Mende laurdena

2025/03/31
Mende laurdena

1988/89 ikasturtea, Eibarko institutuan, orientatzailearen aurrean: “…zuk (nik), neska izanda ez ezazu kimika ikasi. Hori gizonezkoen mundua da”. Ni lelo aurpegiaz eta penaz etxera joan nintzen. Eskerrak etxekoak alboan nituen eta aurrera egiteko animatu ninduten!

1990eko hamarkadan, kimikako ikasketek eta dantzak nire eguna betetzen zuten. Dantzan, neska izanda, oso barneratuta nuen nire papera, “mujer florero”, eta, hori ere, zenbaitetan (fisikoak ez nau sekula lagundu). Eskerrak dantzako lagunek egoera eraldatzeko lanean gogor ibili zirela!

Ez dut hitzik azaltzeko zer emozio sentitu nuen ikusi nituenean lehen aldiz emakumezkoek San Juan soka-dantza dantzatzen. Plaza irabazten hasita geundela sentitu nuen, neskek ere dantza guztiak egin zitzazketela pentsatzearen legitimazioa. Eider lehen aldiz atzeskulari lanetan ikusi nuenean malkoak ezin eutsi ibili nintzen plazan. Ze ederra plazan gure lekua izatearen sentimendua.

Soka-dantza, Eibar, 2015-06-24. Argazkia: Iñaki Zugasti - Kezka cc-by-sa

Eguna joan eta eguna etorri, alabak ere nagusitzen hasi ziren eta hor ikusten ditut orain plazan, ezpatak, tamaina guztietako makilak eta brokelak eskuan dituztela dantzan. Neska eta mutil, denok batera, denok antzera dantzan, bata besteetatik bereiztu gabe, berdintasunean. Hau bai poza!

Eta honetan… 25 urte pasa zaizkigu… 25 urte beranduago jaio izan banintz…