Dokumentuaren akzioak
Ganixak, Heraitzeko Kaskarot beteranoak
Uztaritzeko Heraitze auzoko Ganixen ohitura berreskuratu dute aurten Hartzaro festibalean. 1927an Jean Baptiste Hiribarrenek grabatutako filmean agertzen diren irudietan oinarrituz, Errobiko Kaskarotak elkarteak galdua zen konpartsa biziberritu nahi izan du.
Baina, nortzuk ziren Ganixak?
Hiribarrenen filmeko irudiez gain ez da askoz informazio gehiago. Jean Michel Guilcherrek, Baionako Euskal Museoko 46. buletinean artikulu interesgarria idatzi zuen, 1969an, Lapurdiko inauterietako tradiziozko dantza eta segizioei buruz, eta bere lerroetan aurkitu dugu lortu ahal izan dugun argi apurra —berez, Ganixak, izen horrekin behintzat, aipatzen ez baditu ere—.
Guilcherrek azaltzen duenez, Uztaritze hiru auzotan banatua zen XX. mende hastapenean. Burgu nagusia, eta Arrauntz eta Heraitzeko kartierrak. Udalerri berean bilduta baziren ere, herri-gune bakoitza modu independentean jarduten zuen. Auzoa zen benetako bizitokia. Toki publiko, eliza eta pilota plaza bedera zuten. Eta noski, nork bere Kaskarot taldea. Nork bere besta.
Dantza kuestio garrantzizkoa zen garaian eta auzoen arteko halako lehia batean bizi zuten harreman hori. Batzuetan kartier bat ala bestea goratu egiten zen bere dantzarien kalitatearengatik. Esaterako, Guilcherren arabera, 1860tik goitik Heraitzeko dantzariek fama gaitza bildu zuten eta beste auzoetako gazteak hara joaten ziren dantza-jauziak ikastera. Aldiz, 1905 eta 1910 urteen artean Arrauntzekoak gailendu ziren. Antza, Uztaritze burguak gazte gutxi zituen kaskarotarena egiteko kapaz zirenak. Heraitzek bakar bat ere ez. 1918 eta 1930 urteen artean —Hiribarrenek filmeko irudiak grabatu zitueneko garaian, beraz — hiru auzoak berdindu samarrik ziren dantzari dagokionez, baina 1935etik aurrera, bakarrik Uztaritzeko burguak mantendu zuen ohitura. Izan ere, Lehen Mundu Gerrak, kalte handia egin zion tradizioari ere. Gazteekin batera, auzoetako taldeak desagertuz joan ziren, herri bakoitzean talde bat gelditzeraino.
Jean Baptiste Hiribarren-en irudiak. Ganixak
1927ko irudietan ikus dezakegunez, hamar bat gizon gaztek osatutako taldea da Ganixena. Zapatak, galtza luzea, blusa beltza, lepoko zapia eta bonet beltzez beztitzen dira. Makila luze bana daramate eskuan. Lehenbizikoak banderari lanak egiten ditu, eta xingolez apaindutako Frantziako bandera darabil sorbaldan. Errobiko Kaskaroten elkarteko kideen arabera, Ganixak gizon ezkonduak lirateke, jadanik Kaskaroten konpartsan parte hartzeko helduxeegiak. Horrek azalduko luke haien jantzien ezberdintasun eta iluntasuna?
Dantzari dagokionez, Kaskarotek egun ere etxez-etxe kurritzeko baliatzen duten Maska-dantza egiten ageri dira. Ondotik, fandangoa dantzatzen dute. Guilcherrek esaten dituenei berriz erreparatuta, hauek lirateke Kaskarotek XX. mende hasieran dantzatzen zituzten dantzak. Geroxeagokoak dira Kaskarot martxa eta makila-dantza, Nafarroa Beheretik Lapurdira sartuak, baina hala ere, mende hastapenean oraindik ez asko dantzatuak, ikerlari bretoiaren esanetan.
Jean Baptiste Hiribarren-en irudiak. Kaskarotak
Uztaritzeko Kaskaroten irudiak ere hartu zituen Hiribarrenek 1927ko urtean berean. 6 Kaskarotez eta bandeariaz osatutako taldea dugu hau. Ohiko jantziz beztituak agertzen dira Kaskarotak, zuriz. Banderariak galtza motzak eta jaka daramatza soinean eta berak ere, Frantziako bandera sorbaldan. Heraitzeko Ganixak bezala, maska-dantza eta fandangoa dantzatzen dituzte, baita kalejira moduko bat eta arestian aipatutako makila-dantza ere.
Guztiz ongi ezberdindu ezin badaitezke ere, dantzariak laguntzen dituzten musikariak ere ikus ditzakegu irudietan. Guilcherren esanetan, klarinete bikote bat eta atabala izaten ziren Kaskaroten garaiko musika akonpainamendua, eta irudietako banda, horixe izan daitekeela begitandu zaigu. Uztaritzeko Hiribehere karrikan ageri zaizkigu dantzan lehenik. Gero, Miarritzeko irudiak ere badira. Izan ere, ohikoa zen Guilcherren esanetan, Kaskarotek ondoko auzoak baina baita hiria ere bisitatzea inauteri denboran.
Ganixek kasuan ere, berdin. Uztaritzeko burguko Antza plazan ageri dira dantzan. Heraitzeko Ganixak ez dira beraz, Heraitzen ari.
Ganixak, baina Kaskarotak
Izan ere, Guilcherren testuetan jakin dugunez, auzune bakoitzeko Kaskarot taldeak prestatzen zituztenean, elkarri bisita egitea adosten zuten gazteek. Demagun, Uztaritzekoak inaute astelehenez zihoazela Heraitze bisitatzera. Bada, biharamunean Heraitzekoek bisita itzuliko liekete uztariztarrei, esker honez.
Eta hori irakurri eta ezin sahiestu Ituren eta Zubietako joaldunez akordatzea. Hauek ere elkarri egiten diote bisita eta, herri bietako joare joleek janzkeran eta joareak jotzeko maneran elkarren arteko ezberdintasun(txo)ak badituzte ere, finean denak dira gauza bera: joaldunak.
Ganixen janzkerak, garaitsuko Izurtzako ezpata-dantzariena ekarri digu gogora, denak trajez beztituak. Eta janzkerak pentsatuarazi digu, Izurtzakoak ere herriko dantzari beteranoak izan daitezkeela, ilunez jantzita.
Ez doaz txuriz, Durangaldeko gainontzeko ezpata-dantzariak bezala, baina janzkeran izan zezaketen ezberdintasunak ez du esan nahi, halabeharrez, beste dantza sistema batean aritzen zirenik. Jakina da Durangaldeko herri bakoitzak bere keinu eta berezitasunak dituela dantzakeran eta janzkeran, baina denek dantzatzen dute dantzari-dantza.
Ganixak beltzez janzten ziren eta makila luzea zeramaten eskuan, jantzi zuri eta makila-txikien ordez. Ezkongabe izan beharrean, gizon ezkonduak izan zitezkeen, bai. Baina Jean Baptiste Hiribarrenen irudietan ikusitakoek eta aurreko adibide eta paralelotasunek susmarazten digute Ganixak izan direla Kaskarot beteranoek Heraitzen hartu izan duten forma berezia.
Dokumentuaren akzioak