Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Etxarrikoentzat hemezortzi urtez itxoiten zauden momentua da dantzakia"

Dokumentuaren akzioak

"Etxarrikoentzat hemezortzi urtez itxoiten zauden momentua da dantzakia"

2020/06/12 09:55
"Etxarrikoentzat hemezortzi urtez itxoiten zauden momentua da dantzakia"

Etxarri Aranazko kintoak, 2019-12-24.

San Kiriko (ekainak 13) eta San Adrian (ekainak 16) egunetan dantzakia dantzatu ohi dute Etxarri Aranazko kintoek. Hemezortzi urte betetzen diren urtea berezia izan ohi da etxarriarrentzat eta aurtengoentzat zer esanik ez. Hemezortzi urte itxaroten egon eta pandemiak bete-betean harrapatu ditu kintoak, baina ekintzak moldatu eta festa eta dantzarako irrikan dabiltza aurtengo hamasei gazteak. Aurtengo kintoak elkarrizketatu ditugu, taldean aritu dira gure galderak erantzuten:

Kintoen urtea ahaztezina izaten dela diote askok. Zergatik?
Bizitzan behin kintoa zarelako eta 18 urte itxoiten daramazulako. Gainera, momentu bateko protagonista zara eta taldean sortzen den giro eta adiskidetasuna polita da. Herriari xarma puntua ematen dio.

2020a zuentzat berezia benetan, kinto eta pandemia urtea.
Gabonetan eta inauterietan zerbait egin genuen baina orain politena zetorrela dena pikutara joan da. Hala ere, irtenbideak sortu ditugu buelta emateko eta zerbait polita sortzeko. Askok Batxilergoa eta BEUS egina izango genuen, baita autoko baimena aterata ere. Uda oso arraro eta ezberdina izanen da, espero dugu berezia, baina polita izatea. Alde positiboa begiratzen saiatuko gara.

Zer egiten dute Etxarri Aranatzeko kintoek?
Etxarriko kintoek, 18 urte betetzen dituzten gazteek, Gabon Gauean, inauterietan, San Kiriko eta San Adrian festetan eta Ama Birjinaren egunean hainbat ekintza egiten dituzte. Besteak beste, dantzatu, ekintzak antolatu, antortxero lanak egin, giroa sortu...

Etxarriko kintoak
Etxarri Aranazko kintoak 2020ko Tolosako inauterietan.

Alarma egoerak mugatu al ditu kintoen ekintzak?
Argi eta garbi! Orain San Kiriko eta San Adrian festak eta Ama Birjinaren egunak ezin izango dira ospatu beti bezala.

Dantzakia dantzatu ohi duzue San Kiriko eta San Adrian egunetan ezta?
Lehen bakarrik nahi zuten mutilak dantzatzen zuten. Orain dela urte batzuk dantzakia galtzen hasi zen eta hori berreskuratzeko kintoak dantzatzen hasi ziren. Kintoei esker ohitura mantentzea lortu da.

Aurten ere dantzatuko duzue edo bertan behera gelditu da?
Bai dantzatuko dugu, baina beste modu batean. Guztiok batera eginen dugu dantzakia; sokan elkarri helduta banan-banan dantzatu beharrean korroan jarrita, denok lau pertsona edo objektu berei eskainiko diegu: dantza irakasleari, txistulariei, ikurrinari eta azkena oraindik erabakitzeko dugu. Gainera, neurriak bete beharko ditugu: maskarillak, distantziak, eskutik ezin hartu...

Etxarriko kintoak
Etxarri Aranazko kintoak txatarraz jantzitako 2020ko inauterietan.

Nork irakasten dizue dantza?
Garbiñek Karasatorre herritarrak erakusten digu. Lehenengo egunean, musikarekin hasi baina lehenago, pausuak erakutsi zizkigun. Guztiok hilera batean jarri ginen eta irakaslea aurrean izanda kintoei bizkarra emanez kopiatzen genion. Hainbat aldiz errepikatu ondoren, ahotsarekin kantatzen zigun eta gu pixkanaka dantzatzen hasi ginen. Azkenik, txistularien grabaketa ipini zigun altabozean eta korroan  dantzatzen aritu gara.

Zuentzat zer esan nahi du dantzara ateratzeko momentuak?
Izugarrizko ilusioa, urduritasuna eta lotsa noski, kar, kar, kar! Etxarrikoentzat hemezortzi urtez itxoiten zauden momentua da dantzakia. Bizitzan behin bakarrik dantzakia norbaiti eskaini behar diozu, zu zara protagonista. Gainera, herrian sortzen den giroa izugarria da, ezin daiteke azaldu. "Inefable" kar, kar, kar!

Etxarriko kintoak
Etxarri Aranazko kintoak, 2019-12-24.

Entseatzeko nola moldatu zarete?
Normalean hilabete bat lehenago hasten dira entseguak, baina konfinamenduarekin kolokan jarri zen dantzatu behar genuen edo ez. Hortaz, ez genuen ezer prestatu. Egoera hobetzen hasi zenez, badaezpada, entseatzen hasi ginen orain dela bi aste.

Urtea bukatu aurretik beste ekintzarik baduzue? Ze aurreikuspen dituzue?
Bai! Udan festak baino lehenago, 16-30 urte bitartekoek erreziboa ordaintzen dute. Diru horrekin festetako txaranga, bazkariak... ordaintzen ditugu. Etxarriko festetako (abuztuaren 1etik gertuen dagoen asteburuan hasten dira) ostegunari, hau da, seigarren egunari kintoen eguna deritzo. Egun horretan ere diru eskean ibiltzen gara etxez etxe txarangarekin batera eta diru horrekin guztiok batera bazkaltzera joaten gara. Arratsaldean, ekintza eta joko batzuk antolatzen ditugu eta gauean parranda! Gainera, abuztuaren 15an Ama Birjinaren eguna ospatzen da, eta kintoak berriz dantzatzen dugu. Aurtengo egoera aztertuta, pentsatzen dugu San Kiriko eta San Adrian bezala ospatuko dela, hau da, sinbolikoki. Zorte pixka batekin, ea herritarrok herriko ermitan afaltzen eta dantzatzen dugun! Kar, kar, kar!

Dokumentuaren akzioak