Dokumentuaren akzioak
Feministak bai, baina dantzan ez
Egun, feminismoa oso modan dago. Baina denok dakigun bezala, modak iragankorrak dira. Pertsonen esku dago nahi ditugun baloreak transmititzea eta bizitzea, edo ezartzen digutena onartzea eta isilik geratzea.
Inolako zalantzarik gabe, dantza, baloreak transmititzeko oso baliabide garrantzitsua da.
Pertsonek, uste dugun baino ardura handiagoa dugu jendartean. Gizarte idealean bizi nahi dugu, baina ezer gutxi egiten dugu hori lortzeko.
Emakumeoi dagokigunez, oraindik badira emakume asko konforme daudenak bizi behar izaten dugun errealitatearekin. Harro gaude orain dantzatzeko aukera dugulako eta orain egin dezakegulako aspaldiko emakumeek egin ezin zuten gauza asko. Eta horren ondorioz, gizonek “pribilegio” gehiago izatea onartzen dute tradizioari kalterik ez egitearren.
Lehen, pertsona beltzek ez zuten ia eskubiderik. Antolatuko dugu festa bat non beltzek ezin duten parte hartu?
Nik ez dut mutilek baino eskubide gehiagorik nahi, nik eskubide berak izan nahi ditut. Pertsonek sexuaren gainetik egon behar dute.
Bakoitzak hausnartu beharko du ea zer nolako gizartean bizi nahi duen eta zein den bere ardura.
Aritz Ibañezek bere "Dantzaz eta politikaz" artikuluan dioen moduan, Dantzaren dimentsio politikoa garrantzitsua da beraz, eta hau aintzat hartu gabe, dantza “folklore” elementu hutsal bilakatzeko arriskua dugu.
Bestela, gizonek dantzan jarrai dezatela, eta emakumeok joan gaitezen harrikoa egitera.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Reitx Arjol
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Feministak bai, baina dantzan ez 2015/01/21
- Patxi Montero on Feministak bai, baina dantzan ez 2015/01/21
- Iker Tubia Barberia on Feministak bai, baina dantzan ez 2015/01/21
- Reitx Arjol on Feministak bai, baina dantzan ez 2015/01/21
- Irune Tubia on Feministak bai, baina dantzan ez 2015/01/21
- Aritz Ibañez Lusarreta on Feministak bai, baina dantzan ez 2015/01/21
- Reitx Arjol on Feministak bai, baina dantzan ez 2015/01/21
- Reitx Arjol on Feministak bai, baina dantzan ez 2015/01/21
- Irune Tubia on Feministak bai, baina dantzan ez 2015/01/21
- Reitx Arjol on Feministak bai, baina dantzan ez 2015/01/21
Ez dut erantzunik "zergatik?" horri emateko. Lehendabiziko pausoa arazoa ikusi eta aurre egiteko estrategiak bilatzea litzateke. Hortik aurrerakoa, talde lan izugarria!
Zuek zer nolako esperientziak izan dituzue zuen taldeetan, plazetan,herri edo auzoetan? Aldaketarik azken urteotan?
(Bukatzeko: onartzen dut plazan edo auzoan errazagoa zaidala nire lekuaren aldarrikapena egitea dantza taldean baino)
Ni gai honekin oso kontzientziatuta nago, eta ez dut ulertzen nola beste pertsonak ez, baina tira, hala da. Beraz, uste dut ezin dugula inolaz ere amore eman eta borroka horrekin jarraitu behar dugula.
Interesatzen ez zitzaigun errepertorioa txoko batean gorde genuen eta interesgarri zitzaizkigun beste hainbat dantza ikasi genituen, generoaren ikuspegia ere aintzat hartuz.
Horrez gain, azken urteotan sortu izan ditugun dantza-tradizioetan ere bide ezberdinak jorratu ditugu. Batetik ezpata-dantzan ez dago generoaren araberako ezberdintasunik. Soka-dantzetan bai, horregatik sortu genituen bi, bata mutilek gidatua, bestea neskek.
Neskek orain arte dantzatu ez dutela eta beraz, orain pozik egon behar dutela dantzatzen dutenarekin, gezurra dela esanen nuke. Hasteko, neskek bai dantzatu izan dutelako orain baino lehen (Oier-ek honi buzuko hitzaldi oso gomendagarria du). Bestetik, nik ikusi izan ditudan neskendako sortutako dantza batzuk nahiko eskasak iruditzen zaizkidalako (baita generoaren trataeran ere) eta horretan ere antzematen da genero-ezberdintasuna.
Tradizioarekiko errespetua zer den aztertu beharko litzateke. Tradizioa aldagarria da berez, eta beraz, gauzak aldatzea izan liteke tradizioarekiko errespeturik handiena. Hori bai, ez nolanahi, aurrekoek egin dutena ezagutuz, zentzuz... ezagutzan dago gakoa, nire ustez.
Beraz, jarrera batzuk perpetuatzeko erabiltzen ditugun argudioen egiazkotasunari ere erreparatu beharko genioke. Eta ados naiz Rakelekin dantza baloreak transmititzeko oso baliabide interesgarria da. Ekitekoa!
Abentura ederra dugu aurretik!
Guk emakumearen gaia ez dugu lantzen. Ez txikiek ez guk.
Txikien taldean zein gurean nesken dantzak, mutilen dantzak eta dantza mistoak bereizten ditugu, eta bakoitzak dagokiona dantzatzen du.
Oraindik lan izugarria dugu aurretik, eta nik proiektutxo bat dut buruan. Beraz, beharbada, hemendik gutxira (espero dut) aholkuren bat eskatuko dizuet ;)
1) Oraindik askoz gehiago dira genero bereizketa garbiarekin funtzionatzen duten dantza, talde eta festak, berdintasunean aritzen direnak baino.
2) Ustez berdintasunaren bidean emandako zenbait urratsek, genero bereizketa kontsolidatu eta genero bakoitzaren mugak indartu dituzte (MariDomingi fenomenoa deituko diogu honi, zertaz ari garen uler dadin).
Badugu lana egiteko, bai horixe, eta norbaiti "hau eginda dago" entzuten badiozue, kontuz, berdintasunerako mugimendua desaktibatzeko ahalegina da hori.
Aipatu ditudan bi oharrak --oraindik asko dago egiteko (1) eta kontuz MariDomingirekin (2)-- ongi kudeatu ahal izateko uste dut ezinbesteko tresna informazioa dela. Ez dugu ezagutzen gure dantzaren historia, ez dugu ezagutzen gure dantzaren historia betaurreko moreekin begiratuta eta ez dugu ezagutzen gaur egun gertatzen ari diren gauzak dantza eta generoa alorrean.
Helburu horrekin antolatu genuen Dantzan Ikasi programan Emakumeak Euskal dantzetan mintegia ( http://dantzan.eus/[…]/mintegia-emakumeak-euskal-dantzetan ) eta Aritzek esan bezala azken urteotan hamaika herritan izan gara gai honi buruzko mintzaldiak eskaintzen.
Badugu bidea egiteko. Animo!
Nik zentzu horretan ulertu dut Reitxek esandakoa: "Harro gaude orain dantzatzeko aukera dugulako eta orain egin dezakegulako aspaldiko emakumeek egin ezin zuten gauza asko. Eta horren ondorioz, gizonek “pribilegio” gehiago izatea onartzen dute tradizioari kalterik ez egitearren"
Anakronikoa egiten zait kasu batzutan (askotan) 'mutilen' eta 'nesken' dantzen artean egiten den genero banaketa. Nik ere uste dut DANTZA kasu askotan generoaren gainetik egon daitekeela. Hots, dantzariak behar dituela dantzak, ez 'neskak' edo 'mutilak'.
Perfektamente imajina dezaket generorik-gabeko-dantzariek (neskek eta mutilek) egindako ezpata-dantza bat, edo dantzari-dantza bat, edo uztai, makil, zinta dantza bat... eta abar luzea.
Bai erregelak edo soka-dantza bat ere, emakumezko eta gizonezkoak aldiberean soka bakarrean. Zergatik bikoiztu behar dira, hau gizonezkoen soka-dantza, hau emakumezkoena, eta biak igual, baina alderantzizkoak? Bata eguerdian eta bestea arratsaldean? Jokabide hori ez al da genero markari eustea, ezberdintasuna azpimarratzea? Eta zer, soka-dantzan aurresku gizonezko batek beste gizonezko bat atera nahi badu? Edo aurresku emakumezko batek beste emakume bat atera nahi badu?
Puf, puf... gizartea are gutxiago dagoela prestatuta halakoak onartzeko? Benetan uste duzue? Nik normaltasunez onartuko nuke, baina. Eta ni ere gizartea naiz. Aitzakia, gauzak daudenetan eusteko.
Norbait hasi beharko da, eta normaltasunez tratatu, normaltasuna transmititzeko.
Era berean, hainbat dantza taldek euren emanaldietan agertzen duten 'euskal dantza' eredua anakronikoa egiten zait, bai moduetan, bai dantzen genero banaketan (batez ere neskei utzitako dantza ñoño zozoetan). Kasu horietan, ni txikia nintzeneko eredu berdintsua ikusten jarraitzen dut. Gertatzen da ni txikia nintzenean oso balore zehatzak (eta forzatuak) inposatzen zituen diktadura baten pean bizi ginela. Beraz, konturatu gabe edo nahi gabe, kasu horietan zein eredu ari gara iraunarazten? Zergatik, eta burua pentsatzen eta ustezko tradizioak zalantzan jartzen ez hasteagatik.
Oker ulertutako genero bereizketa eredua itsu-itsuan dantza-plazara eramango bagenu, bikote dantzetan gizon-emakume onartu beharko genuke soilik (dantza lotuetan, ingurutxoetan, kontradantzetan, Larrain dantzan...). Absurdoa, ezta? Hori ez da gaur egungo errealitatea. Gaur egun plazan dantzan egin nahi duten dantzariak ditugu, eta dantzan egiten dute, banaka, taldeka, zein binaka. Behar denean rolak banatuta (nork agindu, nork jarraitu), baina generorik gabe.
Je! Bestela, plaza gehienak itxi beharko genituzke gizonezko faltagatik.
Azken ohar bat, bada ezpada: Ez dut esan nahi 'beti'. Esan nahi dut 'askotan'. Zenbait kasutan zentzuzkoa izan liteke bakarrik mutilek edo bakarrik neskek egindako dantza bat, testuinguru zehatz batetan. Gizonezko hutsez edo emakumezko hutsez egindako dantzek, edo dantza mistoek, 'izpiritu' edo 'giro' edo 'zera' ezberdina islatzen dute, eta niri ederra egiten zait oso.
Batak bestea kendu gabe, gauza bakoitza bere lekuan, biak iruditzen zaizkit baleko. Beti ere, pentsatuta, arrazoitua, eta eman nahi diogun efektu hori bilatzen dugulako, beste ereduaren balekotasuna zalantzan jarri gabe.
Hortik partitzen garela bistakoa da. Duela 2 egunera arte neskek dantzatu izan ez dutela sinetsi dugula bistakoa den bezala.
Dantza taldeok gure zilborrei begira bizi izan gara luzaz, hortik kanpo erreferentzia eta konponbide egokiak topa genitzakeelaz ohartu gabe. Uste dut garaia badugula XXI. mendeko dantza talde eredua nolakoa izatea nahi dugun pentsatzekoa, XX. mendeko eredua inarrosiz eta berrituz.
Izan ere, zorionez (onerako denean) edo zoritxarrez (txarrerako denean), dantza taldeak 'euskal dantza'ren eredutzat hartu ohi dira oraindik ere. Horrek erantzunkizun maila bat eskatu beharko luke.
Eta bai... dantza politika da!! Dantzaren bitartez, gordetzen eta transmititzen dugu eredu bat, balore batzuk.
Bide honetan jarrita, baina, generoarena ez da hausnartu beharreko aje bakarra, Xabier Etxabek 'Dantza eredu baten bila' artikuluan bikain azaldu zuen bezala:
http://dantzan.eus/[…]/dantza-talde-eredu-baten-bila