Ukatu zitzaien espazioa dantzan hartu dute Aretxabaletako emakumeek

2026/03/13
Ukatu zitzaien espazioa dantzan hartu dute Aretxabaletako emakumeek

1967-1987 urteen bitartean jaiotako 60-bat emakume kinto jantzi dira zegokien momentuan ospatu ezin izan zuten eguna izateko. “Gure iraultza ere dantzan egin genezake” pentsatu zutela azaldu digu Mirari Irurek (1977);  Aurten gu be kintta! ekimenaren abiapuntua Emma Goldmanen (1869) istorioarekin piztu zitzaiela, anarkista lituaniarraren "ezin badut dantza egin, ez da nire iraultza" esaldian pentsatzen hasita.

Euria goian-behean izan arren, jendea bildu da plazan aurreskua eta momentua partekatzeko. 

Plaza hartzeko eguna ere ez da kasualitatea izan. “Zapatua izatea gura genuen, eta hasieran duda egin genuen ea martxoak 8 bera aukeratu, edo bezpera. Kinttuek Santa Ageda bezpera dantzatzen dutenez, guk ere bezperan egitea pentsatu genuen eta horrela, martxoak 8ari bere protagonismoa eman”.

Atalataikoa. Aretxabaleta, 2026-03-07 Argazkia: Idoia Lahidalga Baglietto

Aurreskua prestatzeko ekimenean parte hartu duten batzuek hartu dute irakasle rola, hainbat dantzan ibilitakoak baitira. Horrez gain, Aretxabaletako dantza irakasleen laguntza ere izan dute. Plazara ateratzean askori berriro ere dantzara itzultzeko gogoa piztu zaiela ere azaldu dute, ekimenak berpiztu egin duela dantzarako gogoa. Dantzan sekula aritu ez direnak ere izan dira honen parte, “entseguetan lortu dugun hori da politena. Betidanik ezagutzen gara bistaz, baina elkarrekin hau konpartitzeak, elkarri lagundu eta dantzatzeak harreman berezi bat sortu du”, adierazi du Mireia Arrietak (1979).

Ensaioetako irudiak. Aretxabaleta, 2026-02-26 Irudia: Mirari Irure

Plazara iristen hasi direnean benetako emozioa. “Hor hasi da adrenalina igotzen”, dio Lorea Serratok (1976). Berak gidatu du soka txistularien atzetik. Plaza jendez beteta ikustean denak sartu dira pozarren. Atalataikoa plazan sartzearekin batera hasi dira guztien lekaioak.

Lorea Serrato atalataikoa zabaltzen. Aretxabaleta, 2026-03-07 Argazkia: Idoia Lahidalga Baglietto

Bi soka osatu dituzte plazara iristean. Aretxabaleta, 2026-03-07 Argazkia: Idoia Lahidalga Baglietto

Plazan tokia hartu eta bi soka osatu dituzte, dantzatzera animatu direnak eta horiek babestuko dituztenak. Horren ostean desafioa dantzatu dute Serratok eta Nerea Etxandiak. Jarraian banaka dantzatzeko momentua. Egun honen parte izan diren 33 emakumek hartu dute plaza banangoa dantzatzeko. Bakoitzak amaitu eta sokara itzultzean, elkarren arteko besarkada eta animoak ere nagusi izan dira. “Itxaroten nengoela oso urduri nengoen, badator, badator… baina gero oso gustura” dio Arrietak. “Niri segituan pasatu zait” dio Serratok. “Nik barre piloa egin dut” Irurek.

Mireia Arrieta banakoa dantzatzen. Atzean Kintak elkar besarkatzen. Aretxabaleta, 2026-03-07 Argazkia: Idoia Lahidalga Baglietto

Arrietak bere motibazioa pertsonala izan dela azaldu dit. Bere garaian (1997an tokatuko zitzaion) ez zuen horrelako aukerarik izan: “Lehen normaltasunez onartzen zen egoera hura, eta aurrera. Orain, aukera izan dudanean, hasieran ezetz esan nuen, baina gero pentsatu nuen: zergatik?”. Berezia izan da Arrietarentzat plaza hartu eta berak bakarrik dantzatu ahal izatea bere ama, ahizpa, seme-alabak eta senarra bertan egonda “asko emozionatu naiz”. Bere semea datorren urtean izango da kinto, “agian erreferente bat izan naiteke beraientzat gaur dantzatzean, baina batez ere, nigatik egin dut”.

Lehenengo agurra Itziar Aranaren familiari. Aretxabaleta, 2026-03-07 Argazkia: Idoia Lahidalga Baglietto

Banaka dantzatu ostean kintoek egin ohi duten bezala agurra dantzatzeko momentua. Hiru omenaldi egin dituzte. Lehenengo agurra Itziar Aranak bere familiari. Bigarrena agurra Lorea Serratok sokan haiekin batera zegoen Axuri. “1990 inguruan, inauterietan kintoz jantzi eta kalera atera ziren neska batzuk. Gainera, mutil bat atera zuten erdira. Nahiko eztabaidatua izan zen eta kritikak jaso zituzten” dio Serratok. Azkena Nerea Etxeandiak, Naiara Olabarriak eta Alaitz Olabek Aretxabaletako txistulari emakumeei (Aintziñe, Jasone eta Arantxa) dantzatu zieten. Azken biei txapel moreak jarri zizkieten.

Bigarren agurra Lorea Serratok Axuri. Aretxabaleta 2026-03-07 Argazkia: Idoia Lahidalga Baglietto

Azken agurra Nerea Etxeandiak, Nerea Olabarriak eta Alaitz Olabek Aretxabaletako txistulari emakumeei. Aretxabaleta 2026-03-07 Argazkia: Idoia Lahidalga Baglietto

Ekimena ez da soilik dantza emanaldia izan; aldarri bat ere izan da. Dantzaren bidez, emakumeek haien momentuan ukatu zitzaien lekua hartu dute plazan. "Emma Goldmanek esan zuen bezala: nik ez dut gura parte hartu iraultza batean, askatasun pertsonala eta ondo pasatzea ez badago” dio Irurek.

Mirari Irure Aretxabaleta, 2026-03-07 Argazkia: Idoia Lahidalga Baglietto