Dokumentuaren akzioak
Lakuntzako Alkate-dantza
Dantzaren Fitxa
Data: Urtarrilak 20, San Sebastian egunean eta Korpus egunean
Testuingurua: Lakuntzako Elai-Alai taldearen esanetan, XVIII. mendean ohikoa zen udal karguen aukeraketa soka-dantza batekin ospatzea. Hartara, kargudunak ziren dantza egiteko arduradunak eta hortik “Alkate-dantza” izena. Urtean hainbatetan dantzatzen omen zen dantza hau eta zenbaitetan udaleko kideek ateratzen zuten soka eta besteetan herritar xumeek. Denborarekin indarra galduz joan zen 1948. urte inguruan dantzatzeari utzi zioten arte. XX. mendeko 70ko hamarkadan Deustuko Bihotz-Alai Folklore elkarteak berreskuratu zuen Lakuntzan egindako landa-lanaren ostean eta gaur egun, herriko kintoek dantzatzen dute San Sebastian egunez, arratsaldeko 7:00etan.
Dantzari eta musikariak: Esan bezala, herriko kintoak dira Alkate-dantza egiteko arduradunak, Elai-Alai taldeko dantzariek prestatuta. Mutilek gomazko abarkak, artilezko galtzerdiak, galtza urdinak, alkandora zuria eta gerriko eta txapela beltza daramate. Dantza hasteko mutilek 2 hurritz makil daramatzate esku banatan. Neskek gomazko abarkak, artilezko galtzerdiak eta baserritar jantzi grisa daramate. Lepoan eta buruan zapi zuri edo beltzak. Gerritik zintzilik 2 koloretako zapi.
2 txistularik jartzen diote musika Alkate-dantzari.
Eskema koreografikoa: Bihotz-Alai elkarteko kideek idatzitako dokumentazioaren arabera, modu ezberdinean dantzatzen zuten Alkate-dantza San Sebastian egunez edo Korpus egunean. Korpus egunean hurritz makilak erabiltzen zituzten eta San Sebastian egunean ez. Orain berriz, hurritz makilekin lotutako sokarekin abiatzen da San Sebastian eguneko Alkate-dantza ere.
5/8ko konpaseko melodia batekin (partituretan bostgarrena) sartu dira 9 mutilak plazan, erlojuaren orratzen kontrako norabidean, hurritz makil bana eskutan. Aurrendariak bere makilei puntetatik eusten die, bigarrenak aurrendariaren 2 makilei eta bereei, hirugarrenak bigarrenaren 2 makilei eta bereei... bideoan ikus daitekeenez. Urratsa arin-arin-etan erabiltzen ohi denaren antzekoa da eta uneka zangoak itxi-zabaldu-itxi ondoren artazia egiten dute dantzariek. Hala, gu grabatzen gauden tokitik, ezkerrera kokatu dira ilada batean, garai batean udaleko agintariak kokatzen omen ziren lekuan. Bi txistulariak plaza erdian kokatu dira sokaren nondik norakoak jarraituz.
Azkendariak mutil guztien makilak bildu eta sokaren hasieran jarri da orduan, aurrendariarekin aurrez-aurrez, sokaren norabideari bizkarra erakutsiz. Txistulariek deia jo eta azkendariak bere eskuineruntz jiratu da, aurrendariaren eskua askatu gabe, bere besoaren azpitik buelta emanez. Txapela kendu eta lehenengo melodiarekin 2/4ko konpaseko zortzikoa dantzatu dute biek ala biek. Azkendariak eskuineruntz hasi du bere dantza, aurrendariak ezkerreruntz. Urratsa, sarreran bezala, arin-arinaren aldeetarunzko urratsaren oso antzekoa da. Esaldien bukaeran azkendariak zangoak hiru aldiz atzeraka tolestu eta deian bezala buelta eman ostean, artazia jo du gora ezkerreko zangoz.
Danbolinaren erritmopean azkendariak soka gu gauden tokitik eskuinera eraman du eta bertan, bigarren melodiarekin 2/4ko konpaseko zortzikoa dantzatu dute berriz azkendari eta aurrendariak, ispilu eginez.
Hori bukatu eta soka gu gauden tokitik parean kokatu du azkendariak, plazaren beste puntan. 5/8ko konpasekoa den hirugarren melodiarekin, beste zortziko bat dantzatzeari ekin diote azkendari zein aurrendariak. Honako honetan, esaldi bukaeretako jauziak bi dira, baina jiratu eta artazia berdin-berdin egin du azkendariak. Bitarte horretan aurrendaria geldi dago, berriz ere deia bukatzearekin dantzan jarri delarik azkendariari lagunduz.
Laugarren geldiune bat egin du sokak gu gauden tokitik ezkerrera. 5/8ko konpaseko laugarren melodiarekin orain arteko ekinbideari jarraikiz, aurrez-aurre dantzatu dute azkendari eta aurrendariak berriz.
Lehenengo zortzikoa dantzatu duten toki berean dantzatu dute bosgarrena ere, makilekin ateratzeko erabili duten melodia bera erabilita. Honako honetan, esaldien bukaeran ez du bueltarik eman azkendariak. Artazia bakarrik bota du gora dei horietan.
5 zortziko dantzatuz buelta osoa eman dio sokak plazari. Horren ostean, azkendariak bere tokia utzi dio aurrendariari eta txapela jantzita, nesken bila atera da. Mutilen soka inguratuz, neska bakoitza mutil bakoitzaren atzean kokatu du azkendariak. Neskek zapi bana eman diete aurreko eta atzeko mutilei. Azkendaria bere lekuan kokatu da, bere aurreko bi dantzariak neskak direlarik.
Neska-mutilez osatutako soka honek mutilen sokak plazari emandako buelta bera eman dio, orain aurrendaria izan delarik sokaren norabideari bizkar emanda zortzikoak dantzatu dituena, berari zapia eman dion neskarekin batera, aurrez-aurre dantzatu dituelarik.
Zortzikoen erronda bukatuta, aurrendariak txapela jantzi eta zubia eginarazi dio sokari. Soka gure eskuinaldean kokatuta dago ilada batean, makilen sarrera egin ondoren kokatua zegoen gisa berean. 3/4ko konpaseko melodiarekin, balts pausoa eginda, aurrendariak bere eskuinerantz jiratu da buelta erdi eta sokako gainontzeko dantzariak haien ezkerrera jiratuz sortu dute zapiaren azpiko zubia. Berriz ere iladan jarrita amaitu dute zubia.
Honen ostean ingurutxoak heldu dira. Neskak mutilen aurrean kokatu dira, aurrez-aurre, plazaren barrualdean. Lehenengo ingurutxoarekin plaza ezkerretik eskuinera zeharkatu dute dantzariek. 3/4ko konpaseko melodiarekin balts urratsa egiten doaz, arin-arinaren urratsekin tartekatuz. 3 aldiz egin dute aurrera, plazaren beste alderaino heldu arte. Orduan mutilek eta neskek postuak elkartrukatu dituzte, berriz ere neskak plazaren barrualdean kokatu direlarik, norbera bere eskuinetik gurutzatu delarik bikotearekin. Oraingoan, gisa berean, balts eta arin-arin urratsekin, 2 aldiz aurrera eginda, plaza eskuinetik ezkerrera zeharkatu du dantzari iladak. Berriz ere postuak, norbera bere eskuinaldetik gurutzatuz, trukatu dituzte. Txistulariek deia jo eta une horretan mutilek buelta eman diete neskei eskutik helduta (eskuin-eskuin), haien (nesken) ezkerreruntz.
Bigarren ingurutxoa egin dute ondoren. 3/4ko konpaseko beste melodia batekin, balts urratsa, arin-arin urratsa eta bueltak tartekatuz, 2 aldiz egin dute aurrera dantzariek, lehen ingurutxoan egin duten gisan. Tokiak elkartrukatu eta ezkerretik eskuinera egindakoa eskuinetik ezkerrera desegin dute. Ondoren, txistularien deiarekin berriz ere buelta eman diete mutilek neskei, lehenengo ingurutxoan egin bezala.
Kalejirarekin plazaren zabalera osoa hartuta borobila egin dute dantzariek. Ikusleetarik zenbait sartu dira dantzara. Fandangoa eta arin-arina dantzatu eta gero, kalejirarekin eman diote amaiera Lakuntzako kintoek 2011ko San Sebastian eguneko Alkate-dantzari.
Bideoa:
Lakuntzako alkate-dantza from nafarroakodantzak on Vimeo.
Bibliografia:
- “Lakuntzako Alkate Dantza”, Bihotz Alai Folklore Taldea - Dantzariak aldizkaria, 24 (26-31 orrialdeak), EDB, 1978
- “Alkate dantzaz zenbait apunte”, guaixe.net - http://www.guaixe.net/Albisteak.asp?IdHerria=10&IdNoticia=2328
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Nafarroako Dantzarien Biltzarra
Nafarroako Dantzarien Biltzarra.
1978 urtean sortu zen, Nafarroako euskal dantza taldeen topaleku gisa.
Egun, 68 taldeek osatzen dute NDB, horietatik 38 talde heldu eta 30 dantzari talde txiki. Horretaz gain, hasiberriak diren taldeei laguntza eskeintzen diegu.
Hemen topatuko gaituzue:
Euskokultur Mintegia,
Baratzeetako Zeharkalea 2,
Iruña 31014 (Nafarroa)
649 559 854 - 619 009 940
Helbide elektronikoa: nafarroakoedb korreo beroan