IGARTZAKO DOMINAK BIGARREN ZINTA GORRIA
2011ko irailaren 10ean bitxitasun harrigarri bat gertatu da Beasainen, beste inon ez ezagutua eta ez ikusia. Eguerdiko hamabiak, bi bider izan dira Beasainen: lehena, UTC Greenwich + 01 eremuari dagokiona, hamabietan puntu puntuan; bigarrena, ordu erdi geroago, Igartzako dantzarien kofradiako kideek gure ibilbidea egiten hasteko erabili duguna. Plazako erlojuari bigarren honetan 12 kanpaiak jotzea ahaztu zaionez, gure txistulari Joseba Ibargurenek karilloiaren lanak egin eta “Maritxu nora zoaz doinua” jo behar izan du.
![]() |
![]() |
Hala bada, 32 dantzarik eta bi banderazalek egin dugu urteroko bidea Joseba Juarez buruzagi nagusi eta Koldo Bidekieta ezpaten buruzagi direla. Beroa galanta izan dugu, izugarria. Igartzara iristearekin bat, urteroko Igartzako ezpata-dantzak egin ditugu bertan. Eta ondoren, Goierriko brokel-dantzen multzoko hainbat dantza eskaini ditugu Jauregi alboko zelaian: paseoa, brokel ezpatena, zinta-dantza, makila haundiena eta uztai txikiena. Igartzako kapitainak izan dira Mariaje Alvarez, Maider Arruabarrena, Olatz Etxezarreta, Mikel Intsausti, Xabier Ruiz de Azua eta Mikel Sarriegi. Loinazko kapitainak izan dira Jon Elortza eta Aitor Mujika.
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
Nahikoa dantzatu ondoren gogotsu bazkaldu dugu, Dolarea jatetxeak prestatua, ohikoa eta beti bezain ona: babarrunak, aza eta odolkiarekin.
Gonbidatu gisa inguratu zaizkigu, baita ere, Euskal Herriko beste ezpata-dantzari taldeetako hainbat ordezkari, hala nola, Tolosatik, Eibartik eta Elgoibartik.
Bada beste gonbidatu berezi bat, hurrunagotik bertaratua, Bostongo Jeremy Carter-Gordon, hain zuzen ere. Bera ere bere herrialdeko ezpata-dantzaria izanik, Europako dantzak ikustera eta aztertzera etorri zaigu eta ongi-etorri beroa eman nahi izan diogu.
Gaurko egunaren protagonista nagusiak ordea, eta ohorezko aipamena jaso dutenak, azken bost urte hauetan etenik gabe egun honetan parte hartu duten kofradiakideak izan dira. Aipamen honen erakusgarri, norberaren dominari bigarren zintatxoa gehitu diogu, beste bost urtean gutxienez harrotasunez soinean eraman dezaten. Iritsi gara lehenengo bost-urtekora eta aurrera darraien ohitura baten lehen zutarriak jartzearen moduko zerbait izan dadila.
![]() |
![]() |
Arratsaldean, Aiko taldea izan dugu beste behin ere erromerian babarrunak menperatzeko lagungarri atsegina. Datorren urtean ere elkar ikusiko dugun ziurtasunez, mila esker parte hartu eta nolabait lagundu diguten guztiei !
Argazkiak Iñaki Erauskinenak dira.
Dantzan.com-en Ezpata-dantzaren bideoa eta Brokel-dantzena jarri dituzte.
Goierri TBren bideoa hemen.











