Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Maite Irizar Lurrak hazi eta lurrak jan

Dokumentuaren akzioak

Lurrak hazi eta lurrak jan

2017/03/23 08:50
Lurrak hazi eta lurrak jan

Lesakako inauteriak. Zaku zaharrak prestaketa lanetan. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Aurten Nafarroako hainbat herritan inauteriak, bertatik bertara, ezagutzen ibili naiz. Zaldunita egunez, otsailaren 26an Lesakan izan nintzen. Igandean izaten dira zaku zaharrak bertan. Arratsaldean, zaku zahar txikien desfilea egiten da eta iluntzean nagusien txanda izaten da. Azken honen antolaketa lanaz Lesakako Arrano Elkartea arduratzen da. Bertako kide den, Gaizka Sarasolaren ustetan, Lesakako San Ferminen pareko festak dira inauteriak, hau da, herrian oso errotuta dagoen ohitura dela azaldu zidan.

Lesakan ere antzeman nuen pertsonaiak mozorrotzea eta aurre-prestaketa lanak, erritu bihurtzen ari direla. Festaren baitan, gero eta ikusmira handiagoa sorrarazten duen unea izaten da. Egia esan, zaku zaharren kasuan kurisoa da metaformosia ikustea. Pertsona, pertsonai nola bilakatzen den alegia.

Lesaka inauteriak 2017 zaku zaharrak 01
Zaku zaharrentzako lasto prestaketa. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Hasiera batean, frontoi osteko orubean belar sorta erraldoi bat aurkitu nuen. Bertan lauzpabost lagun ari ziren, herrira jaitsitako fardeleko belarra sarde batekin askatu nahian. Arratsaldeko 17:30ak ziren belar guztia zabaldua zutenerako eta partehartzaileak ere prestatze lanetan hasiak zeuden. Hanka bakoitza zaku batean sartu eta lastoz betetzen dituzte. Gorputza ere beste zaku batekin estali eta hori ere belar lehorrez betetzen dute. Jarraian, talde boluntario batek enborra eta hankak josteaz arduratzen dira eta azkenik aurpegia zapi txuriz estali eta guraizeekin zuloak egiten dituzte begien zein ahoaren parean. 

Lesaka inauteriak 2017 zaku zaharrak 02
Zaku zaharak, pertsonatik pertsonaiara bihurtzen. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

19:30ean hasten da desfilea. Berrogeita hamar izan dira aurten atera diren zaku zaharrak. Lerro buruak eta lerro muturrekoak makil luze bat daramate; errenkadaren hasiera eta amaieraren mugak markatzeko. 

Lerroa osatu eta abiatu dira hara eta hona,  “ie-ie-ie “ohikatuz eta eskuan daramaten maskuriarekin, kale bazterretan zeuden ikusleak zirikatuz.

Lesaka inauteriak 2017 zaku zaharrak 04
Zaku zaharra kalejiran irtetzeko zain. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Bi ordu irauten duen desfilean mairuak arduratzen dira zaku zaharrak laguntzeaz eta atzetik joaten da musika banda ere.

Deigarriena zaku zaharren ibilkera traketsa egin zitzaidan, belarrak ematen dion bolumen eta gorpuzkerak zailtasunak gehitzen dizkio egoki ibiltzeko eta nor edo nor lurretik jaso beharra izan bazuten ere, edarto moldatu ziren herriko kaleak zeharkatzen.

Lesaka inauteriak 2017 zaku zaharrak 03
Zaku zaharrak ilarak prestatzen. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Lesaka inauteriak 2017 zaku zaharrak 05
Hasi da zaku zaharren kalejira. Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Ibilbidearen amaiera plazan izaten da. Plazaren albo batean dauden burdin-uztaietatik eskegitzen dira zaku zaharrak eta jendea tiraka hasten da zakuetatik eta une berezia izaten da. Zakua erauzi eta berriro ere, pertsonaia izatetik pertsona bilakatu arte.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.