Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Iñaki Arregi Gordejuela

Dokumentuaren akzioak

Gordejuela

2014/08/25 09:49

Gure belaunaldiko dantzariei eta gazteagoei dantza maisuaren irudia oso lausotua agertu izan zaigu, iraganeko gauza bat balitz bezala. Dantzari taldeen agerpenarekin joan ziren hauek desagertzen eta erreferentziarik gabe gelditu ginen. Goizalditik gatozenontzat, Candido Pujanarekin bukatu zen hauen jarduera, izenez bederen.

Iñaki Gordejuela ezagutu eta bere irakaskuntza jaso genuenontzat aldiz, dantza maisuaren izana ez zen ordea eten. Ikerfolketik, 1998an, Gipuzkoako dantza maisuen taula gimnastiko koreografikoaren nondik norakoak aurkeztu genituen. Bertan azaldu genituen zenbait ezaugarriren berezko jabea zen, zalantzarik gabe Gordejuela. Dantzari naturala, Goizaldiko dantza maisu izan zen 1970eko hamarkadaren bigarren erdia eta 1980ko hamarkadaren lehen erdian.

Modu sistematikoan irakasten zuen, oso era metodikoan: urratsak lehenik eta gero haiekin esaldiak osatu, azkenik dantzen koreografiak modu naturalean osatzen zirelarik.

Bere maisuengandik jasotakoa ahalik eta modu leialenean azaltzen saiatzen zen. Gaurdaino, Erreberentziaren Sentziloaren “berezko” tempoa hain modu zehatzean iritsi bazaigu, ez dut zalantzarik berarengatik izan dela. Urrats horren exekuzioak izan dituen eta oraindik dituen nondik norakoak azaldu beharrik ez dago dantzarion artean.

Zorroztasuna zuen oso berea. Jakitun zen, urratsak garbi eta zehaztasun handiz burutu behar zirela eta behin eredua ondo finkatu ondoren, talde osoa hartara lerratu arte ez zuen etsitzen.

Etengabeko errepikapen sistematikoan finkatzen zuen bere jarduera, bazekielako lan horren ondorioz etorriko zela bilatutako emaitza.

Oso modu pedagogikoan azaltzen zuen bere ikasketa. Urratsen eta esaldien garapena eta mekanika detaile txikienean argituaz. Berarekin ikasi genuen belaun kurpila egiterakoan zangoaren plano egokia, lurrekoa egiteko zangoa luze edukitzearen garrantzia, lauarina osatzerakoan zango bakoitzarekin egin beharreko desplazamenduen berdintasuna, txingo luzearen pausuan atzeko oinaren txorkatilarekin aurrekoaren orpoa jotzerakoan gorputzaren eta beste zangoaren kolokazio egokia eta abar.

Denei zuzentzen zitzaien baina norbanakoaren berezitasunak zituen oso kontutan. Duela gutxi John Bieterrek gogorarazi zidan moduan “vamos al espejo” esan eta zuzenketalditxo bat zetorrela ondoren jakina zen. Ispilua zuen bide, bere xehetasun eta azalpenak modu grafikoan azaltzeko.

Ohartzen zen teknika baten jabe izatea oso garrantzitsua zela dantzariek taldeetan egin behar zuten etengabeko ariketa era garbi eta seguruan burutzeko. Dantza klasikoaren oinarrizko arauen jakitun, berarengandik ikasi genuen gorputzaren kolokazioaren garrantzia, gure malgutasunaren mugak non ziren  identifikatzen jakitea, oin punta gailur egiterakoan gorputzaren zuzentasuna mantentzeak zuen inportantzia, eta abar. Esparru honetan ez zen formetan galtzen zen horietakoa. Nahiz eta balet klasikoa bere gaia izan ez, ezagutzen zuen funtsezko mugimenduen atzetik zegoena eta hauen mekanika behar bezala azaltzearen garrantzia.

Guzti honekin, Iñakirentzat dantza zerbait bazen, hau karakterra zen. Dotorezia berezko dohaina bazuen ere nekez uler daiteke Gordejuelaren dantza ikusteko modua kemenik eta nerbiorik gabe. Dantzari ahul eta nagiak ez zituen gustuko, nahiz malgu eta teknika onaren jabe izan.

Trebakuntza prozesu guzietan hastapenek omen dute garrantzi handia. Nik, dantzari bezala moldatzen hasi nintzen hartan, Iñaki Gordejuelarekin topo egin izanaren suertea izan nuen.

Hitz hauekin bihoa bere memoriaren aldarrikapena, nire esker onarekin.

Bihotzez.

                Iñaki Arregi

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Iñaki Arregi

Iñaki Arregi