Dokumentuaren akzioak
Nor gara gu, zer gara gu...
Urki dantza taldea 1988. urtean sortzen da Andoainen. Urte horretako Haurren Euskal Jaialdi inguruan zenbait gazte elkartu eta herrian dantzak duen hutsunea betetzen saiatzen dira, horretarako, Lizar-makil dantza talde desagertuaren lekua hartuz. Hor sortzen da Urki, euskal dantza tradizionalak jorratzen dituen dantza taldea.
Gerora, haur taldea izan zen urte luzez, 16 urte ingurura heltzen ziren gazteek ez baitzuten dantzan segitzeko gogorik eta taldea uzten zuten. 2005. urtean, ordea, 16-19 urte bitarteko dantzariek, zaharrenek, Poloniako Zakopane herrira joateko aukera izan zuten. Baliteke, ordurarte faltatako bultzadatxoa izatea bidai hura, geroztik gazte hoiek dantzan jarraitu baitute, horrela, Urki dantza taldeko lehen heldu taldea sortuz.
Urki sendotzen joan den heinean, ekintza berriak egiten ere hasi da. Hortik datoz eskainitako emanaldiak; gaztain-festa, neguan egin ohi dugun erromeria; eta gisa horretako beste zenbait ekintza. Baina, goraipatzekotan, ondoren iragartzera gatozen Santa Krutzeko ezpata-dantza daukagu, aurten laugarrenez ospatuko duguna.
Maiatzeko lehen asteburu honetan ospatzen ditugu Andoainen Santa Krutz jaiak. Ekitaldiz betetako festak izan ohi dira, herriko jendeak antolatzen ditu eta herritarron parte hartzea esanguratsua eta azpimarratzekoa da jai hauetan. Urki, jaio geroztik, aritu izan da bere dantza emanalditxoa urtero eskainiz, 2008. urteko Santa Krutz egunean, maiatzaren 3an, ordea, Santa Krutzeko ezpata-dantza dantzatzeari ekin genion.
Proiektua hasiera hasieratik bideratu zigun Juan Antonio Urbeltz eta Ikerfolk-ek. Euren laguntza jaso dugu urte guzti hauetan eta beraiek izan dira ezpata-dantza birsortzearen giltzarri. Izan bitez lerro hauek gure esker ona eurei adierazteko.
Zergatik ezpata-dantza ordea?
Santa
Krutzetan ez zen horrelakorik egiten, baina, Juan Ignacio Iztuetak
bere 1824. urteko "Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira eta
historia" liburuan Andoain askotan aipatzen du. Axeri-dantza,
ezpata-dantza, brokel-dantzaren zikloa... denak lotzen ditu
Andoainekin.
Urbeltz berak ere horrela dio bere Dantzak
liburuan: "Si tomamos la visita de Fernando VII a Gipuzkoa,
desde el 2 al 14 de Junio de 1828 podemos constatar que (...) en
Andoain, <<sesenta danzantes de baile de espada uniforme y
vistosamente vestidos>>". URBELTZ, Juan Antonio: 1985.
"Dantzak" in Euskaldunak-La etnia vasca, Etor,
Bilbo.
Egiten ari ginenaren frogak biltzen joan ginen
denborarekin, hau da, egiten dugunari zentzua bilatuz, eta horrela, Andoainen ezpata-dantza berreskuratu
genuen lehenik 2008. urtean. Ezpata-dantzari, ordea, brokel-dantza
lotu genion, Iztueta berak liburu horretan baitio Andoainen
Korpus egunez dantzatzen zirela dantzaok. Gipuzkoako dantza hauek
eszenatokitik kanpo oso gutxi ikusten dira gaur egun, eta dantza
tradizionalak izanik, Gipuzkoan urte luzez dantzatutakoak, zentzuzkoa
iruditu zitzaigun oholtza gainetik jaitsi eta dagokien lekuan
jartzea, kalean, tradizio gisa.
Hortaz, aurten ere izango da zita Andoaingo ezpata-dantzarekin maiatzaren 3an , asteartez. 11:00etako meza aurretik eta meza ondoren dantzatu ohi dugu, Udal korporazioa eta eskopeteroak Andoaingo Goiko plazatik jaisten direnean. Meza amaitzean, ezpata-dantza eta brokel-dantzen zikloa ikusteko aukera izango da.
Aiurri astekarian ere, bildu zuten honen berri. Gure taldeko Jon Iraolari elkarrizketa bat egin baizioten. Elkarrizketa ondoko estekan: "Santakrutzak 2011: Ezpata-dantza osatuz doa".
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Urki Dantza Taldea
Jasotako azken erantzunak
-
Jon on Santa Krutzeko ezpata-dantza kronika 2011
Jon2011/05/05
-
Mikel S. on Santa Krutzeko ezpata-dantza kronika 2011
Mikel S.2011/05/05
-
Oier A. on Nor gara gu, zer gara gu...
Oier A.2011/04/27
-
Oier A. on Nor gara gu, zer gara gu...
Oier A.2011/04/27