Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ostadar Dantza Taldea Ostadar bat dantzatuz, herriak sortua herriari eskainiz, jarrai zagun dantzan

Dokumentuaren akzioak

Ostadar bat dantzatuz, herriak sortua herriari eskainiz, jarrai zagun dantzan

2024/12/19 11:55
Ostadar bat dantzatuz, herriak sortua herriari eskainiz,  jarrai zagun dantzan

Ostadar Dantza Taldea (1984-2024)

Ostadar Dantza Taldeko urteroko Gabonetako emanaldia eskainiko dugu datorren larunbatean, abenduak 21, Beasaingo Usurbe antzokian, 19:30ean. Aurten ohi baino bereziago, gure 40. urteurrena dantza eginez ospatuz

 

Dantza da bizitza, bizitza da dantza,

halaxe osatuz emozioen balantza,

bizipoza eta noski esperantza

 

Oraina biziz, iragana oroituz eta etorkizunera begira

Gure ostadarra osatu zuten koloreak sendotze asmoz, eta etorkizunari so, oraina biziz ospatu dugu 2024. urtean zehar gure 40. urteurrena. Gure erara, guk dakigun bezala: dantzan. Eta ez diogu alferrik, gainera: aurten, egun oso batez, gelditu gabe ere hankak dantzan izan ditzakegula erakutsi diogu gure buruari, 24 orduz dantza eginez, alegia.

24 orduz dantzan

 Eta horren harira, ezin genion gure urteroko zitari hutsik egin. Datorren larunbatean, abenduaren 21ean, urteroko dantza-emanaldia eskainiko dugu Beasaingo Usurbe antzokian, 19:30ean. Sarrera doakoa izango da.

Urtero egin izan dugun legez, Euskal Herriko hainbat lekutako dantzak eskainiko ditugu, dagozkien ezaugarriak (koreografiak, musika, jantziak…) ahalik eta hobekien islatuz. Gurekin izango ditugu taldeko euskarri ezberdinak: taldeko haurrak, helduak eta Plaza dantzen ikastaroko kideak, taldeko musikariek jotako doinuen erritmora dantzan.

Dena den, emanaldi berezia izaki, dantza-koreografi bereziren bat ere estreinatuko dugu aurten bere jaiotzaren 120. urteurrena izan den Maurizia Aldeiturriaga pandero-jole bizkaitarra omenduz, eta era berean, Aitor Alvarez Etxezarreta musikariak espreski Ostadar Dantza Taldearen 40. urteurrenaren harira sortutako piezak ere dantzaratuko ditugu.

Falta ditugunak gogoan, garena osatuz eta etorkizunera irribarrez begiratuz, elkarrekin jarraitu nahi dugu dantzan. Herriak eman ziguna herriari eskainiz, eta garen familia sendotuz. Hori dela eta, aurtengo Gabonetako emanaldia elkarrekin eta elkarrentzat, dantzan egin eta horretan jarraitzeko aldarri bat izango da guretzat.

Besterik gabe, emanaldia ikustera etortzeko gonbitea luzatzen dizuegu guztioi, eta gurekin batera, dantzaren bidez, gurekin batera une atsegin bat igarotzera.

Gure aldetik, dantzan jarraituko dugu. Ilusioz, pozez, elkarrekin eta elkarrentzat. Herriak sortua herriari eskainiz. Maitasunez eta elkartasunez. Elkar zainduz eta babestuz. Euskaratik eta euskaraz. Errespetutik, elkarzaintzatik eta ikaskuntzatik. 

 24 orduz dantzan, Maurizia Aldeiturriagaren omenez

 Kolore bakoitza dantzan

Dantzan hasteko ilusioa duen sei urteko haurra, selektibitatea egitear den nerabea, hainbat arrazoiengatik eguneroko bizitza herritik kanpora egiten duen langilea, familiarekin kontziliatuz ahal duenean etortzen den gurasoa, eta jubilatu berritan gazte baten ilusio eta bizipoz berdinarekin astean behin dantzara etortzen dena… denak dira Ostadarraren parte. Berdin du gizonezkoa*, emakumezkoa*, lodia, argala, txikia, altua… izan. Bakoitzak ematen dio bere kolore propioa dantza taldeari.

Eta horri esker osatu dugu Ostadar Dantza Taldea azken 40 urteotan zehar. Izan ere, lau hamarkada pasa dira Jesus Mari Garate dantza-maisuak, 1984. urte inguru hartan haur eta gaztetxoentzako Ostadar izeneko dantza-talde txiki hura sortu zuenetik. Lau hamarkada elkar ezagutuz, elkarrengandik ikasiz eta elkarlanean proiektuak burutuz. Dantza da gure ardatza, bai, baina dantzatik haratago doa gure ostadarra. Bakoitza ezberdina bada ere, urratsak kolektiboki ematen ditugu, urteroko gure proiektuak aurrera ateratzeko. Bidea beti ez da erraza izaten, hori ere hala da: zailtasunak, momentuko beldur eta frustazioak… baina azken emaitza lortzen dugunean, edonolakoa delarik ere, beti jausten zaigu malkoren bat irribarre zabal batekin; elkarri ematen dizkiogun besarkada luzeetan keinu konplizeak izaten dira nagusi; eta elkarrekin gurutzatzen ditugun begiradetan, benetako maitasuna islatzen dugu. Elkar zaintzen gara, benetako familia baten gisara. Elkarrekin eta elkarrentzat.

Hala ere, gaur egun zerbait baldin bagara, ezin dira aipatu gabe utzi, Ostadar Dantza Taldea eraiki eta mantendu duten zutabeak. Zuei esker gara, eta lerro hauen bidez, aitortza xumea egin nahi genizueke gure ostadarraren bidea eraiki zenuten guztioi. Zuei esker hasi baitzen gure baitako kolore bakoitza dantzan.

Horixe baita garena. Koloreen dantza da Ostadar Dantza Taldea. Iker Galartzak Gure Zirkua definitzerakoan esaten duen bezala: “Gu ez gara munduko talderik handiena, baina egiten duguna gurea da; horrelakoak garelako”. Gure herriaren koloreak izaten jarraitu nahi dugu. Izan ere, halaxe baita: dantzatzen duen herria ez baita sekula hilko.

 

… etxean edo plazan,

ez jarri zalantzan,

jarrai zagun dantzan

 Euskal Herrian barrena bidaiatuz eraikitako dantza-emanaldia

 Ostadar Dantza Taldea (1984-2024)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ostadar Dantza Taldea

Ostadar Dantza Taldea

Beasaingo dantza talde bat gara eta efa 30 bat lagunek osatzen dugu. Oriamendi kaleko 10. zenbakian dugu egoitza. Urte osoan zehar dantza ekitaldiak antolatzen eta dantzatzen saiatzen gara, bereziki herri mailan, baina noizbehinka bestelako jarduerak ere antolatzen ditugu: ekitaldiak, hitzaldiak... Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, sare sozialetan ere aurki gaitzakezue (Facebook, Twitter), edota bestela gure e-maila erabili dezakezue: ostadardt@gmail.com