Feministak bai, baina dantzan ez
Egun, feminismoa oso modan dago. Baina denok dakigun bezala, modak iragankorrak dira. Pertsonen esku dago nahi ditugun baloreak transmititzea eta bizitzea, edo ezartzen digutena onartzea eta isilik geratzea.
Inolako zalantzarik gabe, dantza, baloreak transmititzeko oso baliabide garrantzitsua da.
Pertsonek, uste dugun baino ardura handiagoa dugu jendartean. Gizarte idealean bizi nahi dugu, baina ezer gutxi egiten dugu hori lortzeko.
Emakumeoi dagokigunez, oraindik badira emakume asko konforme daudenak bizi behar izaten dugun errealitatearekin. Harro gaude orain dantzatzeko aukera dugulako eta orain egin dezakegulako aspaldiko emakumeek egin ezin zuten gauza asko. Eta horren ondorioz, gizonek “pribilegio” gehiago izatea onartzen dute tradizioari kalterik ez egitearren.
Lehen, pertsona beltzek ez zuten ia eskubiderik. Antolatuko dugu festa bat non beltzek ezin duten parte hartu?
Nik ez dut mutilek baino eskubide gehiagorik nahi, nik eskubide berak izan nahi ditut. Pertsonek sexuaren gainetik egon behar dute.
Bakoitzak hausnartu beharko du ea zer nolako gizartean bizi nahi duen eta zein den bere ardura.
Aritz Ibañezek bere "Dantzaz eta politikaz" artikuluan dioen moduan, Dantzaren dimentsio politikoa garrantzitsua da beraz, eta hau aintzat hartu gabe, dantza “folklore” elementu hutsal bilakatzeko arriskua dugu.
Bestela, gizonek dantzan jarrai dezatela, eta emakumeok joan gaitezen harrikoa egitera.