Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HERRIXA DANTZAN Herrixa Dantzan Joxan Goikoetxearekin: argazkiak eta bideoa

Dokumentuaren akzioak

Herrixa Dantzan Joxan Goikoetxearekin: argazkiak eta bideoa

2019/02/01 11:45

Alboka taldeko Joxan Goikoetxeak eman zuen dantzaldia urtarrileko azken igandean Espaloia kafe-antzokian. Eguraldi petralarekin ere, ehun lagun bildu ziren dantzara, eta gustura. Hemen dituzue Goienak prestatutako bideo albistea eta argazki erreportaia.

2010eko urtarrileko azken igandean abiatu ziren Herrixa Dantzan dantzaldiak Elgetako Espaloia kafe-antzokian. Hamar urteotan sarritan erabili izan dugu Alboka taldearen musika. Eta, hara, 2017an Alboka taldeak "Lurra, Ur, Haize" CD berria argitaratu (Aztarna), eta 2018an berriro hasi da zuzenekoak ematen. Beraien azken lana 2004koa zen, eta azken urteak oso isilean eman dituzte.

Herrixa Dantzan-en hamargarren urteurrena modu xume baina berezian ospatu nahi eta, aitzaki polita izan da Joxan gonbidatzea, Alboka taldearen doinuekin dantzaldia ematera.

Dantzaldi berezia izan da. Doinuak bereziki ederrak eta plazetan ez-ohikoak direlako (askorentzat 'berriak'). Baina baita dantza proposamenagatik ere. Dantzaldi exigenteagoa, zatirik handienean. Dantza proposamen gehienek beharrezkoa zuten eskarmentua, gutxieneko trebakuntza. Horren jakitun ere, ez diogu uko egin nahi izan maila 'handiagoko' dantzaldi-eredu bati.

Ohiko dantza-moldeak erabili genituen, baina doinu ez-ohikoekin (bi balts, bi mazurka, lau jauzi, Baztango zortziko bi). Baita ere, propio moldatuta, lau pieza sokan erritmo ezberdinetan (zoritxarrez Euskal Herrian hain gutxi erabili ohi dugun dantza-moldea), bi kontradantza balts erritmoan, eta soka-edo-korru dantza bat. Amaitzeko, fandangoa, arin-arina, biribilketa... eta Joxan eskertzeko irradaka, denok elkarrekin kantu-dantzan (Joxan bera barne, jakina).

Beste dantza-esperientzia bat. Beste bide bat irekita. Milesker, Joxan, erronka onartzeagatik. Oso saio txukuna eman genuen. Jendea pozik.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.