Dokumentuaren akzioak
Bixer ez gare klasera fango, kinttuak ikusi bitxugu

Otsaila hasierarekin, urtero, dantza taldeko txikienak pozik eta normalean baino aztoratuago datoz klaseetara: "Idoia!! Laster kinttuak!! Kintto dantzia ikasi bihou!! Bueno nik ya badakit!!" Banango doinua jarri eta plazan urtero ikusten duten hori errepikatzen saiatzen dira. Inork ez die inoiz erakutsi, baina moduren baten, barneratuta dute txiki-txikitatik. Buelta bat ematen dantzara atera, ostiko eta hanka gurutzatzeak eta bueltak, irtetzeko txapela kendu eta agurtu. Orain hurrengoa. Sei urtetik hamabi urte bitartera izaten da emozio handiena. Gerora ez dute halako urduritasunik adierazten.
Otsailak 3. WhatsAppeko mezu bat: "Gaur kintoetako dantza ensaiua dauket 18:30ean, ez dakit zein ordutan bukatuko doten. Bestela fango naz". Aurten dantza taldeko bakarra izango da kinto, Itziar Bengoa. 18:30ean eguneko klaseetako bat amaitu dut, hurrengoa 19:00etan. Txistu doinuak entzun eta dantza gelatik pilotalekura jaitsi naiz entsegua ikustera. Zehazki hamaika musiko, txistulari eta atabalero, 45-bat kintorentzat. Iritsi naizenerako lehen desafioa, ondoren banangoa (45-bat aldiz), agurraren doinuarekin gonbidatua atera eta agurra eta banangoa. Agurraren doinuarekin taldea zentzuz aldatu, orain atzeskua aurresku. Beste agur bat. Berriro ere agurraren doinua, buelta oso bat eman eta bukatzeko fandango eta arin-arina. Atalataikoarekin amaitu.
Otsailak 5. Dantzako klaseak ematen txistu doinuak entzun ditugu. Umeak urduri: "Idoia galdukou dantzia, fan inbigare!!" Sei urtekoak beti urduri. 18:30-20:00ko klasea bertan behera. Gauzak jaso eta ni ere plazara. Azken entseguan zebiltzan kintoak pilotalekuan.
19:00, zuziria zerura eta hor sartu dira 2007an jaiotako 45 lagun elkarri eskuak emanda atalataiko erritmoan. Plaza beteta eta aurtengo kintoek zelako erakustaldia egingo duten esperoan.
Lehenengo aldia izan da Eskoriatzako kintoen aurreskua plazan ikusi dudana. Asko gustatu zait, emozionatu ere egin naiz. Aurten 2007an jaiotako ia eskoriatzar guztiek dantzatu dute plazan, eta bana-banan! Denak bikain aritu dira, gabonetatik erakusten aritu diren bien meritua da hori. Denek txalotu dituzte denak, banangoan hanka jasotzen zuten bakoitzean denek oihukatzen zuten (lau ostiko pertsonako, 45 kinto baziren guztira, pentsa!).
"Gabonetako oporretan hasi ginen prestaketa lanetan, opor egunak aprobetxatzeko. Abenduak 23 hasi eta guztira 12 egun" azaldu dit Aiora Diaz de Gereñuk. "Ni ere kinto izandakoa naiz eta Maiderrek ez zuen aukera hori izan... azkenean beste ikuspuntu bat ere erakusten diedalakoan nago". Aurten irakasle lanetan izan da lehenengo aldiz, urteetan irakasle lanetan aritu den Maider Otamendirekin batera.
"1993an dantza taldea berriro martxan hasi zenean, ordurarte arduratzen zenak, Mario Padillak (1928), laguntza eskatu zigun eta batzuk hasi ginen. Gainera dantzari batzuk kinto ziren orduan, eta denok adin antzerakoa genuen. Mutilek bakarrik egiten zuten dantza hau garai hartan. Poliki-poliki erreleboa hartu genuen" dio Otamendik. Gero dantza taldea desagertu zenean batzuk jarraitu zuten, "baina azkenean Gorka (Arrese) eta biok geratu ginen. Guraso izatean gero ta zailagoa zen antolatzea eta Gorka uzten joan zen".
Edurne Abasolo hasi zen laguntzen eta koplak erakusten, Jota Arrieta, txistularia, entsegutara joaten zen, "pare bat urtetan musika eskolako dantzari batzuk ere etorri ziren, eta azken urteetan Edurne eta biok, eta puntualki Gorka, arduratu gara erakusteaz". Jarraitzeko gogoz bai, baina baita errelebo bila ere da Otamendi. "Oso gustora noa, batez ere azken urteetan seme, iloba eta nire lagunen seme alabak direlako kintto. Gehienak ezagutzen ditut, asko besoetan izan nituen, eta haiei erakustea zoragarria da. Hurrengo urte batzuetan ere hala izango da eta horrek aurrera jarraitzeko gogoa ematen dit". Baina errelebo beharra dagoela adierazten du, "Edurne eta ni ez gara betiko egongo. Gazteagoek hartu behar dute ardura hori… herrian dantza taldea egoteak hortan ere lagunduko du".
Bi egunez ateratzen da soka-dantza Eskoriatzan. Lehenengoa Santa Ageda egunean bertan eta bigarrena hurrengo igandean. Bi soka hauetan aurresku eta atzeskua ezberdinak izango dira. Duela urte batzuk erabaki zen soka ateratzen zen bakoitzean, aurresku eta atzesku, neska bat eta mutil bat izan behar zirela. Nesken aldetik ez da arazorik izaten bolondres ateratzeko, mutilei dagokienez, ez dira gehiegi aurkezten. Aurtengo kasuan zozketa egin da zein bi neska aterako ziren erabakitzeko, mutilak, aldiz, bi aurkeztu ziren eta bi horiek izan dira aurtengo atzeskuak. Lehenengo sokan Enara Urrutia izan aurresku eta Haritz Arrese atzesku. Igandean, bigarrenez, Irati Arrate aurrean eta Ibai Illarramendi atzean.
Kintada bakoitzean bi pertsona ikusiko ditugu gerriko eta txapel beltzarekin. Hauek kintadako nagusiena eta gazteena izango dira eta soka-dantzan zerbitzarien papera izango dute. Gonbidatuen bila joan eta agurra dantzatu ostean banangoa ere dantzatuko dute aurresku eta atzeskuarekin batera. Aurten Julen Lezeta eta Aroa Mateos.
Txaloak zerbitzariek bigarren gonbidatua atera dutenean, Maider Otamendi, bere semeak agurra dantzatuko dio, lau kintok banangoa dantzatuko diote eta gero denekin batera sartuko dute sokan. "Izugarrizko emozioa, ni dantzaria izan eta hainbeste jenderi agurra egiten erakutsi eta gero, nire semeak niri dantzatzea... Nik esan nion bere neska laguna atera zezan (barrez), baina.. ezetz, 'ez ama, zu aterako zaitut, hainbeste urte erakusten eta...".
Gonbidatua sokan sartu eta azkeneko desafiora bidean agurraren doinuarekin herritarrak kintoen sokan sartu dira, haiei eskua emanda desafioa ikusi eta guztiek batera dantzatu dute guztiari amaiera emango dion fandango eta arin-arina. Atalataikoan atera dira sartu diren toki beretik kintoak eta herritarrak. Txaloak eta txistuak, erakustaldi ona izan denaren seinale. Denak plazara itzuli eta bakoitza bere familiarengana hurbildu da, argazki sesioa plazan. Orain gurasoekin, orain familia osoarekin, orain aurresku eta atzeskuek, orain lagunekin... Igandean berriro egiteko prest eta hurrengo urtekoak gogotsu.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Idoia Lahidalga Baglietto
Eibar, 1999.
Dantzaria eta argazkilaria naiz. Txikitatik Eibarko Kezka Dantza Taldeko kide eta gaur egun Eibarko Kezka eta Eskoriatzako Gorosarri dantza taldeetako irakasle.