Dokumentuaren akzioak
Erregina Arrate gainean
Ballak eta plazerak
Bederatzigarren hilabetea bere zortzigarren egunean sartu da. Zerbitzari isilek, tentuz, antzinako ezpata horma zurrunetik eraitsi dute, Lilibeth erreginaren begiradapean. Gero, oihal tertziopelozko batean bildu eta ezpata-dantzen lurraldean azaldu da goiz-goizetik. Jantzita dakartza koroa eta bitxiak. Ez ditu, ordea, zuri-gorriz apaindutako dantzariak ikusi nahi izango, ezta euren hots altuko zintzarriak adituko. Aski du bere metal sakratuak lehentasuna ezartzen diola jakin araztearekin.
Herriak jai egun distiratsua du. Eskualdeko dantzariek euren ezpatez luzitzeari ekin diote. Doinu ozenek espazioa hedatzen dute eta dantza maisu zaharrak joan-etorrian gidatuko ditu kideak: hantxe zubiak eraiki; hantxe larrosak ehundu; hantxe ganbara luze baten azpian gordeko dira dantzariek eurek ondratu nahi izan dituztenak.
Bi otordu dira, eguerdian, gortearena eta herriarena. Bazkalostean Lilibeth eta noblezia bal-era zutitu dira lekaimeen jauretxeko saloi ederrean. Reel-ak, kontradantzak, kadrilleak ematen dituzte. Musikariak soinu eta harizko tresnei ari zaizkiela, une batean notek sena galdu eta ordura arteko tonada airosa gaizki lotutako txirikorda bat balitz bezala desegin da.
Goizeko dantzariek, arratsean, ahopean jardun dute. Erregina hila da, supituki, Arrate egun hartantxe, babestutako sinboloa, aitzitik, mendeetan irautekoa den bitartean. Ez inongo borrokarako, baizik eta letorkeen beste buruzagi batek gainontzeko ezpatekin dantza dezan hura ere.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ballak eta plazerak
Ortzadar-en diska zahar bateko Pelegri aidia aurkeztu zaigu akordura. "Adio ballak (ball-ak, baileak, dantzak) eta plazerak" dio une batean. Ballak eta plazerak. Eta pentsatu dugu dantzak ekarri dizkigun poztasun, lan, buruko minak, irakaspenak, pozak edo dena delakoak kontatu, idatzi egin behar genituzkeela edo idatz genitzakeela. Izenburu orokorra: Ballak eta plazerak.


