sujeta bera izan beharrik, sujeta antzeztu egin behar du, ez sujeta izan. Erregea antzezteko erret familiakoa izan behar; gaiztoa jokatu dezake zintzoak eta berritsua ixilak, eta beraz, sujetean generoa markatua denean (ez baita beti beharrezkoa!) emakumearena jokatu dezake gizonak eta gizonarena jokatu emazteak.