Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Argia aldizkaria "Emozioak bizitzen eta momentu onak igarotzen lagundu diot jendeari"

Dokumentuaren akzioak

"Emozioak bizitzen eta momentu onak igarotzen lagundu diot jendeari"

"Emozioak bizitzen eta momentu onak igarotzen lagundu diot jendeari"

Lucia Lakarra. Arg.: Zaldi Ero

Nazioartean diren sari behinenak jasoa da dantzaria. Haatik, profeta ere izan da bere herrian, eta Euskal Herriak ere ohoratu du, Zumaia jaioterriak bezainbat. Munichetik etxera etorrarazi zuen pandemiak, eta bi ikuskizun ditu etxeratzearen ondorio.
Gure kulturaren erraldoietakoa, Lucia Lakarra.

 Miel Anjel Elustondok egindako elkarrizketa hau Argiak argitaratu zuen 2021eko azaroaren 14an eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu Lucia Lakarrak irabazi berri duen Max sariaren aitzakian.

MIEL ANJEL ELUSTONDO 2021eko azaroaren 14a

Municheko opera baletean ari zara, eta, aldi berean, Fordlandia eta In the Still of the Night ere interpretatzen. Ezin izan genuen Fordlandia ikusi...

Bai, baina Fordlandia etorriko da berriz. Abuztuan izan ginen Donostiako Victoria Eugenian, Musika Hamabostaldiaren barruan. Aforo murrizketak tarteko, 400 sarrera besterik ezin izan zituzten salgai jarri. Abonatuak eta beste, 20 minutuan ez zegoen batere sarrerarik. Zumaiatik ez zen inor joan, dakidala, eta etxekoentzako sarrerak lortzeko ere, borroka egin behar izan nuen. Jendearen pena, ezin izan zuelako ikusi. Baina datorren urtean Kursaalen egingo dugu; maiatzaren 22an, gauzak ondo. Oraintxe, horretan ari naiz buru-belarri, dena antolatzen. Bestea, In the Still of the Night, Dorrmunden estreinatu, eta berehala nahi izan zuten Bilbon, Arriagan.

Datorren urteko emanaldia antolatzen ari zarela, diozu. Dantzari ikusten zaitugu, ez, haatik, kudeatzaile lanean…
Ikaragarri gustatzen zait gauzak antolatzea! Gozatu egiten dut, eta arraroa da, zeren dantzariak artista dira batez ere, sortzaile, eta oso txarrak ezer antolatzen, lanak gogoratzen, dei eta mezuei erantzuten… Askotan horrexegatik galtzen dituzte lanak, mezuei ez erantzuteagatik. Dantzariak, adibidez, bere gorputza, bere oskitxoak besterik ez ditu gogoan. Niri, berriz, antolatzea ere asko gustatzen zait. Managerrik ere ez dut inoiz izan.

Zumaian sortua, Madril, Marseilla, San Frantzisko, Munich… ageri dira zure bizi-geografian...
Nik banekien zein bide egin nahi nuen: toki askotara joan, ikasi, jendearekin lan egin, leku bakoitzetik zerbait neureganatu. Eta horixe egin nuen: Madriletik Marseillara joan nintzen, handik San Frantziskora, Munichera gero… 31 urte egin nituen bateko eta besteko konpainien barruan, eta, behin, orduko konpainiako zuzendaria aldatu zuten batean, bestelako bide bat hartzea pentsatu nuen, dantzaren munduan askatasunez jarduteko. Orain Dortmundeko konpainiarekin segitzen dut lanean, baina, lan horretatik aparte, nire lana aukeratzeko askatasuna daukat: zer egin, nola, norekin… eta, horrek, halabeharrez, gauzak sortzeko aukera eman dit.

Orain arte ez duzu aukerarik izan?
Ez dut denborarik izan, eta ezer sortzeko, denbora behar duzu. Eta, horretarako, zeure egutegiaren jabe izan behar duzu. Orduan, bai, sortu ahal izango duzu, ikuskizuna antolatu, zeuk erabakitako tokietan dantzatu… Gainerakoan, konpainiaren barruan zaudela, zuzendariaren menpe zaude. Horrela, urteen poderioz, neure denboraz jabetu naiz, eta zoragarria da, zeren han eta hemen lan egiten dut, ez toki batean bakarrik, ez dut bakarrik konpainia baten barruan egon behar. Gainera, sei urteko umea daukat, bidaia asko egiten ditut, eta badakit hura hobeto dagoela Zumaian, etxean, familiaren altzoan, beste inoren eskuetan Madrilen baino, adibidez.

Hein bateko herria, batetik, hiritzar handia, berriz, bestetik.
Hirian biziz gero, askoz errazagoa izango litzateke egin behar izaten ditudan bidaiak egitea, baina Zumaian Madrilen ez daukan kalitatea du semeak: familia, askatasuna, lagunak… Beheko plazara joan eta hantxe ibiliko da umea lagunekin jolasean. Hiri handian ez daukazu horrelako askatasunik. Umea askoz pozikago dago hemen, eta niretzat ere, Zumaia arnasa hartzea da. Zumaiak ez dauka dantza munduarekin loturarik. Etortzen naiz herrira, eta pertsonarik normalena naiz. Jaio nintzenetik ezagutzen nau jendeak, eta oso gustura nago, lasai.

 

Argazkia: Zaldi Ero

 

"Dantza mundua zaila da, inbidia, lehia, gauza asko dira kontra… eta, artistok, aldiz, sentsibilitate handikoak gara. Horrek geure burua babestera eramaten gaitu”

Pertsonarik normalena, diozu, nahiz nazioarte mailako proiekzioa duen dantzaria zaitugun…
Dantzariak eszenatokian gara ezagunak, dantza maite duenak ezagutzen gaitu. Mundu horretatik kanpo dagoenak, ez. Niri ez zait paparazzirik etorriko. Nahi dudana egin dezaket, nahi dudan tokira joan. Ez naiz pertsonaia publikoa; ez era horretara, behintzat. Zumaian denek ezagutzen naute, baina zumaiar bezala. Dantzara ni ikustera etortzen dira, baina, gainerakoan, zaratarik ez dago nire inguruan: umearen bila joaten naiz eskolara, plazan egoten naiz jolasean ari den bitartean, edo terrazan… Normal.

Gainerakoak bezalako zumaiarra, punta-puntako balet dantzari profesionala. Nola liteke?
Behin baino gehiagotan pentsatu dut nik ere! Balet girorik ez hemen, eta dantzaria ni. “Meritu handia daukat!”, esaten diot neure buruari. Baina, egia, ez dago dedikazioa eta pasio handia beste sekreturik. Bi-hiru urterekin, dantzaria izango nintzela esaten nuen, ez dantzari izan nahi nuela, izango nintzela baizik. Ez zen egun bateko berokeria izan, horixe esaten nuen egunero-egunero. Garai hartan, amamak hartzen zuen aldizkari batean Grace Kelly dantzaria ikusi, haren dantza eskola Monte-Karloko (Monako) umeak ikusi, eta negar egiten nuen.

Negar? Zer dela-eta, negar?
Bost urteko umeak ageri ziren aldizkarian, dantza eskolan. Haiek dantzatzen, eta ni ez. Eta negarrez hasten nintzen. Amari esaten nion: “Barre egiten didazu… Ez didazu sinesten… Ni dantzari izango naiz”. Horrelaxe. Gero, zortzi-bederatzi urte nituela, komunioa egin eta gero, casting bat egitera etorri zitzaizkigun eskolara. Señorita Pepis izeneko makillaje jostailu baten publizitatea egin nahi zuten, eta makilajea zerbait artistiko iruditzen zitzaidan. Talde txiki bat hartu zuten, neu tartean, eta pozak zoratzen egon nintzen kamera aurrean publizitatea egiten. Behin, hartan ari ginela, kamerariak esan zidan: “Zuri galdetu beharrik ez dago. Hazten zarenean, zuk aktore izan nahiko duzu”. Baina nik, ezetz: “Ez, ni dantzaria izango naiz”.

“Dantzaria izango naiz”, txikitandik.
Bai. Handik urtebetera, publizitate kanpaina hartan ibilitakoek, zumaiarrak baitziren, dantza akademia ireki zuten herrian. Eta hantxe hasi nintzen. Irakasle gazte bat etorri zen, ni ikusi, eta talentua eta baldintza fisiko guztiak nituela esan zion gure amari. Gure amak gainerako neska ttikiak ikusi eta esaten zuen: “Bai, oso polita zara, baina alaba zaitut, zer esango dut, bada!”. Ondoko urtean, akademiak ikastaro bat ordaindu zion dantza irakasleari Tarragonan, bere burua are gehiago trebatzeko, eta ni ere hara eramateko esan zioten, on egingo zidala. Gure amak, berriz, pentsatu zuen ni ikastaro hartara joan eta nire adineko dantza ikasleek zer egiteko gai ziren ikusteko   balioko zidala. Ideia hura nire burutik kentzeko.

Amak ez zuen sinesten.
Amak, nik dantzari izateko ilusio handia nuela ikusten zuen, baina, bestetik, beldurra ematen zion ni desilusionatzeak. Ikastaro hartara joan eta nik gainerakoen maila ikusi eta atzera egingo nuela pentsatzen zuen, baina, alderantziz gertatu zen. Lehenengo egunetik, gainean izan nituen irakasleak, eta amari esaten zioten: “Ehunetik bat ateratzen da dantzari, eta hori zure alaba da. Lagundu egin behar diozu”. Amak sentitu zuen bere haurra kendu nahi ziotela! [Bartzelonako] Lizeora eraman nahi ninduten. Gure amak, ezetz. Bruselara eraman nahi ninduten. Gure amak, ezetz… Horretan, beste irakasle bat gertatu zen han, kanariarra, esanez aurreko urtean donostiar bat izan zutela irakasle Kanariar Uharteetan, Mentxu Medel, dantza akademia zuela Donostian, eta eramateko ni hara.

 

Argazkia: Lucia Lakarrak utzia

 

"Bi-hiru urterekin, dantzaria izango nintzela esaten nuen, ez dantzari izan nahi nuela, izango nintzela baizik. Ez zen egun bateko berokeria izan, horixe esaten nuen egunero-egunero"

Donostiara bai, eraman zintuen amak.

Bai. Astean bi aldiz joanez hasi nintzen, zeren eta eskolatik ordu erdi lehenago irten behar nuen. Trena hartu, eta zorabiatu. Autoa hartu, eta zorabiatu. Akademiara iritsi, dantza klasea egin, etxera itzuli… Horrelaxe ibili nintzen urte hartan. Hamahiru-hamalau urte nituela, Mentxu Medelek esan zion gure amari Madrilera joan behar nuela, gehiago ikastera, eta, horretarako, bekak lortzeko prestatu behar nuela neure burua, egunero joan beharko nuela Donostiara dantza eskola jasotzera. Baina Zumaiatik Donostiara egunero joan eta etorri ibiltzea ezinezkoa zitzaidan, eta, hortaz, Donostiara joan behar izan nuen OHO bukatzera eta dantzan gehiago ikastera.

Hezkuntza arautuaren bideak bertan behera utzi behar izan zenituen.
Ikasketak garrantzizkoak dira, baina garrantzizkoagoa da zeure bidea aurkitzea, zeuretzako onena, eta unibertsitatea ez da beti eta guztiontzako onena. Tutoreak gure amari esaten zion oso argia nintzela, bi karrera ere egin nitzakeela aldi berean, Euskal Herriko lehen lehendakari andrea izan nintekeela… Amak niri begiratzen zidan, galdezka: “Zer iruditzen zaizu?”, “Nik dantzari izan nahi dut”. Horrelaxe. Tutoreak ez zuen sinesten. Amak: “Horixe nahi du Luciak. Urtebete probatuko dugu, eta ikusiko dugu”. Dantzan hasi nintzen, eta kito. Ezertarako balio baduzu, hartarakoxe prestatu behar duzu zeure burua. Munduan ez dago garrantzizkoagorik, zeure lanean zoriontsua izatea baino.

Hamabost urterekin, lanean zinen, dantzan, batera eta bestera biran.
Azkar haztera behartu ninduen horrek. Han ez zen nerabezarorik izan, ez kexak inori transmititzeko pertsonarik. Bestalde, dantza mundua zaila da, inbidia, lehia, gauza asko dira kontra… eta, artistok, aldiz, sentsibilitate handikoak gara. Horrek geure burua babestera eramaten gaitu. Gerta liteke zuzendaria oso gogorra izatea, eta nik garaiko gogorrena izan nuen, Victor Ullate, Madrilen. Pentsatzen jarri, eta gaur egun ezingo zuen orduan esaten eta egiten zuenaren bat ere egin. 18 urte nituela, egoera hark ez ninduen zoriontsu egiten, eta Marseillara joan nintzen.  Mundu berri bat ireki zitzaidan.

Marseilla eta gero, San Frantziskoko eta Municheko konpainietan ere izan zara dantzari…
Batetik bestera joan nintzen, ni dantzaren munduan dena emateko prest nintzen, horixe baita zoriontsu izateko modua. Toki batean ikasi behar nuena ikasi, eta beste batera joan izan naiz, gehiago ikastera. Madrilen, dantza neoklasikoa ikasten hasi nintzen, normalena klasikoa ikasten hastea bada ere. Marseillan, Roland Petit koreografoaren eskutik, balet dramatikoa ikasi nuen. Aurkikuntza izan zen, ikaragarri gustatu zitzaidan dantzaren bidez istorioak kontatzea. Han nengoela, La Scalatik [Milan] hots egin zidaten, Beltxargen aintzira dantzatzera. 21 urte nituen. Klasikoa egiten nuen lehen aldia izan zen, lan handia gertatu zitzaidan.

Zer dela-eta egin zenuen hautua?
Klasikoa orduan egiten ez banuen, ez nukeen inoiz egingo. Oso gogorra da dantza klasikoa. Horrela, munduko beste puntara joatea erabaki nuen, San Frantziskora, ezagutzen ez ninduten tokira, hutsetik hastera eta klasiko guztiak egitera. Eta hantxe egin nituen Giselle, Loti ederra, Beltxargen aintzira, Raymonda… Hala ere, dantza dramatikoa zen niri gehien gustatzen zitzaidana, mundu artistiko hori. Eta Ingalaterrara etorri ginen batean, Intxaur-hauskailua dantzatzera, Municheko dantza konpainiako zuzendariak kasu egin zidan, haiekin joateko. Baina San Frantziskoko baletarekin hasi berria nintzen, ez nituen haiek bertan behera utzi nahi. San Frantziskon bost urte egin eta, orduan bai, neuk hots egin nion Municheko zuzendariari. Eta Munichera!

Eta Munichen zinen COVID-19a azaldu zenean…
Eta konfinamendua etorri zenean, bai. Iazko martxoan, Matthew [Golding] eta biok Municheko konpainian ari ginen dantzan. Egun batetik bestera, berriz, antzokia itxi zuten. Ahal genuen lasterrena hegazkina hartu eta etxera joateko agindu ziguten, zer zetorren ez zekitela-eta. Hurrengo egunean bertan etorri nintzen ni Zumaiara eta joan zen Matthew Amsterdamera. Ez genuen uste luze joko zuenik, baina ni Zumaiara etorri eta biharamunean, hemengo lehendakariak konfinamendua agindu zuen. Matthew ni baino gutxiago estutu zen. “Denbora dugunez, balet bat sortuko dugu”. Asmo horretan ginen beti, zer edo zer sortzekotan, baina denborarik ez. Pandemiak, berriz, denbora eman zigun, eta Fordlandia egin genuen.

Pandemia garaian gauzatu zenuten Fordlandia, eta harrezkero etorri da zuen bigarren ikuskizuna ere, In the Still of the Night. Kultura gogor jo du birusak…
Pandemian, hemen, kultura ez da behar edo premia bezala hartu, luxutzat baizik. Ez da beharrezkotzat jo, ez da lehentasuntzat hartu. Atzerrian, beste zenbait herrialdetan, behintzat, ez da horrelakorik gertatu. Kultura hezkuntza da, garrantzizkoa da bai buruarentzat eta bai bihotzarentzat. Hemen, aldiz, ez da horrela ikusten, eta pena da. Askotan galdetu didate eta beti esan izan dut gauza bera: kultur egoera ez da ona, eta gurea da errua, ez dugulako bat egiten, ez garelako biltzen. Dantza munduan, hasteko, nork berea egin nahi du, eta horrela ez goaz inora. Ez bagara denok biltzen, eta indar egiten, ez dugu ahotsik izango. Horixe da arazoa. Bildu egin behar dugu, ados jarri, bata besteari lagundu, indartu, eta gauzak eskatu.

Nork berea egin nahi du, baina ez dantzan bakarrik, ala?
Begira, askotan esan izan didate, dantzariaren, edo artistaren, egoa dela-eta. Dantza, niretzat, ez da lana, nire bizitza baizik, pasioz bizi dut, baina nik ez dut inoren bizia salbatzen, zoriontasun tanta bat ematen diot jendeari, besterik ez. Hortaz, ez naiz hain garrantzitsua, ez hain berezia ere, ez naiz mediku ez zirujau, dantzaria naiz, eta ez dut inoren bizia salbatzen. Zertan izan behar dut egoa? Egin nahi nuena egiteko zoria izan dut orain arte, eta, bide batez, jendeari zoriontasun pixka bat eman diot, emozioak bizitzen eta momentu onak igarotzen lagundu diot. Gizarteak garrantzizkoa deritza horri, baina denok dugu toki garrantzizko bat gizarte honetan, era batera zein bestera.

                                                                                         *     *     *

Aita zena
“Bi urte nituen aita hil zitzaigunean. Trafiko istripua izan zen. Itziar aldean. Elgoibarren egiten zuen lan, banketxean. Egunero egiten zuen Zumaitik Elgoibarrera bidea. Izotza egin zuen, nonbait, eta aurrez aurre jo zuen beste auto batek. Harrezkero, amarekin eta ahizparekin hazi nintzen. Ahizpa artista den? Ez dakit, bada. Banketxean egiten du lan, gure aita zenak bezala”.

Familia
“Dantza ikastera etxetik irten nintzen, Zumaiatik Donostiara joan nintzen, familia utzi behar izan nuen, eta albo-kalte horixe jaso nuen. Beste alde batetik, ordea, horrek familiarekin are gehiago elkartu ninduen. Eskura daukagunari ez diogu baliorik ematen, eta nik, aldiz, familia eskura izateari utzi nion. Horrek gure familia are gehiago estimatzera eraman ninduen”.


Azken hitza

Kuttunak
Munduan bazterrik bazter ibiliagatik ere, hortxe ditu beti Luciak familia eta Zumaia. Bi argazki daramatza. Bata da gurasoena, non ageri baitira aita-amak; hantxe, Luciak bi urte zituenean galdu zuen aitaren irudia. Bestea du herriko Arritokietako ama birjinarena, Luciak hamabost urte, eta dantza bira egitera zihoanean amak eman zion argazkia. Emanaldia baino lehen, makilatzen ari denean, hantxe ditu beti Luciak bi argazki kuttunok, begira-begira.

 

Argazkia: Lucia Lakarrak utzia

 

Lucia Lakarra Gurrutxaga. Zumaia, 1975
Dantzaria. Herrian berean hasi zen dantzan, baina laster zen Donostian bere burua zailtzen, Mentxu Medelen Thalia akademian. Handik, Madrila egin zuen, Victor Ullateren dantza konpainiara. Ondoren etorri ziren Marseillako eta San Frantziskoko baletak. Municheko Operako baletean ari da orain, eta Matthew Goldingekin batera sortutako Fordlandia eta In the Still of the Night obretan. Direnik eta nazioarteko sari garrantzizkoenak jasoa da. Estimazio handikoa da herrian bertan ere, Zumaiako urrezko dominaren jabe baita. Nazioarteko dantzaren lehen lerroan dago gure balet dantzaria. Eta pozgarri zaigu.

 

  Elkarrizketa hau Argiak argitaratu zuen eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Argia aldizkaria

Argia aldizkaria

Argia kazetaritza independentea. Txikitik eragiten.