Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Iratxe de Arantzibia Igor Yebra, "Zorba el griego" balleteko protagonista izango da azaroan Kursaalean

Dokumentuaren akzioak

Igor Yebra, "Zorba el griego" balleteko protagonista izango da azaroan Kursaalean

Igor Yebra, "Zorba el griego" balleteko protagonista izango da azaroan Kursaalean

Igor Yebra, 2014an

Igor Yebra izango da azaroaren 25ean Donostiako Kursaal auditorioan egingo den Zorba, el griego ikuskizunaeko protagonista. Dantzari gonbidatu gisa, Lorca Massinek 1988an sortutako koreografia egingo du dantzari bilbotarrak Sofiako Operako Balletarekin. Yebra hamaika urteren ostean itzuliko da Gipuzkoako oholtza batera, Zorba protagonistaren papera lehen aldiz jokatzen, orain artean John amerikarraren rola egin izan baitzuen. Ballet honen oinarria da Nikos kazantzakisek 1946an idatzitako Alexis Zorbaren bizitza eta abenturak liburua, baita haren gainean Michael Cacoyannisek 1964an Mikis Theodorakisen musikarekin egindako izen bereko filma ere. 

Argumentua

John amerikar turistaren istorioa kontatzen du ikuskizunak. Greziako herri galdu batera joan eta Marinarekin maiteminduko da. Era berean, Manolios herritarrak ere gorte egiten dio Marinari. Herriko komunitatean Johnen aurkako jarrerak hazten hasiko dira, Zorba iritsiko den arte. Gizon librea da Zorba, ez da inongoa, eta zorteari desafio eginda, kanpotarrari laguntasuna eskainiko dio. Zorbak irakatsiko dio Johni dantzak, askapen eta euforiaren sinomimo gisa gaitzak sendatzeko duen balioa. Gorabehera askoren ondoren, beren penak eta pozak dantzatuko dituzte greziar herriaren mistika jasotzen duen azken sirtakiarekin.

Igor Yebra

Dantzan munduan lehen urratsak bere sorterrian, Bilbon, eman ondoren, Madrilgo Victor Ullateren eskolan jaso zuen formazioa. Debut profesionala Victor Ullateren Balletan bertan egin zuen (1988-1996), eta konpainiak Bilbon 1988ko apirilaren 28an egindako lehen emanaldiko taldetik gaur egun profesionalki lanean diharduen dantzari bakarra da. Bakarkako ibilbideari Australian Balletean ekin zion (1997-1998). Ibilbide luzea egin du eta konpainia askotan aritu da, eta hainbat mugarri ezarri ditu. 2004an, Moskuko Kremlineko Kongresuen Jauregian egindako emanaldi batean, Ivan Izugarria balletean errusiarra ez zen lehen protagonista izan zen. Hainbat sari jaso ditu: Dantzari Gazteentzako Eurovisioneko Sari Nagusia (1989), urteko dantzari onenaren Danza & Danza Saria Italian (1996), Maya Plitseskaya lehiaketako bigarren saria (1998) eta Italiako Leonidas Massine Saria Italia (2003). Bordeleko Operako Balleteko dantzari izarra izan zen 2006 eta 2016 bitartean, eta Erromako Operako Balleteko lehen dantzari gonbidatua 2002 eta 2012 bitartean. Gaur egun freelance moduan ari da. Kalitatezko irakaskuntzak duen garrantziaz jabetuta, duela hamarkada bat dantza-eskola bat sortu zuen Bilbon.

Sofiako Operako Balleta

Laurogeita hamar urte betetzetik gertu, Sofiako Operako Balletaren hasierako helburua Errusiako eskola klasikoa eta Alemaniako dantza espresionista uztartzea izan zen. Atanas Petrovek konpainiarekin 1928ko otsailaren 22an eszenaratutako Coppelia lana jotzen da Bulgariako lehen ballet emanaldi profesionaltzat. Gaur egun Plamen Kartaloff da zuzendaria, eta errepertorio klasikoa eta dantza garaikideko produkzioak tartekatzen ditu bere errepertorioan. Sofiako Operako Balletak arrakasta handiak erdietsi ditu egin izan dituen nazioarteko biretan, hala bere produkzioekin, nola bere izarrek hainbat gala eta jaialditan izandako partaidetzarekin.

Zorba, el griego ikuskizuna

  • Antolatzailea: Global Showtimes Services, SRL
  • Dantzari gonbidatua: Igor Yebra
  • Konpainia: Sofiako Operako Balleta 
  • Koreografia: Lorca Massine
  • Musika: Mikis Theodorakis
  • Tokia eta data: Kursaal auditorioa, azaroaren 25a, 20:00etan
  • Sarrerak: 19€, 29€, 34€ eta 44€ + kudeaketa gastuetarako 1€ sarrera-salmenta

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Iratxe de Arantzibia

Iratxe de Arantzibia

Dantza kazetaria, kritikalaria eta prentsa arduraduna