Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Urki Dantza Taldea Andoaingo San Juanak, dantzaz beteta

Dokumentuaren akzioak

Andoaingo San Juanak, dantzaz beteta

2011/06/23 12:30

Andoainen ere ospatzen ditugu San Juan jaiak. Bost egun igaroko ditugu festa giroan murgilduta gaur arratsaldetik hasita, eta horretarako, ondo pasatzeko, ekitaldi andana aurki daiteke 2011 San Juan hauetako egitarauan.

Aurten, gainera, inoiz baino dantza eskaintza handiagoarekin datoz herriko festak. Urteroko Udal korporazioaren soka-dantza eta Axeri-dantzaz gain, bertso-dantza poteoa, funky saioa... ikusteko eta gozatzeko parada izango baitugu.

Jai hauetan Urki dantza taldearen parte hartzea azpimarratzekoa dela iruditzen zaigu gainera, ia egunero ekintzaren bat edo beste antolatu baitugu:


Udal korporazioaren soka-dantza, ekainaren 23an, 20:15etan.

Hilabete guztia dantza hau irakasten igaro ostean... berri txarrak: Andoainen azken asteetan sortutako istiluak medio, zenbait alderdik soka-dantzan ez dutela parte hartuko jakin baitugu gaurko egunkarien bidez.

Berriak berri, Salbea amaitzean, gure taldeko Asier Garmendia aurreskuak eta Oihane Irazoki atzeskuak soka-dantza dantzatuko dute udalbatzako 9 zinegotzirekin batera. Gainera, azpimarratu, Irazoki izango dela dantza hau egingo duen lehen emakumea, gaurdaino, mutilek bakarrik dantzatu baitute soka-dantza Andoainen. Zorionak Oihane!




Soka-dantza Andoainen 1930. urtean CC BY-SA: Marin, Ricardo - GureGipuzkoa.net



San Juan sua, dantzarako aitzaki

Urteko egunik luzeena amaitzear, 22:45ak aldera, piztu ohi da San Juan sua Goiko Plazan. Sua piztearekin batera hasten dira Zuaznabartarrak txalaparta jotzen Udaletxeko balkoitik. Ondoren, kanpai jotzea egin ohi da eta San Juan zortzikoa jo eta abesten dute Andoaingo zenbait talde eta abesbatzek.

Herritarrek, orduan, jende artetik plazara irteteko aukera izaten dute San Juan zortziko hori  suaren inguruan dantzatzeko. Momentu ederra bihurtu da ohitura, azken urteetako parte hartze handiaren ondorioz.

Behin hau amaituta, Urki dantza taldeko kideok, nahi dugun dantza eskaintzeko 20 minutuko denbora tartea izan ohi dugu. Andoaindarrak zai izaten ditugu urtero, ez baitute jakiten ordurarte zerekin txundituko ditugun. Hala ere, hemen aurreratzen dugu, aurten, Oñatiko Korpus dantzak, Gipuzkoako sagar-dantza eta Iribaseko ingurutxoa eskainiko ditugula.

Bestalde, aipatu, azken urteetan gure saioa izan dela hedabide dezenteren portada. Aurten, adibidez, Diario Vasco eta Aiurri aldizkarian lehengo urtean eskaini genuen Lekeitioko Kaxarrankaren argazkiak jarri dituzte San Juanetako gehigarriaren portada gisa:Aiurri eta DV portadak: San Juan 2011(function() { var scribd = document.createElement("script"); scribd.type = "text/javascript"; scribd.async = true; scribd.src = "http://www.scribd.com/javascripts/embed_code/inject.js"; var s = document.getElementsByTagName("script")[0]; s.parentNode.insertBefore(scribd, s); })();


San Juan eguna, Andoaingo Axerion eguna

Andoainen, Axeri-dantza, San Juan egunean dantzatu ohi dugu eguerdiko 12:00etan hasita. Hogeita hamar urte baino gehiago dira ohitura berreskuratu zenetik eta huts egin gabe jarraitzen dugu dantzan geroztik.

Aurten, gainera, koadrila majoa aterako gara dantzan, 40 herritar inguruk hartuko baitugu parte. Tartean Urki dantza taldeko dantzariak ere, noski.




Gehitu, urte berezia dela 2011ko hau Axeri-dantzarentzat. Berreskuratu zenetik gurekin izan den Jose Luis Etxeberria txistulariak azkenekoz joko baitu aurten gurekin. Mila esker egindako lanagatik Jose Luis eta nahi duzun arte!


Larunbatean, bertso-dantza poteoa

Dantza egiteko aukerarik ez zenutela izango pentsatzen zenutenentzat, jakin, izango dela larunbatean horretarako aukerarik. Berrikuntza gisa Bertso-dantza poteoa egitea proposatu baitiogu Udalari aurten.

Duguna Iruñeko dantzarien fanfarrea etorriko da gurera horretarako. Hauek jauziak, pasodobleak, fandango eta arin-arinak... joko dituzte tabernaz taberna egingo dugun ibilbidean zehar eta edonork parte hartu dezake erromeria ibiltari honetan.

Gainera, aurten sortu berri den Andoaingo Bertso Eskolako bertsolariak gurekin arituko dira, tabernatik tabernara bertsoen laguntzaz jendea zirikatzen.

Aukera bikaina beraz ekainaren 25erako dantzazale eta bertsozaleontzat. Ibilbidea Goiko Plazan hasiko dugu 19:30etan, animatu!


bertso-dantza-poteoa

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Urki Dantza Taldea